Irungo alardea

Bertan behera utzi dute Irungo alarde parekidea

Ekainaren 30ean zen egitekoa aurtengo desfilea, baina ez ateratzeko erabakia hartu dute, «koronabirusak eragindako osasun krisia» dela eta.

Irungo Alarde parekidearen iazko desfilea. JON URBE / FOKU
2020ko apirilaren 24a
19:42
Entzun

Ekainaren 30ean zen egitekoa Irungo alarde parekidearen desfilea, baina, COVID-19ak eragindako egoera kontuan izanik, aurtengoa bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Erabaki horrekin, aurrea hartu diote Irungo Udalari. Izan ere, instituzio hark ez du oraindik festen inguruko erabakirik hartu. 

«Koronabirusak eragindako osasun krisia» eta «pandemiaren aurka martxan diren neurriak» dira ezeztapenaren arrazoia, antolatzaileen arabera. Egun indarrean dauden segurtasun neurriek —besteak beste, pertsonen artean bi metroko tartea uztea— ezinezko egiten dute desfilea gauzatzea.

Komunikatu baten bidez, alarde parekideko batzordeak «elkartasuna» adierazi die COVID-19aren biktimei eta horien senideei. Era berean, eskerrak eman dizkiete «lehen lerroan» lanean ari direnei, bai osasungintzako beharginei, bai «gure beharrak asetzen laguntzen digutenei».

Azaldu dute egungo «ziurgabetasun» egoeratik ateratzeko beharrezkoa den «ahalegin kolektiboa» babesteko garaia dela: «Denon ardura da gure jarrerarekin laguntzea eta zer egin jakitea». Horregatik, desfilea egin ezinak eragindako pena «energia» bilakatzeko deia egin dute, gizarte «solidario eta parekide» baten alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.