Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala urtebete «nahita» atzeratzea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari. Txosten horrek hauteskundeetan izan zezakeen eraginaren beldur zela uste du. Nahiz eta atzerapenaren erantzukizuna aurreko gobernuarena dela esan, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuaren agerraldia eskatuko du, azalpenak eman ditzan.
Urriaren 31n, energia berriztagarrien lurralde plan sektorialari egindako alegazioen txostena kaleratu zuen Jaurlaritzak. 4.000 alegazio baino gehiago aurkeztu zituzten. Alta, iazko abenduan beste txosten bat atera zuen gobernuak, eta, Oteroren arabera, «ia berdinak» dira.
«Urtebete eman dute aste bakar batean lasai asko egin zitekeen lan bat egiteko, eta horrek adierazten du Jaurlaritzak nahita gorde zuela txostena»
MIKEL OTERO EH Bilduko legebiltzarkidea
Lehen dokumentu hura berehala erretiratu zuen Eusko Jaurlaritzak, hutsegite bat izan zela argudiatuta. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitatean plagioa atzemateko erabili ohi duten sistemarekin alderatu ditu Oterok bi dokumentuak, eta biak «ia berdin-berdinak» zirela ondorioztatu du: «Hau da, urtebete eman dute aste bakar batean lasai asko egin zitekeen lan bat egiteko, eta horrek oso kezkagarria den zerbait adierazten du: Jaurlaritzak nahita gorde zuen txostena, hauteskundeetan eraginik izango zuen beldurrez», kritikatu du legebiltzarkideak.
Erabaki horrek ondorioak izan dituela azpimarratu du, halaber. Aurretik ere atzeratuta zetorren prozesua «are gehiago» atzeratu zela nabarmendu du. «Bitarte horretan proiektu berriztagarri asko aurkeztu dira, eta energia horien hedapenean zegoen desordena areagotu egin du». Oterok gaineratu du handitu egin dela herritarrek proiektu horiei dien mesfidantza ere.
Proiektu horietariko asko ezarri nahi dira plan sektorialean aurreikusitakoaren arabera babestu beharreko lurretan. «Oraindik plana onartu ez denez, debekua ez dago indarrean».
Jaurlaritzari eskaera
Jauregi sailburuaren agerraldia eskatuko dute. Atzerapenaren erantzukizun nagusia Urkulluren gobernuarena dela uste badu ere, azalpenak eskatuko dizkio. Hala, EH Bildurekin hitzartutako konpromisoa bete eta urtea amaitu aurretik energia berriztagarrien plan sektoriala «behin-behinean» onartzea galdegingo dio. Helburua da datorren urteko lehen seihilekoan onartzea behin betiko. «Gobernuak bere gain hartu behar du erantzukizuna berriztagarrien hedapenean ordena jartzeko».
Oterok gaineratu du Jaurlaritzak prozesu bat ireki behar duela gaur egungo egoera ordenatzeko, eta energia berriztagarrien hedapena antolatzeko: «Planifikatu behar du zenbat, non eta nola ipini proiektuak, eta esfortzu bat egin behar du proiektu faraonikoak eta espekulatiboak bazterrean uzteko». Gogora ekarri du prozesu hori aurreikusita zegoela Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legearen inguruan Jaurlaritzarekin hitzartutako akordioan.