Bertso bat eta hiru habanera

Iritzi zutabegileen lanaz, zalantzez eta erronkez hausnartu dute Onintza Enbeitak eta Xabier Payak, BERRIA Komunikazio Eskolan. Azken eguna du gaur ikastaroak. Bideoa albiste amaieran.

Gurutze Izagirre, Xabier Paya eta Onintza Enbeita, atzo, Miramar jauregian egindako ikastaroan. JON URBE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Donostia
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Irakurleak iritzi bat hartzera bultzatu behar dituzte iritzi emaileek. Hala dio teoriak. Duda egin du, ordea, Onintza Enbeita Maguregik: «Bagara nor?». Iritzia eman ez ezik, sortu ere egin behar dutela erantzun du Xabier Paya Ruizek: «Ahalegindu beharko genuke lehenago eman ez den zerbait eskaintzen, puntu desberdin bat planteatzen». Hausnarketa bideratzen, Enbeitak osatu duenez: «Iritzia sortzea ez da hain erraza, jendeak nahiko eraikita daukalako berea. Horregatik, gogoeta eragitea lortzen badut, ni konforme. Irakurlea nirekin ados egon ez arren, zutabeak zer pentsatua ematen badio, nire lana beteta egongo da». BERRIAn iritzi emaile dihardute biek: Enbeitak, egunero, Bira atalean; Payak, bi astean behin, Arkupean espazioan. Lan horien inguruan mintzatu ziren atzo, BERRIA Komunikazio Eskolan, EHUko Udako Ikastaroen barruan, Gurutze Izagirre Iritzia saileko arduradunak gidatuta.

Irailean, ikasturtea hastearekin batera egin ohi dute gogoeta iritzi emaileek: zer gairi buruz idatzi? Enbeitak zerrendatxo bat egina dauka kezka iturri nagusiekin: «Nekazaritza, herri honek duen paralisi emozionala eta feminismoa; ordenagailuaren alboan hiru gai horiek ditut paper batean: nik kontatu nahi dudana». Euskarari eta kulturari buruz idazteko hautua egina du Payak, baina beste ikuspegi batetik: «Iaz erabaki nuen distopiak idatziko nituela, XXI. mende bukaeratik hitz eginda, umorez. Aurten, kontrakotasunei buruz aritu naiz». Anekdotetatik edaten du Enbeitak: «Ez du inporta nori gertatu zaizkion, baizik eta zergatik». Ildo berean, «bele eta belaki» ibiltzen da Paya: «Ingurukoek esaten dutena harrapatzen eta gordetzen».

Antzera aritzen dira aldagai batzuetan, baina oso bestela hainbatetan. Bien egitekoen artean alde nabarmenak baitaude, besteak beste, maiztasunari edota testuaren luzerari dagokienez. Labur mintzatu behar da Enbeita: «1.200 karakteretan, hasiera bat dago, eta amaiera bat, baina ia gorputzik ez: aldeko eta kontrako argudioak emateko lekurik ez dago; eta irakurlea ere ez doa goi mailako literaturaren bila». Iritzia sortzean ez ezik, jasotzean ere bada aldea, Payaren arabera: «Irakurri aditza motz geratzen ari zaigu; ingelesez beste kontzeptu batzuk sortzen ari dira: scanning [azkar irakurri], skimming [gainetik irakurri]... Izan ere, jendeak ez du berdin irakurtzen 1.200 karaktereko testu bat eta 3.600eko bat; emozionalitatea, postura... dena oso desberdina da. Azken batean, 1.200 karakterekoa bertso bat da, eta 3.600ekoa, hiru habanera».

Autozentsuraren arriskua

Esker oneko mintzatu dira biak. Enbeitaren arabera, «oparia» da egunero iritzi artikulu bat argitaratzea BERRIAn: «Guztiok ez daukagu aukera gure hizkuntzan eta egunkari nazionalean norbere kezkez idazteko». Egunero idazteak «zailtasunak eta kezkak» ekar ditzakeela onartu du, baina nabarmendu du irakurleen fideltasuna handiagoa dela: «Aukera ematen dizu ez asmatzeko, bihar biribiltzeko».

Feedback handiagoa ere badu, onerako zein txarrerako: «Gaur egun edonork eman dezake iritzia, filtrorik gabe eta anonimoki». Iritzia ematearen alde gazia dakar horrek: «Egunero idaztea pixka bat biluztea da; onartu behar duzu jende asko ez dela ados egongo, eta eztabaidarako prest egon behar duzu, baina feedbacka oso agresiboa izan daiteke, eta injustua, zure aurka ari baitira, ez zure iritziaren aurka. Horren alde txarra da autozentsura: esango nuke izen-abizenekin iritzia ematen dugun guztiok zentsuratu dugula inoiz geure burua, bueltan etorriko denak ez duelako konpentsatzen». Bat etorri da Paya: «Jorratutako gai batzuetan nolako erasoak jasan ditudan ikusita, ez nago prest gai batzuez idazteko. Tristea da, baina balantza zaila da, eta erabaki behar dugu zer kontatu nahi dugun publikoki. Nik muga horiek pixkanaka aztertu ditut, baina nahiko argi ditut».

Dena den, Payak ere «ohoretzat» du euskarazko kazeta nazionalean idaztea, baina erantsi du erantzukizun handia ere badela: «BERRIA ez da egunkari soil bat: hizkuntza proiektu bat da. Kazetariek pentsatu behar dute hau nola esan eta hura nola adierazi, Euskaltzaindiak arauak egin baino lehen. Ez dute bakarrik kazetaritza egiten: beste hainbat hizkuntza erakundek egiten dituzten lanak ere beren gain hartu behar dituzte».

Hain justu, ez ditu albo batera utzi bere lan tresnak, hizkuntzak, eragiten dizkion kezkak, eta hausnarketa proposatu du «euskara batuaren kortsearen» inguruan: «Onintza Enbeitak eta nik oso desberdin hitz egiten dugu, baina, idatzira joanda, ez gaude hain urruti; idatzian antzekoak gara denak, estilo eta erregistro beretsuak ditugu. Uste dut gogoeta bat merezi duela, eta hurrengo ikasturterako erronkari hortik helduko diot: zuzentzaileak mareatuko ditut, eta saiatuko naiz mugei eta marra gorriei buelta bat ematen».

Gaur, euskara eta literatura

Aurten bigarren urtez antolatu dute BERRIA Komunikazio Eskola, EHUren Udako Ikastaroen barruan. Atzo, Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariak aurkeztuta, Kristina Berasain Tristan eta Arantxa Iraola kazetariek ireki zuten ikastaroa, erredakzioko eguneroko lanaz aritzeko. Gaur, berriz, lehenik, BERRIAko Euskara taldearen lanaz mintzatuko dira Irene Arrarats arduraduna eta Maialen Berasategi zuzentzailea; gero, literaturaren eta kazetaritzaren arteko mugak eta uztarketak aztertuko dituzte Anjel Lertxundi idazleak eta Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak.

[youtube]https://youtu.be/bPvLKtx8ox0[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.