Berrueta oroitzeko ekitaldia egingo dute gaur, hura hil zutenetik 20 urte bete direnean

Angel Berrueta eta haren familia motibazio politikoko biktima gisa aitortzeko eskatu du Iruñeko Udalak. 18:30ean ekitaldia egingo dute Donibane auzoan.

Angel Berrueta oroitzeko ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Angel Berrueta oroitzeko ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
2024ko martxoaren 13a
08:01
Entzun

Gaur betetzen dira hogei urte Berrueta hil zutenetik; 2004ko martxoaren 14an hil zuten Espainiako polizia batek eta haren semeak. Bi egun lehenago, Al-Qaedak Madrilen egindako atentatuan 193 lagun hil ziren, baina, hauteskundeen testuinguruan, Espainiako Gobernuak eta PPk ETAri egotzi zioten ekintza hura. Hain zuzen, Pilar Rubiok bat egin zuen bertsio horrekin, eta ETA atentatuarekin lotzen zuen kartel bat jarri nahi izan zuen Berruetaren okindegian. Hark uko egin ostean, Rubio bere senarrarekin —Valeriano de la Peña Espainiako polizia— eta semearekin —Miguel Jose de la Peña— itzuli zen okindegira; labankadaz eta tiroz hil zuten Berrueta.

Iruñeko Udaleko gobernu batzordearen arabera, hogei urte geroago Berruetak ez du jaso oraindik ere «indarkeriaren biktima guztiek izan beharreko egia, justizia eta erreparazioa». Izan ere, gogoratu du haren hilketa «Alderdi Popularraren gobernuak sustatutako giro politiko gaiztotu baten testuinguruan» gertatu zela.

Hala aitortu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ere, auziko epaiketan. Izan ere, larrigarri gisa ezarri zuen delituaren motibazio ideologikoa. Halere, Berrueta oraingoz ez da motibazio politikoko biktima gisa aitortua izan. Horixe egiteko eskatu zion atzo Udaleko gobernu batzordeak Nafarroako Gobernuari: Angel Berrueta eta haren familia motibazio politikoko biktima gisa aitortzeko. Egun, Poliziaren eta eskuin muturreko taldeek eragindako biktimen aitortzarako batzordea ari da haren kasua aztertzen.

Berrueta-Mañas familiak iaz eskatu zuen Angel Berrueta biktima gisa aitortzeko, eta Nafarroako eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen aitortzarako eta erreparaziorako batzordeak irailean hasi zuen tramitazioa. Orduan, Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak adierazi zuten hark «abiapuntua» izan behar zuela, «behin betikoz, Angel Berrueta eta haren familia motibazio politikoko biktima gisa aitortuak izan daitezen». Oraindik erantzun baten zain daude.

Udaleko gobernu batzordeak bat egin du Berrueta omentzeko ekitaldiekin. Angel Gogoan plataformak Donibane auzoan elkartzeko deia egin du; gaur egingo dute elkarretaratzea, 18:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.