Euskal Herriko hainbat pertsonak eta elkartek manifestu bat idatzi eta sinatu dute, Euskal Herrian egitekoak diren proiektu berriztagarri handien aurka, eta egoerari buelta emateko hamar puntuko proposamen bat egin dute.
Uste dute krisi ekologikoa eta soziala dela egungo munduaren erronka handienetako bat, eta gaitzetsi egin dituzte horri aurre egin nahian Europako Batasunean eta Euskal Herriko erakundeetan aurrera ateratzen ari diren politikak. Haien iritziz, hemengo erakunde, enpresa eta alderdi politikoek «akritikoki» errepikatzen dute Brusela «inposatzen» ari den trantsizio eredua.
Euskal Herrian trantsizio eredu horren aurkako gaitzespena gero eta handiagoa dela uste dute manifestua sinatu duten kideek, «nekazaritza sektoretik hasi eta sindikatuetaraino»; hain zuzen ere, adierazi dute hori bera irudikatzen duela Euskal Herria Bizirik plataformaren sorrerak, eta bat egin dute apirilaren 13rako Azpeitian (Gipuzkoa) plataformak antolatu duen manifestazioarekin.
75 pertsonak babestu dute manifestua, momentuz. Tartean dira: Aitziber Sarobe biologoa eta unibertsitateko irakaslea, Antonio Aretxabala geologoa eta ikerlaria, Miren Narbaiza eta Evaristo musikariak, Mati Iturralde familia mediku jubilatua, Joseba Blanco artzaina eta beste hainbat lagun. Sinadurak biltzen sarraituko dute, gainera.
Adierazi dute «premiazko» eztabaida piztu nahi dutela manifestuaren bidez, trantsizio energetiko «faltsu» hori zalantzan jartzeko. Bestalde, beharrezkotzat jo dute eraldaketa sozioekonomiko bat egitea, baliabide berriztagarriak bestela zabaltzeko.
«Trantsizio energetiko justua»
Beren buruei egindako galderen bitartez, manifestuaren sinatzaileek egungo testuinguruaren analisia egin dute, bai klima krisiarena, bai trantsizio ekologikoarena, eta beren proposamen propioa egin dute erronkei aurre egiteko, trantsizio energetikoa «justua» izan dadin.
Sinatzaileek uste dute egiten ari diren trantsizioak «ukitu gabe» uzten duela gaur egun gizartearen bizimodua. «Esaten zaigu gauden atakatik aterako gaituela trantsizio honek. Musika horren erritmoan, Hego Euskal Herrian, enpresa sareak, oligopolio energetikoak eta alderdi politikoek prest dute egokitzapen plan propioa, eta klima aldaketari buruzko erkidegoetako legeetan islatu dute. Lehenik Nafarroako Parlamentuan, eta berriki Eusko Legebiltzarrean», azaldu dute.
Adierazi dute bat datozela legeak abiatzen diren diagnostikoarekin, baina salatu dute «soluzio partzial, murriztaile eta engainagarriak» direla lege horien proposamenak. Adibide gisa «deskarbonizazioa» jarri dute, uste baitute ekonomiaren elektrifikazioa ezkutatzen duela horrek, eta munduko beste leku batzuetara eramango dela kutsadura.
Energia kontsumoa murriztea ezinbestekoa da manifestua idatzi dutenentzat, eta uste dute gai horretan hartutako konpromisoak ez direla zin egin zuten mailakoak. Ondorioztatu dute gaur egun energia berriztagarriek ez dituztela bestelako iturriak ordezkatzen, baizik eta energia fosilen hedapen gisa funtzionatzen dutela.
Hori dela eta, uste dute helburuak ez duela izan behar enpresek energia kontsumitzen eta kapitala metatzen jarraitzea bermatzea, baizik eta premiazkoa dela «desazkunde prozesu antolatu bat». Trantsizio eredua aldatzeko eta klima larrialdiari errotik aurre egiteko, hamar puntuko proposamena egin dute.
Tokiko eta eskala txikiko ekoizpena lehenetsi behar dela uste dute, bai elikagaiena, bai energiarena, eta, horretarako, egungo hiri eta industria eredua eraldatzeko lan egin beharra dagoelakoan daude, eta energia berriztagarria ekoizteko instalazio handiak horren aurkakoak direlakoan.
Lehentasunak izango dituen programa politiko baten premia ikusten dute; gaur egun kontsumoa murriztea eta autokontsumoaren hedapena banakako ekimenera mugatuta daudela iruditzen zaie. Hain justu, bi horiek lehenetsi beharko lirateke, haien arabera, eta ez eskala handiko instalazio berriztagarriak.
Erabakiguneei buruz ere jardun dute, gaur egun trantsizio ekologikoa «demokraziaren kontura» egitea deitoratu baitute. Udalen eta kontzejuen ahotsei entzuteko eskatu dute, baita proiektuak egin aurretik kontsulta libre, informatu eta loteslea egiteko ere.