Hil honen hasieran Ibon Aginaga Imazek salatu zuen Ertzaintzak bi isun ipini zizkiola, autoko matrikulan EH jartzen duen pegatina eramateagatik. Aginagak alegazioa jartzea erabaki zuen, eta, BERRIAri jakinarazi dionez, iritsi berri zaio erantzuna: bi isunak bertan behera utzi dizkiote. 400 euro ordainarazi nahi zizkioten guztira.
Aginagak azaldu zuenez, autoko bi matrikuletan EH dauka jarrita. Irailaren 16an, Ertzaintzak kontrol batean geratu zuen, eta orduan jarri zizkioten bi isunak: bat, matrikulagatik; bestea, berriz, isuna euskaraz egiteko eskatzeagatik. Orain, bata zein bestea bota dizkiote atzera.
Antzeko kasuak gertatu izan dira; azkenean, baina, 2022an, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak gutun bat bidali zion autoan GZ letrak edukitzeagatik zigortutako galiziar bati; adierazi zioten isunak kenduko zizkiotela, hark egindakoa ez zelako zigortzeko modukoa legearen arabera. Izan ere, legeak zehazten du ezin direla matrikulan jarri hura «irakurtzea edo identifikatzea galarazten edo zailtzen duten oztopoak». Kasu hartan, Madrilek ebatzi zuen ez zela halakorik gertatzen. Horri heldu zion Aginagak, helegitea jartzeko.