Euskal Herrian jaiotakoek euskarari eta etorkinei buruz dituzten diskurtsoak aztertu ditu Leire Amenabar (Larrabetzu, Bizkaia, 1997) EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko doktoretza aurreko ikerlariak. Bere ikerketa lerroaren berri eman zuen joan den astean Euskalgintzaren Kontseiluak Gasteizen antolatutako Ongi etorri euskararen mundura jardunaldietan.
Euskal Herriak egiten al die harrera etorri berriei?
Gaitza egiten zait horri erantzutea. Irudipena da ezetz, ezetz guztiz, eta horregatik erabiltzen dut jendarte hartzailea kontzeptua; hartzen ari gara, eta badaude baliabide batzuk, baina ez dago informaziorik beraiek baliabide horietara iristeko; ez zait inporta erroldarako aukerak diren edo euskaltegira joatekoak.
Ez da makala egin duzun galdera: Euskal Herria nola izan daiteke harrera herri euskalduna?
Hor beste galdera batzuk sortzen dira. Batetik, nola izan harrera herri; bestetik, nola izan herri euskalduna; eta, gero, galdetu beharko genuke ea nork nahi duen, eta zein baldintzatan nahiko genukeen. Nik uste dut gutxiengoen arteko aliantzak gerta daitezkeela. Linguistikoki, jatorri atzerritarreko pertsonen talde bat —erdal hiztunak ez direnak— eta gu, euskal komunitatea, gutxituak gara administrazioan; orduan, pentsatzen dut ulerkera horretatik eta narratiba partekatu horretatik sortu daitezkeela aliantzarako estrategia egoki batzuk.
Bertan jaiotakoei egindako galdeketak izan dituzu zure lanaren oinarri. Esan zenuen galdetutako pertsonen %50ek eskatzen dietela etorkinei euskara erabiltzeko, baina, aldi berean, %21ek onartzen dute beraiek erabiltzen dutela. Ez al da datu kontraesankorra?
Egia esan, bai. Gero, horri gehitzen zaio kulturarteko harremanen aldagaia: %30ek bakarrik dituzte egunerokoan harremanak jatorri atzerritarra duten pertsonekin, bai familian, bai lagunartean edo lanean. Orduan, ez gaude haiekin harremanetan; [euskara] guk ez dugu erabiltzen, eta beraiek ikastea nahi dugu; kontraesan pila bat ikusten ditut, eta badago zer landua.
«Ez dugu [etorkinekin] harremanik; [euskara] guk ez dugu erabiltzen, eta beraiek ikastea nahi dugu»
Aldi berean, esan duzu euskara gehiago erabiltzen dutenek harreman gehiago dituztela jatorri atzerritarreko pertsonekin, ezta?
Bai. Eta harrigarria egiten zait, sentitzen baitut ez dela horrela irakurria. Euskal komunitatea ikusezina da harreman horietan, ez dakit hizkuntzagatik den edo diskurtsoengatik, baina harritu egin ninduen. Beraz, badirudi aukera dagoela trukerako.
Lau diskurtso nagusi atzeman dituzu euskarari eta etorkinei buruz hitz egiten dutenean. Zeintzuk?
Lehenengoa zailtasunen diskurtsoa da; diskurtsoen %35 dira. Esaten dute euskara ikastea oso zaila dela. Arrazoitzen dute esanez baliabide falta dagoela, baina hizkuntza bera ere konplexua dela diote. Bigarrena: laguntzena eta ikastaroena. Euskal identitatean eta euskaran puntuazio handia dutenek esaten dute laguntza eta ikastaro gehiago eskaini behar direla; ordea, euskal nazionalitatean puntuazio txikia dutenek esaten dute ikasteko laguntzak etorkinei ematen dizkietela, baina autoktonoek ez dauzkatela aukera berak. Hirugarrena beharrezkotasunari eta obligazioari buruzkoa da. Euskal identitate nazionalean puntuazio txikia dutenek, ideologikoki eskuinekoak direnek eta goi klasekoek esaten dute euskararen beharra inposizio bat dela. Baina, gero, euskaraz bizi garenok beharrezkotasuna ikusten dugu, euskara ikasi behar dutela immigranteek. Azkena integrazioaren diskurtsoa da: diskurtsoen herenak dira. Hauek esaten dute euskara tresna bat dela gizartearen parte izateko, aktibo izateko, eta, gainera, balioa ematen diete jatorri atzerritarra daukatenek dakarten aberastasunari. Hauek euskal nazionalitatean puntuazio handia dute, eta behe klasekoak dira.
Euskal identitate nazionalak nola eragiten du etorkinen gaineko diskurtsoan?
Ez naiz bereziki sartu horretan, baina, ematen duenez, euskal identitate nazional handia dutenek jarrera positiboak dauzkate. Diskurtsoetan behintzat, euskal identitate nazionalean puntuazio handia dutenek daukate diskurtso hori.
«Ematen duenez, euskal identitate nazional handia dutenek jarrera positiboak dauzkate [etorkinen inguruan]»
Eta euskararen erabilerak?
Ez da harreman esanguratsurik aurkitu diskurtsoetan; bakarrik laguntza eta ikastaro gehiago eskaini behar direna dioen diskurtsoan, diskurtso hori euskaraz hitz egiten dutenek baitaukate.
Azaldu duzunez, oro har, diskurtso ezkorrak dira. Nola eragiten du horrek jarrera linguistikoetan?
Ez dakit, ez baititut jarrera linguistikoak aztertu. Baina oso ezkorrak dira, bai hiztun komunitateari begira, bai hizkuntzari berari begira. Nik pentsatzen dut jarrera negatiboak eragingo dituela. Etengabe ari bagara gure hizkuntza oso zaila dela esaten eta zein zailtasun dauden azpimarratzen, ba, ez dut uste horrek gogo handirik pizten duenik lanerako.
Harrera gizarte izateko, zein ildotatik jo beharko litzateke?
Nire ustez, gutxiengoen arteko aliantza bideak topatu beharko lirateke, jakinda gu zer posiziotan gauden, eta ez hizkuntzari dagokionez bakarrik, baita beste aldagai soziodemografiko batzuei dagokienez ere.