Abuztuaren 23an gertatutako sexu eraso bat hizpide izan zuen Bertizaranako Udalak (Nafarroa), iragan ostiraleko osoko bilkuran. Narbarteko kontzejuko jaietan, sexu erasoa salatu zuen emakume batek, eta, horren ostean, udaleko zinegotzi bat atxilotu zuen Foruzaingoak, salaketa horrekin lotuta. Atxilotuak epailearen aurrean deklaratu ostean, behin-behineko erabaki judizialaren zain dago auzia.
Erasoaren ondorengo egunetan, dozenaka lagun kalera atera dira Narbarten, gertatutakoa salatzeko, eta esku har dezan galdegin diote udalari. Eskaera horrekin bat egin du udalbatzak ere: ostiraleko osoko bilkuran, Bertizaranako Udalak «babes osoa» adierazi zion erasoa pairatu zuen emakumeari, eta «behar den guztian laguntzeko» prest azaldu zen. Hautetsiaren «berehalako dimisioa» ere eskatu dute udal taldeek, «sexu erasoarekin zerikusia» duelakoan. Adierazi dute, gainera, zinegotziak dimisioa emanen ez balu, udalak «kargua uztera behartuko» lukeela.
Diario de Navarra berripaperaren arabera, salatutako zinegotziak kargua uzteko asmoa adierazi dio jada Andres Etxenike alkateari (Bertizaranako Taldea).
Adierazpen instituzionala
Adierazpen instituzional bat ere adostu dute udal taldeek, eta ikusgai paratu dute Bertizaranako Udalaren webgunean. Agirian, udalak gogor gaitzetsi ditu bai Narbarteko erasoa bai «edozein pertsonaren aurkako edozein sexu indarkeria» mota. Horrez gain, babes osoa adierazi dio erasoa salatu zuen emakumeari: «Kalea, gaua, eguna, pertsona guztien gozamenerako eta dibertsiorako dira, eta ezerk ez du justifikatzen pertsonek beren askatasuna eta segurtasuna galtzea».
Indarkeria matxista errotik erauzteko xedez, zenbait neurri sustatzeko konpromisoa ere hartu du Bertizaranako Udalak. Besteak beste, sentsibilizazio eta prebentzio neurriak aplikatuko dituzte, eta «berdintasun politikak» indartuko dituzte, «pertsonek jasaten duten edozein indarkeria motaren aurrean, guztiek segurtasunez eta askatasunez bizitzeko eskubidea» bermatze aldera.
Besteak beste, sexu erasoen aurka jarduteko protokolo bat sustatuko du Bertizaranako Udalak, Malerrekako Mankomunitatearekin eta Narbarteko, Legasako eta Oieregiko kontzejuekin elkarlanean.