Bihar eta etzi ez da grebarik egongo Haurreskolak partzuergoan. LABek, Steilasek eta ELAk egina zuten deialdia, baina atzo LABek iragarri zuen —gehiengoa dauka— partzuergorako lan hitzarmen berria izenpetu duela Eusko Jaurlaritzarekin. Steilasek eta ELAk ez dute dokumentua sinatu, baina haiek ere bertan behera utzi dituzte deialdiak; ELAren esanetan, LABek gehiengoa duenez «legez kanpokoa» litzateke grebak egitea.
Ikusi gehiago
Steilasek eta ELAk akordioa ez sinatzeko arrazoiak aletu dituzte. Steilasen arabera, zera da arrazoi nagusia: aurrez egindako bi greba egunekin —Haurreskolak partzuergoko langileak urtarrilaren 28an eta 29an atera ziren kalera—, Eusko Jaurlaritza negoziazio mahaira «edukiak» ekartzen ari zen; alabaina, eduki horiek ez dituzte asetzen grebetan egin dituzten aldarrikapenak. «Merezi dugun lan hitzarmena lortzeko aukera paregabea galdu da». Izan ere, sindikatuak zenbait «gabezia» atzeman ditu. Adibidez, lan zamak arintzeari eta ratioei dagokienez, ez dute begi onez ikusten lanpostuak esleitzeko irizpideak beranduago negoziatzea; soldatei dagokienez, berriz, adierazi dute ez dutela erosahalmena berreskuratuko: «60 euroko igoera eman digute, %0,17ko igoera urtean; %23 galdu dugu». Gainera, diotenez, ez da hobekuntzarik egon langile taldeak gaztetzeko ahaleginetan.
Aldiz, aitortu dute aurrerapenak egon direla beste zenbait eremutan; ez behar bestekoak, ordea. Esan dute aurrerapausoak egon direla urteko eta eguneko lanaldietan, adibidez. Baina: «Ez dira nahikoak izan, batez ere administrazioaren proposamenarekin txanda egunak galdu direlako». Halaber, uste dute lizentzietan eta baimenetan badaudela eduki berriak, baina Madrildik datozela ia guztiak. «Beste langile publikoek badituzte jada». Eta ordezkoentzat lortutako hobekuntzak, berriz, haien lanaren emaitza direla ziurtatu dute: «Administrazioak hasieratik proposatutako zirriborroa asko hobetzea lortu bada, Steilasek egindako ekarpenei esker izan da, gureak izan baitira ordezkoen eskubideak eta eguneroko arazoak ekiditeko baliabideak txertatzen dituzten proposamenak».
ELAk prentsaurreko bat egin du egoera baloratzeko. Ezkor mintzatu da. Haren esanetan, hitzarmenarekin «iruzur» egin diete haur eskoletako langileei: «Zalantzarik gabe, greba dinamika honek akordio hobea merezi zuen». Aitortu dute greben ondorioz «aurrerapen txikiak» egon direla negoziazio mahaietan. Alabaina, akordioa ez dute begi onez ikusi: «Ez ditu jasotzen grebetako aldarrikapen nagusiak; hala nola, erosahalmena berreskuratzea, erretiroa aurreratzeko neurriak, lanpostuak egonkortzeko neurriak eta ratioak hobetzea».
LABek akordioa sinatuta, ELAk dio ezin dutela aurrera jarraitu greba deialdiekin, «langileek mobilizatzen jarraitzeko gogoa duten arren»: «LABek gehiengoa dauka, eta legez kanpoko greba bat izango litzateke». Dena dela, partzuergoko lan baldintzak eta zerbitzua hobetze aldera, badaukate protestekin-eta jarraitzeko asmoa: «Greba gehiago eta gogorragoak egitea ezinbestekoa izango da hezkuntza zerbitzua eta hezkuntza publikoko langileen baldintzak hobetzeko».
Beste grebak, aurrera
Haurreskolak partzuergoko langileen lanuzteak bertan behera geratu dira, beraz; ez, ordea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoko irakasleentzat eta garbiketako eta sukaldeetako langileentzat deitutakoak, momentuz behintzat. Hain zuzen, datorren asteazkenean egingo dituzte lanuzteak garbiketako eta sukaldeetako langileek; irakasleek, berriz, otsailaren 26an eta 27an.