Trantsizio energetikoa agenda politikoan eta ekonomikoan txertatzen ari da azken urteotan. Beste energia eredu baterako bidea —energia berriztagarrien bidez— irtenbide bat izan daiteke klima larrialdia arintzeko, baina gatazkatsua ere bada auzia; zenbait proiektu eolikok sortu duten harrabotsa da adibide bat.
Dena ez da argia, ezta iluna ere.Energia berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren argi-ilunen inguruan hausnartu zuten bost adituk, herenegun, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopol ikerketa taldeak antolatutako Energia berriztagarriak Euskal Herrian. Gatazka edo aterabidea? mahai inguruan.
Egoeraren diagnostiko antzekoa egiten dute Aitor Aldasoro EAJko kideak, Alvaro Campos EHUko ikertzaileak, Alazne Arruti Goiener kooperatibako kideak, Gotzone Sestorain Etxalde baserritar mugimendukoak eta Hodei Arzak Ekiola kooperatibakoak: Euskal Herriak menpekotasun energetiko handia du, erregai fosilak agortzen ari dira, horiek ordezkatzeko baliabide berriztagarri mugatuak daude eta energiaren kontsumoa oso handia da.
Egoera horren irtenbidea ez da erraza, Camposen ustez: «Energia fosila energia berriztagarriekin ordezkatzeak egoera larritu baino ez du egiten. Ezin dugu gizarte fosil bat energia berriztagarriekin ordezkatu». Datu bat eman du: 200 metroko 1.580 errota eoliko beharko lituzke Euskal Herriak egun duen kontsumo elektrikoa asetzeko —energiaren kontsumoaren %24 baino ez da—.
Arrutik nabarmendu du gizarte berri bat eraiki behar dela: «Energia berriztagarriak ez dira irtenbidea, baina trantsizio sozial eta parte hartzaile baten tresna izan daitezke». Energia eredu berri hori, eta, ondorioz, gizarte berri hori eraikitzeko, herritarren ohiturak aldatu behar direla azaldu dute. «Gizarte eredu bera mantendu dezakegula pentsatzea ilusio hutsa da», Camposen esanetan.
Sestorainek desazkundea proposatu du; horrek, herritarren ohiturak baino gehiago, egungo sistema ekonomikoa du jomugan: «Desazkunde prozesuan sartu beharko lukete eraikuntzaren, garraioaren eta turismoaren sektoreek, ikaragarrizko energia kontsumoa dakartelako. Horiek energia berriztagarriekin ordezkatuko ditugula pentsatzea amets egitea da». Sektore horien desazkunde fasean, elikaduraren sektorea indartu beharko litzatekeela azaldu Etxaldeko kideak. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaten dutenaren %90 kanpotik etorria da, eta «energia kontsumo ikaragarria eragiten du horrek». Irtenbidea argi du: «Euskal Herria gai da Euskal Herri osoa elikatzeko. Arazoa da gaizki planifikatuta dagoela».
Aldasorok, berriz, adierazi du «garrantzitsua» dela Euskal Herriaren menpekotasun energetikoari aurre egiteko,Euskal Herrian bertan ekoiztea energia berriztagarriak: «Gure ongizatea batez ere industriatik dator. Horregatik, industria eta ingurugiroa uztartzetik, bien arteko orekatik etorriko da irtenbidea».
Camposek azaldu du trantsizioa energiaren eskaintzatik egin ordez eskaritik egin behar dela: «Energia behar bat da gizakiontzat, baina orain arte salgai forma hartu du. Horregatik, beharrak sortu dizkigute. Ereduari buelta eman behar zaio, eta dauden benetako beharrei erreparatu, toki bakoitzean». Arzakek erantsi du martxan jartzen diren proiektuek tokian tokiko beharrei erantzun behar dietela, eta ez kanpokoei.
Komunitate energetikoak
Gainera, energiaren sorkuntza enpresa handien esku dago, eta oso zentralizatua da. Alternatiba moduan, komunitate energetikoak sortzea proposatu du Arrutik: «Behetik gorako prozesuak dira, eta gizarteari onura egiten diote». Teilatuetan plaka fotovoltaikoak kokatzea da adibide bat.
Energia berriztagarrien hainbat proiektuk eragin duten harrabotsaz, Sestorainek adierazi du jendeak erabakirik hartzeko aukerarik eduki ez izana dela arazoa: «Inposizioak dakar gatazka». Camposek gehitu du arazoa espekulazioa dela, eta herritarrek proiektu energetikoak «aurrez» onartu behar dituztela, «modu askean, eta informazio guztiarekin». Aldasorok, ordea, arriskubatez ohartarazi du: «Trantsizio energetikoa guk ez badugu egiten, beste batzuek egingo digute».
Berriztagarrietatik kontsumo aldaketara
Energia berriztagarriak ez dira gai izango egungo kontsumo eredua mantentzeko. Hori da EHUko Ekopol ikerketa taldeak antolatutako mahai inguruaren ondorioetako bat. Trantsizio energetikoak ohiturak aldatzea eta desazkundea beharko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu