Iruñeko Buztintxuri auzoan etxegabetze bat gauzatzekoa zen gaur, 08:00etan. Haritu sindikatuak, baina, atzo iluntzean jakinarazi zuen bertan behera gelditu dela: «Bigarren aldiz jarraian, Etxebizitza Sindikatuko antolaketari, etengabeko lanari eta auzokideen babesari esker, azken unean gelditu dugu etxegabetzea: Carolina eta bere familia geratu egin dira!». Sindikatuaren erranetan, Testa higiezinen taldearena da etxebizitza, eta hilabeteak daramatzate familiari eraikina uzteko «presio» egiten.
Harituk dio joan den astean epaitegiek prozedura etetea ukatu zutela, etxegabetzear zuten emakumearen eta haren familiaren errealitatea kontuan hartu gabe. Izan ere, familia «egoera zaurgarrian» dago, eta, beraz, egoera horretan dauden pertsonendako etxegabetzeen luzamenduari buruzko dekretua bete beharko litzateke. Horrez gain, atzo bertan alegatu zuten prozedura «zuzenbidez okerra» dela, zenbait oinarrizko eskubide «urratzen» dituelako, eta emakumearen berme formalak ez dituelako betetzen.
Komunikazio instituzionaletarako bideak ere ireki dituzte, eta etxegabetzea gelditzeko presioa handitu. «Hala ere, egoera ezegonkorra da oraindik, eta borrokan jarraituko dugu Carolinarentzat eta haren familiarentzat irtenbide bat aurkitu arte». Izan ere, sindikatuak dio Testa taldea ez dela «inoiz» negoziatzera eseri, eta emakumea «erosten» saiatu dela.
Horrez gain, gogoratu dute azken hilabeteetan Testa taldea bertze etxegabetze batzuen atzean ere egon dela, eta «legez kanpoko» hainbat etxegabetze eta kanporatze egon direla. Horiei aurre egiteko tresnak auzoetan nahiz herrietan «elkartasunez» eta «elkarrekiko babesaz» antolatzen direla diote: «Etxebizitzarako sarbide unibertsalaren alde, etxegabetze guztiak gelditzearen alde».