Dataren inguruan ez dago adostasunik. Lehenengo ertzainak izateko izena eman zutenak 1982ko otsailaren 1ean iritsi ziren Arkautira (Araba) ikasketak hasteko, baina instalazioak oraindik ez zeuden prest, eta egun hartan ezer gutxi egin ahal izan zuten. Hala ere, batzuek egun hori jotzen dute Ertzaintzaren ibilbidearen hastapentzat. Ofizialki, Ertzaintzaren sorreraren data otsailaren 8a da, orduan hasi zirelako eskolak, lehen azpiegitura arazoak konponduta. Edonola ere, urtemuga bata ala bestea izan, Ertzaintzak 1982ko otsailean egin zituen lehen urratsak, eta, beraz, 40 urte beteko dira orain.
Gernikako Estatutuaren 17. artikuluan aipatzen zen EAEko Polizia, «autonomia lurraldean gizakien eta ondasunen babeserako eta herri bakea zaintzeko», eta zehazten zen Polizia hori nola sortuko zen: hasieran miñoiek eta mikeleteek osatuko zuten, eta, geroago, erakundeek erabakiko zuten «eskumenak betetzeko beharrezko berrantolaketari ekitea».
Izan ere, Ertzaintzaren garapenak azkar asko gainditu zuen miñoi eta mikeleteen esparrua, eta gaur egun Ertzaintzan daukaten lekua anekdotiko samarra da, baina sinbolismoaren ikuspegitik esanahi handiko keinua zen Ertzaintza foru poliziak integratzetik sortzen zela irudikatzea. Miñoiak eta mikeleteak foruei lotutako miliziak ziren, XVIII. mendetik zetozenak. Polizia berria foruak galdu aurreko garaietako Poliziarekin lotzeak EAJk oso gogoko zuen ideia bat indartzen zuen: alegia, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundetze autonomikoa, nolabait, foruetan jasotako eskubide historikoak berreskuratzea zela.
Baina Ertzaintzaren benetako aurrekaria, foru poliziak baino gehiago, gerra garaiko Ertzaña da. Autonomia estatutua indarrean sartu ostean, 1936ko urrian, lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zen, gerra betean, eta gobernu bati dagozkion beste zenbait egiturarekin batera polizia erakunde bat ere sortu zen.
Lehenengo Ertzaña hark oso leku berezia izan zuen abertzaleen iruditerian, batez ere Francoren diktaduraren garaian: izena Lauaxeta olerkariak asmatu zuen, eta lehen arduraduna Telesforo Monzon buruzagi nazionalista historikoa izan zen. Edozein modutan, oso bizitza laburra izan zuen, eta, Francoren armadak garaitu ostean, 1937ko uztailean, desagertu egin zen. Gernikako estatutua onartu ondoren polizia erakundea antolatzen hasi zirenean, EAJk keinu ugari egin zizkion gerra garaiko indar horri, jarraitutasunaren ideia sustatzeko. Izenetik hasita: 1936ko Ertzaña hura Ertzaintza bilakatu zen. Eta zenbait ikur ere berreskuratu ziren, gaur egun oraindik ere autoen matrikuletan agertzen den E gotikoa, esaterako.
EAJren lorratza
Estatututik eratorritako instituzio egitura eraikitzen hasi ziren garaian, EAJ guztiz hegemonikoa zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Legebiltzarrean lehen indarra zen, eta, HBko parlamentariak hara joaten ez zirenez, gehiengo osoa zuen. Diputazioetan eta hiriburuetan ere nagusi ziren jeltzaleak. Horren ondorioz, Karlos Garaikoetxeak gidatutako gobernuak nahierara jardun zezakeen, eta horrek ekarri zuen altxatzen ari ziren erakunde amaraun horretan EAJren lorratza oso nabaria izatea. Ertzaintzaren kasuan, bereziki.
Lehenengo urte haietan ez zen inongo sekretua Ertzaintzaren eta EAJren arteko lotura estua. Luis Maria Retolaza Herrizaingo sailburuari eta Eli Galdos sailburuordeari egokitu zitzaien Polizia berria martxan jartzea, alderdiaren konfiantzako politikariak biak ala biak.
1980an, zenbait gazte hasi zirenBerrozin (Araba) prestakuntza militarra jasotzen, eta 1982an, Ertzaintzaren lehen promozioa osatu behar zutenak Arkautin hartu zituzten. 600 gizon inguru ziren; emakumerik ez zen egon Ertzaintzaren lehen belaunaldian.
Nacho Sereno (Brozas, Espainia, 1958) lehen promozio horretakoa izan zen: «Garai hartan, Gasteizko Udaltzaingorako hautaprobak ere atera ziren, eta Gasteizko jende askok bietan eman genuen izena. Nik banuen lana, baina hura gauza berria zen, interesgarria zirudien, eta pausoa eman nuen».
Serenok gogoratzen du garai hartan dena zegoela egiteko: «Otsailaren 8an hasi ginen, baina oraindik ez geneukan libururik ere. Boligrafo eta koaderno banarekin hasi ginen. Apurka-apurka hasi ziren fotokopiatutako materiala ematen. Lehenengo uniformeak ere eman zizkiguten, kaki koloreko praka batzuk eta alkandora urdinak, baina neurri guztietakoak ez zeuden, eta lagun batzuentzat handiegiak ziren».
Ikasketa prozesua otsailetik urrira artekoa izan zen. Trafikoa arautzen aritu behar zutenek ikastaldi luzeagoa izan zuten, eta hurrengo urteko otsailean amaitu zuten. Serenoren eta haren kideen lehenengo eginkizuna 1982ko urrian iritsi zen, artean ikasle zirela, Joan Paulo II.a aita santua Euskal Herrira etorri zenean: «Gogoratzen dut Loiolara (Gipuzkoa) iritsi ginenean autobusetatik jaitsi eta jendeak txaloka hartu gintuela. Oso zirraragarria izan zen. Herritarrentzat hura izan zen Ertzaintzarekin izan zuen lehenengo kontaktua. Oraindik ere oilo ipurdia jartzen zait hura gogoratzean».
Apurka-apurka, ertzainak hiru herrialdeetara hedatu ziren, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila ordezkatuz. Hasieran, egoitza ofizialak zaintzea eta trafikoa arautzea izan zuten eginkizun, eta arian-arian beste zeregin batzuk berenganatu zituzten. Prozesu luze hori 1995ean burutu zen.
Baina ez zen prozesu lasaia izan. Espainiako sektore politiko eta mediatiko askok mesfidantzaz ikusten zuten Ertzaintzaren hedapena, eta «terrorismoaren kontrako borrokan behar bezain eraginkorrak» ez izatea leporatzen zioten Ertzaintzari, kritika horiek denborarekin apalduz joan baziren ere. ETAk, berriz, gogor jo zuen Ertzaintzaren kontra. Batzuetan buruzagien kontra egin zuen, eta, esaterako Carlos Diaz Arkotxa (1985) eta Joseba Goikoetxea (1993) hil zituen. Beste batzuetan, kaleko agenteak hartu zituen jomugatzat. Orotara, Ertzaintza sortu zenetik ETA desagertu zen arte 13 ertzain hil zituen. Ertzaintzak ETAko lau kide hil zituen 1991 eta 2003 bitartean.
Beste aldetik, Ertzaintzak ordena publikoaren eskumena bere gain hartzeak alor horretan ere jardutera eraman zuen, eta, geroztik, behin baino gehiagotan haren esku hartzeak polemika iturri bilakatu dira. Rosa Zarraren heriotza gomazko pilota batek jo eta zortzi egunera (1995), zenbait manifestazioren kontrako oldarraldiak, Bilboko Kukutza gaztetxearen hustea (2011) eta beste operatibo batzuk oso eztabaidatuak izan ziren. Harrabots handiena sortu zuena, seguru asko, Iñigo Cabacasen hilketa izan zen (2012). Ertzaintzaren polizia ereduaren inguruko eztabaida orduan agertu zen bere gordinean.
Ereduaren auzia
Tomas Rodriguez (Soraluze, Gipuzkoa, 1963) ELA-Ertzaintzako ordezkaria da. 1987tik da ertzain: «Ertzaintza sortu aurretik, Polizia frankista bat genuen, kuarteletan sartuta zegoena, erreaktiboa eta errepresiboa. Eta, hori ikusita, herriak nahi zuen hurbileko Polizia bat, herriari zerbitzua emango ziona. ELAk hasieratik lan egin zuen beste eredu hori ezartzeko, bermeak izango zituena, demokratikoagoa, hurbila eta zerbitzukoa».
Rodriguezek uste du oraingoa «abagunerik egokiena» dela ereduaren inguruan eztabaidatzeko: alde batetik, ETA desagertu delako; eta, beste aldetik, Ertzaintzan «belaunaldi aldaketa» datorrelako.
Baina ez dirudi eztabaida hori Segurtasun Sailaren lehentasuna denik. Aste honetan, Josu Erkoreka sailburuak adierazi du bere ustez gizarteak ez duela «aldaketa erradikalik edo eraldatze erabatekorik» eskatzen, Ertzaintza «erakunde egonkor, onartu eta profesionala» delako.
Igor Eizagirre (Hondarribia, Gipuzkoa, 1975) ELA-Gizalaneko ordezkaria da, eta sindikatuaren ardura darama sektore publikoan. Dioenez, administrazioan ez dago «borondate politikorik» eztabaida horri heltzeko. Baina Ertzaintzaren gainerako sindikatuak ere ez ditu ikusten norabide horretan: «Segurtasun ereduaren borroka horretan oso bakarrik sentitzen gara. ELAk bere garaian apustu bat egin zuen Ertzaintzaren alde, baina eredu zehatz batekin. Eredu hori Ertzaintzaren barruan defendatzea gero eta konplikatuagoa da, baditugulako agintari batzuk horretaz hitz egin nahi ez dutenak, eta sindikatu korporatibo batzuk ditugulako Poliziak egiten duen guztia ondo eginda dagoela esaten dutenak. Sindikatu korporatiboaren ustez, ezin da ezer kritikatu, eta lehia batean daude Poliziaren rola nork sutsuago defendatuko».
Eizagirrek uste du eragile politikoek ere ekin beharko lioketela eztabaida horri: «Ezker politikoak boterera iritsi nahi du, baina harentzat Poliziak konnotazio jakin batzuk ditu. Ezkerrak hausnartu egin behar du horretaz: boterera iristeak Poliziaren kontrola hartzea dakar; beraz, ereduaz hitz egin beharko dugu. Eta okerrena da, objektiboki, ETAren osteko aroan egoera hobean egon beharko genukeela eztabaida horri heltzeko».
«Gure ustez okerrak diren jokabideak salatzen ditugu, Ertzaintza legitimatu nahi dugulako», azaldu du. «Gainerako lanbideetan bezala, dena ez da ondo egiten. Eta baliabideak ez badira jartzen, eta kontrol neurririk hartzen ez bada, aukera gehiago daude arazoak sortzeko». Horregatik, Mozal legea bertan behera uztearen alde daude, ez daude ados beste sindikatu batzuek gomazko pilotak berriro erabiltzearen alde egindako eskaerekin, eta zenbait lan gatazkatan antolatutako operatiboak kritikatu dituzte.
Gaur egun, ertzainen %16 baino ez dira emakumeak. Segurtasun Saila ahalegina egiten ari da emakume gehiagok izena eman dezaten Ertzaintzan sartzeko, baina ELAn uste dute «propagandaz harago» beste neurri batzuk ere behar direla: «Hori ere ereduarekin lotuta dago. Guk beti adierazi izan dugu Ertzaintzak gizartean dagoen sexu, arraza, erlijio eta pentsamolde aniztasunaren ispilu izan behar duela, baina hori landu eta bultzatu egin behar da».
Rodriguezen ustez, beharrezkoa da gizarteak segurtasun ereduaren auziari hel diezaion: «Eragile eta sektore guztiek parte hartu beharko lukete ereduaren inguruko eztabaida horretan, Ertzaintza Polizia izateagatik kriminalizatzen dutenek ere», esan du. «Nik uste dut kriminalizatze hori oker bat dela, okerra den bezala ertzain batzuek pentsatzea kalean protestan ari dena etsaia dela. Azkenean, ez badugu eztabaida hori egiten, beste norbaitek erabakiko du zer Polizia mota ezarri».
Polizia eredua. Ertzaintza
Berrogei urteko ibiliaz hausnartu beharra
Hilabete honetan berrogei urte beteko dira Ertzaintza abian jarri zenetik. Ospakizunekin eta orain arteko ibilbideaz egindako gogoetekin batera, Ertzaintzaren ereduari buruzko eztabaida ere mahai gainean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu