Bertan behera utziko dituzte Hezkuntza Sailak eta Serunion catering enpresak dituzten kontratuak

Otsailaren 5etik aurrera, «sektoreko enpresek» emango dute orain arte Serunion catering enpresaren esku zegoen zerbitzua.

Jangela duinen alde
Jangela zerbitzu duina eskatzeko protesta, Hernanin, abenduan. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urtarrilaren 24a
12:24
Entzun

Dura, Zigoitia, Murgia (Araba), Hernani (Gipuzkoa)... Zenbait herritako ikastetxeetako jangeletan arazoak izan zituzten joan den urtearen amaieran Serunion catering enpresarekin: harrak agertu ziren bazkarian, «janari hondatua» zerbitzatu zuten... Orain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, Serunion SA enpresarekin erabaki dute otsailaren 5etik aurrera bertan behera uztea jangela zerbitzua emateko sinatutako kontratuak. Kontratu eteteak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamazazpi ikastetxe publikotan izango du eragina.

Hezkuntza Sailak ohar bidez azaldu duenez, bi aldeen arteko «desegite akordioa» da, ikasturte honetan ikastetxe jakin batzuetako jangeletan arazoak izan ondoren etorria: «Gertakari horiek ikusirik, Hezkuntza Sailak irekita dauzka zenbait espediente, eta, gertakari horiek gizartean izan duten eragina ere kontuan hartuta, enpresak uko egin die ikastetxe publikoetan jantoki zerbitzua emateko azken lizitazioan lortu zituen kontratuei».

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak prentsaren aurrean ere eman ditu azalpenak. Haren esanetan, haientzat «familien eta ikasleen ongizatea» da garrantzitsuena, eta horregatik hartu dute erabakia: «Ematen ari zen zerbitzuak bazituen nolabaiteko akats handi batzuk. Guztiontzat onena izan da zerbitzu hori bertan behera uztea».

Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek aztertu dute Serunion enpresaren eskaera, eta Hezkuntza Sailak kontratuak desegitea erabaki du, «alde biek adostuta». Baina haurrak ez dira jangela zerbitzurik gabe geratuko; otsailaren 5etik aurrera, «sektoreko enpresek» beren gain hartuko dute Serunionek orain arte kudeatzen zituen lau sailetan zerbitzua ematea. «Hala, ziurtatuko da ikasle guztiek jantoki zerbitzua bermatuta edukitzea». Hain zuzen, Bildarratzek zehaztu duenez, Ausolan, Goñi eta Tamar catering enpresei adjudikatu dizkiete orain arte Serunionek eman dituen zerbitzuak.

Aurretik zigorra

Kontratuak bertan behera utzi aurretik, Hezkuntza Sailak Serunionen kontrako erabakiak hartu zituen. Hain zuzen, Bildarratzek azaroaren amaieran azaldu zuenez, Arabako hiru herritako —Dura, Zigoitia eta Murgia— ikastetxeetatik eman zieten «intzidentzien» berri, eta, horrenbestez, hiru espediente zabaldu zituzten. Bi espedientek ondorio ekonomikoak izango zituztela iragarri zuen: Durako Ikasbidea ikastolako kasuagatik 40.000 euroko zigorra jarri zieten, eta 25.000 eurokoa Hernaniko Langile ikastolakoagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.