Bilboko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren bi epaitegiek neurri bat jarri zuten indarrean orain dela hilabete: akusatuak, lekukoak eta abokatuak elkarrengandik bereizteko koloretako eskumuturrekoak eta itsasgarriak jartzera behartzea. Biktimak babestu nahi zituen, epaitegian biktimek eta akusatuek topo egitea saihestuz. Gaur, ordea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du neurri hori.
Uztailaren bukaeran neurria indarrean jarri ostean, Bizkaiko Abokatuen Elkargoak kexa bat aurkeztu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Neurri horrek ikertuak izaten ari diren pertsonak «seinalatu» egiten dituela salatu zuten: «Gehiegizkoa eta alferrikakoa da, juridikoki eta etikoki gaitzesgarria, eta zuzenbideko estatuaren printzipioen aurka doa».
Espainiako Abokatuen Kontseilu Nagusia ere neurria ezabatzearen alde agertu da, «lanbidearen duintasunaren kontrako atentatua» dela argudiatuz.
Horrez gain, Bizkaiko abokatuen erakundeak adierazi du biktimak babesteko neurria onartu zela «akusatuen errugabetasun presuntzioa eta profesionalen duintasuna kontuan izan gabe».
Bildu egingo dira
Bereizgarri hori jasotzeko, Justizia jauregiko laugarren solairura joan behar zuten. Haren kolorearen eta formaren arabera, esanahia ezberdina zen. Biktima neurri horretatik kanpo geratzen zen, bere intimitatea babesteko. Itsasgarria eraman nahi ez zuten abokatuek aukera zuten euren txartel pertsonala erabiltzeko; betiere soinean eramaten bazuten.
Edonor joan daiteke laugarren solairura, eta, horregatik, abokatu batzuk kexatu egin ziren, «kasuarekin zerikusirik ez duen edonork» ikus zitzakeelako haiek eta haien bezeroak. Neurriak euren intimitatea urratzen zuela argudiatu zuten.
Bizkaiko Abokatuen Elkargoak gaur baieztatu du itsasgarrien neurria bertan behera geratu dela, eta hala jakinarazi die elkargoko abokatu guztiei. Gehitu du laster eragile juridiko guztiak bilduko direla —elkargoa, epaitegiak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Saila—, «arazo horri ahalik eta erantzunik onena emateko».