Bertze migrante bat hil da Euskal Herrian: aurten zazpigarrena

Bidasoan atzeman dute ustez afrikar jatorrikoa den gizon gaztearen gorpua. Irungo Harrera Sareak elkarretaratzera deitu du gaurko

Hainbat migrante, joan den martxoan, Santiago zubian. GORKA RUBIO / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Irungo Harrera Sareak joan den astean eman zuen «alerta», eta gertatu da: bertze migrante bat hil da Bidasoa ibaia gurutzatu nahian. Atzo edizio hau ixterako ez zuten oraindik haren identitaterik emana, baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuen gizonezko gazte batena zela atzemandako hilotza, ustez jatorri afrikarrekoa. Migrazio bidean aurten Euskal Herrian hildako zazpigarren pertsona da atzo aurkiturikoa: Bidasoa ibaian edo haren inguruan lau hil dira—bi gutxienez itota, eta bat bere buruaz bertze eginda—, eta bertze hiru trenak harrapatuta hil ziren urrian, Ziburun (Lapurdi). Irungo Harrera Sareak elkarretaratzera deitu du gaurko: 12:30ean eginen dute «dolu eta salaketa» protesta, Irungo San Juan plazan. Astelehenerako giza katea antolatu dute Ipar Euskal Herriko harrera taldeekin elkarlanean: 19:00etan eginen dute, Santiago zubian.

Endarlatsa inguruan atzeman zuten atzo gazte migrantearen gorpua, Irunen, Nafarroarekiko mugan. Padel surfa egiten ari zen kirolari batek aurkitu zuen, 11:00ak aldera, eta, abisua eman ondotik, suhiltzaileak eta Ertzaintza bertaratu ziren lekura, baita helikoptero bat ere. 12:00ak aldera atera zuten gorpua uretatik, eta Donostiako Auzitegi Patologiako Zerbitzura eraman zuten, han autopsia egiteko. Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, hildakoaren identitatea bilatzea «erraztu» dezaketen hainbat dokumentu atzeman dizkiote.

Harrera Sareak atzo oroitu zuen azaroaren 8an iragarri zutela «baldintzak betetzen» ari zirela «migratzaileak Europako iparralderako migrazio bidaian beharrezkoak ez ziren arriskuak hartzera bultzatzeko». Harrera Sarearen erranetan, alde batetik, «gero eta modu zorrotzagoan itxi» dituzte Irun eta Hendaia arteko mugako pasabideak, eta, bertzetik, Irunera «pasaeran iristen den pertsona talde bati eskaintzen zaion harrera eskasa» da: «Egun, Irungo zerbitzurako sarrera baimentzen eta kudeatzen dutenek bakarrik ezagutzen dituzten irizpideak ez dituzte betetzen». Gaitzetsi dutenez, asteon «gutxienez» hamar pertsonari ukatu diote Gurutze Gorrirako sarbidea, eta etxeetan hartu dituzte, «diru publikoz Gurutze Gorriak kudeatzen duen [Espainiako] Barne Ministerioaren zentroan tokia egonik». Deitoratu dute erakundeak migranteen bizitzekin «jolasten» ari direla, «Frantziara iristeko eta haren ertza 100 metrora ikusita duten etsipenaren baitan»: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo Udala aipatu dituzte espresuki. «Kalean lo egin behar izatearen perspektibaren aurrean igerian pasatzeko arriskua hartzera laguntzen ari dira; izan ere, behin eta berriz esaten dugu pertsonekin jolasten dutela elkarlanerako zantzurik gabe erakunde bakoitzaren irizpide eta eskumenetan babestuz». Eskatu diete «gehiago» egiteko.

Europari eskea

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jose Antonio Santano Irungo alkateak Europari egin diote soluziorako galdea. Legarreta: «Zoritxarrez, halako gertakariak pasatu egingo dira Europak pasaeran dauden pertsonentzat bide seguruak sortzen ez dituen bitartean». Olanok «borondate politiko irmoa» eskatu dio Europari, eta adierazi du «migratzaileen errealitateari ahalik eta erantzun egokiena» emateko «lankidetza estuan» jarraituko dutela gainontzeko erakundeekin. Santanok eskatu du «birplanteatu» daitezela «mugako kontrolak», migranteak «bizitza arriskuan» jartzera bultzatzen baitituzte. Frantziako Gobernuari ere egin dio eskaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.