Joan den maiatzean Gasteizko Epaitegiak hiru urteko espetxe zigorra eta 2.800 euroko isuna ezarri zizkion Gasteizko Udaleko EH Bilduren eledun ohi Miren Larrioni estatu zibilaren usurpatze, ebasketa arin eta dokumentu faltsutze delituak egotzita. Espetxealdia lan komunitarioekin aldatzea adostu zuten aldeek orduan, eta hala ebatzi du orain Roberto Ramos epaileak, auto batean: bertan behera utzi du espetxe zigorra, Larrionek aurrekari penalik ez duela argudiatuta. Espetxe zigorra bertan behera utzita, lan komunitarioak egin beharko ditu EH Bilduko zinegotzi ohiak: 250 egun egin beharko ditu lan komunitarioetan, eta Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen zerbitzu batek erabakiko du zein lan egin beharko duen.
Epaileak ostiralean kaleratu zuen epaia, eta gaur jakinarazi da. elDiario.es hedabideak eman du autoaren berri, eta, bertan jasota dagoenez, espetxe zigorra bertan behera uzteko arrazoi nagusia da Larrionek lehen aldiz egin duela delitua, eta dagoeneko kalte ordaina ordaindua diola biktimari –50 euro–. Horrez gain, epaileak kontuan hartu du nahasmendu psikikoko aringarria, eta frogatutzat jo dutela Larrionek arta psikologikoarekin jarraitzen duela.
Maiatzean kaleratutako ebazpenaren arabera, 2020ko abendua eta 2021eko otsaila bitarte izan ziren gertakariak. Larrionek koaliziokide baten diru zorroa hartu zuen haren identitatea «ordezteko asmoz», eta, besteak beste, telefono linea bat kontratatu eta banku kontu bat ireki zituen haren izenean. Izatez, azken hori kudeatzeko koordenatuen txartel bat eskuratu ostean atxilotu zuten. 2021eko otsailaren 22an izan zen hori. Epaileak, gainera, frogatutzat jo du politikari ohiak bere «itxura fisikoa moldatu» zuela bankura joatean.
Era berean, epaileak frogatutzat jo du Larrionek «estres eta antsietate nahasmendu bat» jasan zuela, eragina zuena «haren borondate eta adimen gaitasunetan». Hala, fiskaltzarekin lortutako akordioa dela medio, urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten estatu zibilaren usurpatze delituagatik —mozorrotu izanaren larrigarriarekin—, eta bi urteko beste bat dokumentuak modu jarraituan faltsutzeagatik.
Larrionek iazko otsailean utzi zuen zinegotzi kargua, eta eginiko «akatsa» onartu zuen. Duela hilabete, berriz, sare sozialen bidez berretsi zuen «akats bat egin eta aitortu» zuela: «Une hartan, ez nintzen jabetzen kide baten izenean bankuan kontu bat irekitzea, akats bat ez ezik, laguntza eskatzeko oihu bat ere bazela».