Aloña Jauregi. Baso Biziak plataformako kidea

«Bertako basoen eta espezieen hedapena bultzatu behar da»

Hainbat herritako elkarteak batu dira Baso Biziak plataforma berrian. Eukaliptoa espezie inbaditzaileen zerrendan sartzea nahi dute, legez landaketa horiek debekatzeko eta bertako basoen alde apustu egiteko.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Zaldibia
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Aloña Jauregik (Zaldibia, Gipuzkoa 1980) espresuki aukeratu duargazkia ateratzeko lekua: pinudi baten aitzinean, eta landaketa baten parean. Baso kudeaketa «eskasaren» eredu gisa azaldu du hori: bertako basoa kentzea landaketa bat egiteko. Landarlan Goierriko ingurumen elkarteko kidea da, eta baita hainbat elkarte batzen dituen Basoak Bizirik plataformako kidea ere. Bihar aurkeztuko dute plataforma, Diman (Bizkaia).

Orain arte herriz herriko jarduna egin duzue. Orain, ordea, indarrak batu dituzue plataforma bakarrean. Zergatik egin duzue elkartzeko urratsa?

Bizkaia aldetik etorri zen biltzeko asmoa. Ikusi zuten hainbat herritan sortu zirela plataformak, eta elkartuta beti dago gehiago egitea. Asmoa eraginkorragoa izatea da.

Lehen egitasmoa duzue martxan: Baso bizien alde, eukaliptorik ez kanpaina. Zer bultzatu nahi duzue?

Denok garbi dugu eukalipto landaketa horiek bertan behera geratu behar direla behin betiko. Badaudelako aurrekariak estatu espainiarreko bertze leku batzuetan, eta baita mundu osoan ere. Horrez gain, oinarrira joango bagina, arazo nagusia da zein basogintza ikuspegi dugun luzera begira, basoa nola ulertzen dugun. Eukaliptoaren edo pinuaren aurrean zerbait landatzea hobea da, baina bertako basoen eta bertako espezie autoktonoen hedapena bultzatu beharko genuke.

Zergatik?

Landaketa baten atzean beti dago produkzio bat eta etekin bat, eta, etekin bat duzun aldetik, intentsifikazio bat dator. Luze gabeko politikak egiten hasten zara, eta bioaniztasuna eta onura soziala alboratzen dira. Insignisarekin monolaborantza bat gertatu da; baliteke eukaliptoarekin ere gauza bera gertatzea, eta landaketa bat planteatzen den momentutik arriskua hor dago. Eukaliptoa edo insignisa baino hobeak direla beste landaketa batzuk? Bada, noski! Baina monolaborantzara joaten bagara, bioaniztasunaren galera ikaragarria dator.

Azken urteetan pinudiak izan dira nagusi Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lur pribatuetan, eta, egun, horiek eukaliptoarekin ordezkatzen ari dira. Eukaliptoa landatzeak zer kalte sortzen ditu luzera begira?

Eukaliptoa landatzeak lurra pobretzea dakar: lurra lehortu egiten du, eta ez du ura filtratzen uzten. Arazo nagusia da berehala mozten dela eta arraseko mozketa egiten dela. Botatzeko modua oso zakarra da: pistak egiten dituzte eta lur guztia erortzen da. Lurraren sekulako galera dakar. Eta horren arazo nagusia da ez dagoela lurzoru legerik; lur galerak ez dauka atzetik kontu hartze bat: ez da galera gisa hartzen. Baina lurra galtzeak basamortutzea dakar zuzenean.

Azkenaldian, hainbat udaletan lur publikoak erosteko mozioak aurkeztu dituzue. Nola erantzun dute instituzioek orain arte?

Lurgaia Fundazioarena izan da egitasmoa. Hemen, lur publikoetan ere pinua landatzen da. Gure ustez, erakunde publiko batek ez luke dirua irabazi behar natur baliabideen bidez, baina uste dugu erakundeetatik bultzatu beharko lituzketela lur publiko eta pribatu horietan bertako basoa hedatzeko diru laguntzak. Orain arte laguntzak beste norabidean eman dira. Hor atzean daude egur enpresak, eta horiek agintzen dute. Instituzioek politika berezituak onartuko balituzte, lur publikoa berreskuratzea ekarri beharko luke, eta horrek, beste basogintza eredu bat.

Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek planak aurkeztu dituzte eukaliptoaren landaketa eteteko. Zer iruditzen zaizue?

Bai, eta oraingoz albiste ona dirudi. Baina ez gara asko fidatzen. Uste dugu ez dela diputazioen ekimen propioz izan. Gainera, zalantza dugu ea bertako basoa biziberritzeko apustua egingo duten, edo beste monolaborantza baten landaketaren alde egingo duten.

Erakundeekin elkarlana sustatu nahi duzue?

Gure asmoa bada. Proposamenak hainbat herritan egin dira, eta egia da herri batzuetan, alderdi ezberdinak egon arren, proposamenak onartu egin direla. Udalekin errazagoa da. Pauso logikoena litzateke eukaliptoa behintzat espezie inbaditzaileen zerrendan sartzea, horrek modua egingo lukeelako debekurako lege bat sortzeko. Oraingoz ikusi dugunez, egur zaleei eta sindikatu handiei askoz toki gehiago ematen diete.

Herritarren inplikazioa lortzeko, sinadura bilketa bat paratu zenuten martxan. Nola doa hori?

Deskonexio ikaragarria dago, batez ere naturarekiko, beste eredu batean bizi garelako eta biziarazi nahi gaituztelako. Gaur egun, Change.org-eko eskaera bat sinatzea oso gauza tipikoa da. Badirudi ingurumenaren arloko gaiak neutralak izan behar direla, denok egon behar garela alde, baina oraindik ingurumen arazoen ondorioz jendea hil egiten dute munduan. Gizarte gisa inplikazio bat eta hausnarketa bat falta da: basoa zer da? Nondik dator mundua? Pentsatzen al dugu noizbait mundua itsasoa eta basoa bakarrik izan zela? Gure helburu nagusia sentsibilizatzea eta pedagogia pixka bat egitea da.

Bihar aurkeztuko duzue plataforma, Diman, eta bertan baserri batean landatutako eukaliptoak moztuko dituzue. Zer irudikatu nahi duzue?

Eukaliptorik eta monolaborantzarik ez dela landatu behar. Horrek dena laburbiltzen du. Jendea ez da eukaliptodi batera joaten paseatzera; jendea Bertizera joaten da, edo Iratira. Eukaliptoarena izugarrikeria handia da. Berriz ekarriko dugu hamabost urteko zikloa daukan landare bat, hemendik hamabost urtera berriz dena mozteko, horrek dakarren makineriarekin? Urarekin zer geratzen ari da? Zuk baso oso bat botatzen duzunean, horko ura nora doa? Zenbat luizi daude? Lurra ez da berriz sortzen den elementu bat; ehun urtean zentimetro bat sortzen da. Muinean dagoen auzia da bertako basoak ehun urte behar dituela, eta eukaliptoarekin hamabost urtera etekin ekonomikoa duzula. Irabazi ekonomikoa, batzuentzat.

Larunbatekoaz gain, baduzue bertze egitasmorikmartxan?

Oraingoz, helburu nagusia da instituzioetan eragitea eukaliptoa espezie inbaditzaileen zerrendan sar dezaten. Udaletan, lur publikoetatik hasi, eta gero lur pribatuetan ere pedagogia falta ikusten dugu. Egun, bertako basoa bultzatu nahi baduzu, ez duzu diru laguntzarik. Diru laguntza bat jasotzeko, landaketa bat egin behar duzu; ezin diozu bere prozesu naturala egiten utzi. Zergatik ez bultzatu beren jabegoetan bertako baso naturala uzten duten herritarrei diru laguntzak ematea? Horrelakorik ez da gertatzen. Eusko Jaurlaritzak baditu programak bertako basoa biziberritzearen alde, baina ez dira ezagunak.

Zer jarrera dute alderdi politikoek?

Alderdi bat edo beste izan, jarrera berbera da. Garbi ikusten da alderdiek oinarrietan ez daukatela ezer adostuta gai honetaz, ez dela lehen lerroko gaia. Eta hori arazo bat da. Urteen poderioz, bertze gai edo lehentasun batzuk gailendu dira gobernua hartzeko borroka horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.