Bertan behera utzi dute epaiketei buruzko hitzaldi bat

Permachek eta Elkanok Madrilen egin behar zuten solasaldia ez egitea erabaki dute, «presioak» direla eta

Erredakzioa
2014ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Antolatzaileek bertan behera utzi zuten Joseba Permachek eta Amaia Elkanok epaiketa politikoen inguruan atzo Madrilen eman behar zuten hitzaldia, Espainiako Gobernuko ordezkariak hura debekatzeko eskaeraren eta hainbat hedabidek egindako «presioen» ondorioz. Epaiketa politikoen aurkako Madrilgo plataforma batek antolatu zuen ekitaldia, baina plataformak berak erabaki zuen deialdia bertan behera uztea. Plataformako kideek ohar batean salatu zutenez, Espainiako Gobernuko ordezkaritzak, hainbat hedabidek eta «talde faxista» ugarik «presioa» egin diete. Hala, auzipetuei «prozesu judizialean kalte ez egiteko eta haien osotasun fisikoa arriskuan ez jartzeko» erabaki zuten hitzaldia ez egitea.

Bi hizlarik parte hartu behar zuten hitzaldian: Joseba Permachek, 35/02 sumarioko kide gisa, eta Amaia Elkanok, 26/11 sumarioko inputatu gisa. Madrilgo Lavapies auzoko Potemkin Zentro Sozial Okupatuan egitekoa zen saioa.

Espainiako hedabide ugarik eman dute hitzaldiaren berri, eta Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkari Cristina Cifuentesek igandean iragarri zuen hitzaldia debekatzeko eskatuko zuela, bertan «terrorismoa goratu» zitekeela iritzita. Hala egin zuen atzo bertan Estatuko Fiskal Nagusiaren aurrean: ekitaldia debekatzeko eskatu zion, Zigor Kodearen 578. artikulua urratzen zuela argudiatuta. Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidenteak salaketa babestu zuen.

Hori hala, hitzaldia bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek, eta bi arrazoi eman zituzten erabakia azaltzeko: bata, epaiketen prozedurak «arriskuan» ez jartzeko, eta, bestea, antolatzaileen aurkako saioak saihesteko.

«Askatasun falta» eta «demokraziarik eza» ere kritikatu dute plataformako kideek: «Epaiketen inguruan informazioa ematea eta inputatuei [Espainiako] estatuko hiriburuan hitza ematea auzitan jartzeak erakusten du askatasunen eta demokraziaren erabateko gabezia». Iragarri dutenez, aurrerantzean lanean jarraituko dute «epaiketa politikoak» salatzen.

Auzipetuen salaketa

Euskal herritarren kontrako epaiketen harira Madrilen egitekoa zen hitzaldia bertan behera utzi ondotik, epaitzen ari diren 35/02 eta 26/11 sumarioetako auzipetuek ohar bat kaleratu zuten Auzitegi Nazionalean. Salatu zutenez, «ultraeskuineko hedabide batzuek probokaziotzat» hartu dute ekitaldia, eta giroa «berotu eta tenkatu» nahi izatea leporatu zieten.

Debeku eskaeraren inguruan, galdera hau egin zuten auzipetuek: «Non daude adierazpen eta biltzeko askatasuna?». Haien ustez, debeku eskaeraren eta hainbat talde ultraeskuindarren mehatxuen helburua da «diskurtso eta errealitate bat ezkutatzen jarraitzea, Espainiako gizarteak horren berri izan ez dezan». Halaber, ekitaldiaren antolatzaileei eskerrak eman zizkieten: «Ekitaldia antolatzea eta bakearen etsaiei nahi zuten oparia ez ematea eskertzen diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.