Bertan behera utzi dute inkesta

Paxkal Indo Seaskako presidentea eta beste pertsona bat galdekatu ondoren, inkesta bertan behera utzi du Poliziak

Seaskak elkarretaratzea egin zuen Baionako polizia etxearen aitzinean, sostengua adierazteko galdekatuei. A.R.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak bertan behera utzi du suprefeturaren aurka arrautzak jaurtitzeagatik hasi zuen inkesta. Paxkal Indo presidentea eta gazte bat galdekatu zituen atzo Baionako polizia etxean. Ordubete pasa iraun zuen galdeketak. Kanpoan, 50 pertsona inguru «Seaskak pairatzen duen jazarpena» salatzeko. Eskuetan, joan den ostiralean plazara atera zuten banderola bera: «Lege bat ikastolentzat».

Otsailaren 1ean Seaskak manifestazioa egin zuen Baionako Suprefetura aitzinean, pairatzen duen egoera salatzeko. Manifestazioan jendeak arrautzak jaurti zituen estatuaren egoitzaren aurka. Manifestazioa bukaturik eta jendea joaten hasia zelarik, Poliziak jende talde txikiak inguratu, eta nortasun agiriak eskatu zizkieten. Ez zieten horren arrazoia azaldu. Astebete pasatu ondoren, Indok eta bi gazte adingabek Poliziaren hitzordua jaso zuten etxean. Deialdian ez zen arrazoirik aipatzen.

Seaska sostengatzera jindakoen txaloen artean sartu ziren Indo eta gaztea Baionako polizia etxera atzo. Oren baten buruan itzuli ziren. «Material zaharkitua dute, ordenagailuak matxuraturik, inprimagailuak ez aitzina ez gibel», azaldu zuen Indok, galdeketa luzearen arrazoia argitzeko. Baina labur jakinarazi zuen Poliziaren inkestak ez duela gerorik izanen. «Ez dutela elementurik, eta bertan behera gelditzen dela inkesta». Hiru pertsonen aurkako inkesta itxi egingo du Poliziak.

Legearen lema

Aspaldian murgiltze ereduari egokitutako lege geriza eskatzen du Seaskak. Hori da, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioaren arabera, egun pairatzen dituen auzibideak saihesteko bide bakarra. Patrick Dallennes Baionako suprefetak Hendaiako ikastola berria egiteko deliberoa auzira eraman zuen. Auzitegi Administratiboak arrazoia eman dio suprefetari, eta Hendaiako Herriko Etxearen deliberoa indargabetu du. Ildo berean, Beskoitzeko (Lapurdi) Herriko Etxearen deliberoaren aurka ere jo du suprefetak. Beskoitzek herriaren lurretan ikastola plantatzen utzi nahi zion Seaskari, alokairu apal baten truke.

Falloux legeak debekatzen du diru publikoa ematea eragile pribatu bati. Laikoa izan arren, eragile publiko baten funtzioa bete arren, Seaska eragile pribatutzat hartzen du legeak, eta, ondorioz, herriko etxeek ezin diote egoitzarik edo lurrik utzi Seaskari. Ataka bakarra utzi dute zabalik suprefeta eta prefetak: merkatuko prezioan alokatzea eta egoitzak edo lurrak saltzea.

Indok usu gogoratu du Seaskaren helburua ez dela eredu pribatu batena eta ez dela haren xedea jabetzak biltzea. «Diru mailan ezinezkoa litzateke, eta, gainera, ez da Seaskaren filosofian sartzen». Seaskak funtzio publiko bikoitza duela gogoratu du: batetik, hizkuntza politikaren eragile nagusi gisa, eta, bestetik, hezkuntza arloan.

Zirkularra eta legea

Seaskaren egoera bideratzeko asmoz gatazka «gainditzeko» zirkularra plazaratuko zuela agindu zuen prefetak. Oraindik ez du argitaratu. Alta, zirkularraren funtzioa legeak aipatzen duena biltzea da. Seaskak duen arazoa bikoitza da, ordea. Batetik, Falloux legearen interpretazio zorrotza, eta bertzetik, murgiltze ereduaren garapena bermatzeko lege gerizarik eza.

Zirkularrak ez duela deus aldatuko dio Seaskak. Suprefetak 2013ko urtarrilean abiatu zuen Hendaiako xedearen aurkako auzibidea. Seaskak dituen ikasleen %90 eta egoitzen %80 Falloux legearen jomugan daude. Egoera hori jasanezina dela dio Seaskak, eta murgiltze ereduen garapena bermatuko duen legearen premia aldarrikatzen du, lehentasunez. Iaz 3.000 ikasleren heina gainditu zuen Seaskak, eta urtero 150 eta 200 ikasle gehiago ditu, 31 egoitzatan banaturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.