Nafarroako 0-3 plataformak gaur arratsaldean eman du berria: Nafarroako haur eskoletan 60 egun zeramatzaten greban, baina ez jarraitzea erabaki dute: «Gure lan prekaritateari greban daramatzagun bi hilabeteak gehitu zaizkio, eta jada biziraun ezin duten langile asko daude», iragarri dute agerraldi batean. Alegia, greba ez dute bertan behera utzi Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren proposamenarekin bat egiten dutelako. Kontrakoa: hura deitoratzen dute oraindik ere. «Oraingoz ez ditugu gure helburuak lortu, baina talde bezala lortu dugun batasuna eztabaidaezina da».
Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu dute langileek. Haien irudiko, 60 egunotan argi geratu da ez dutela «borondate politikorik» eduki haur eskoletako langileen prekaritatea konpontzeko, ezta umeen duintasunari erreparatzeko ere. «Europak arrazoia ematen digu, baina gobernu honek ogi apurrekin erosi nahi gaitu. Gure duintasuna ez dago salgai; ezin da horrekin tratuan aritu, baizik eta ematen da edo ez da ematen». Politikariekin «dezepzionatuta» agertu dira, «ez daudelako ordezkatzen duten Nafarroako gizartearen mailan».
Greba bertan behera laga arren, plataformako kideak ez daude geldirik egoteko. Orain arte egin duten bidea goraipatu dute: «Nafarroako gizartearen zati handi baten babesa jaso dugu, haur hezkuntzako lehen ziklo duin bat exijitzeko». Eta ohartarazi dute itzuliko direla: «Gure zikloari irtenbide integral bat ematen ez bazaio, sendoago itzuliko gara».