Berriztagarrien plan sektorialaren hutsune tekniko eta juridikoak

Laster onartuko den lurralde plan sektoriala ikuspuntu tekniko eta juridikotik aztertu dute zenbait adituk. Planaren itzalak plazaratu dituzte.

Eguzki plakak, Arabako teknologia parkeko urmaelean, otsailaren 28an. L. RICO / EFE
Eguzki plakak, Arabako teknologia parkeko urmaelean, otsailaren 28an. L. RICO / EFE
inaut matauko rada
2025eko martxoaren 28a
14:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Oraindik behin betiko onarpena behar badu ere, egitate bat da jada Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS). Hiru lurralde horietan energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak —eolikoak eta fotovoltaikoak bereziki— non jar daitezkeen eta non ez argituko du plan horrek, irizpide batzuen arabera.

Hainbat herritar, eragile politiko eta tokiko erakunde larritu egin dira azken urtebete pasatxoan, asko gehitu baitira halako azpiegiturak egiteko eskariak, eta akademiaren mundura ere iritsi da larritasun hori. Unai Pascual EHUko irakasle eta ikertzaileak azaldu duenez, larritasun eta ezegonkortasun sentsazio hori bideratzeko, Gorbeialdeko Herri Unibertsitatea sortu zuten, trantsizio energetikoaren eta egungo errealitatearen jakintza herritar guztiengana hurbiltzeko.

Hori dela medio, eta proiektuen eskari kopurua ikusita, onartzear den LPSa ikertu dute EHUko zenbait ikertzailek, ikuspuntu juridikotik, geografikotik eta teknikotik, eta arriskuak eta arazoak plazaratu dituzte gaur Gasteizen, EHUren Micaela Portilla aretoan.

Iñaki Lasagabaster Zuzenbideko katedradunak hartu du lehenik hitza, eta lege ikuspuntutik dauden arazoak nabarmendu ditu. Gogorarazi du tokiko administrazio batek onartutako plan batek ezin duela egin administrazio handiago batek onartutako baten kontra, eta gehitu du hori izan ohi dela tokiko erakunde txiki askok dituzten arazoetako bat. Azaldu du normalean antolamendurako planek lurraldea banatzen dutela lur motaren eta eman nahi den erabileraren arabera, eta, beraz, leku baten ezaugarrien arabera, erabilera bat edo beste izan dezakeela. Bada, erabilera horietako bat izaera ez-linealeko zerbitzuen instalazio teknikoak dira, eta bi motatakoak daude, A eta B; bien arteko ezberdintasun nagusia, Lasagabasterrek esan duenez, lurraldean duten inpaktua da. A motakoak handiagoak dira, eta eragin handiagoa dute. Aparkalekuetan, esaterako, 50 autoren langak bereizten ditu bi motak, eta B motakoek errazago lortzen dituzte baimenak, inpaktu txikiagoa dutelako.

149

Eusko Jaurlaritzak berriztagarriak egiteko aurkeratutako kokalekuak. Horietatik 135 Araban daude; zehazki, parke fotovoltaikoak egiteko aukeratutako eremuen %96 daude lurralde horretan, eta eolikoak egiteko %39.

Energia berriztagarria ekoizteko instalazioei dagokienez, adituak namarmendu du gauza ezberdinak esaten dituztela legeek, administrazioen zirkularrek eta sententziek: batzuek A motakoak direla diote, eta besteek, B motakoak direla. Horregatik, batzuetan hektarea erdiko edo 40 hektareako instalazioek trataera bera dute, nabarmendu duenez.

LPSaren araberako lur banaketa

Ana Saenz de Olazagoitiak, EHUko Geografia irakasleak, azaldu du LPSak nola banatzen duen lurraldea. Haize erroten edo eguzki panelen efektua lurraldeak nola hartzen duen, horren arabera banatzen da, eta, urbanizagarriak direlako edota bestelako motiborengatik baztertutako eremuez gain, beste guztiek ahalmen gradu bat dute. Gradu hori baliabide berriztagarrien eta ingurumen sentiberatasunaren arabera kalkulatzen da. Beraz, baliabiderik badagoen ala ez zehazten da lehenbizi; gero, ikusten da sentiberatasuna txikia, erdikoa, handia edo gehienekoa den, eta, horren arabera, ahalmen maila ezartzen da.

Saenz de Olazagoitiaren arabera, LPSa «oso zurruna» da, ahalmen maila hori ez delako «argazki mugiezin bat». Gainera, LPSean jasoa dago ahalmen gradu hori hobetzeko aukera ere, baliabide berriztagarri gehiago baldin badaude; horren ondorioz, nabarmen handitzen da haize errotak eta eguzki panelak jar daitezkeen lurraldearen ehunekoa. Eolikoei dagokienez, aldaketa horiekin 86.157 hektareatan hobetu da berriztagarriak egiteko ahalmen gradua, eta 27.404 hektareatan okertu.

Aurkezpenean, nabarmendu dute plangintza falta dela, eta Araban daudela proiektu gehienak; izan ere, Saenz de Olazagoitiak esan duenez, eguzki plakentzat bereziki egokia da Arabako lautada eguzkitsua, eta mendi haizetsuak ere baditu herrialdeak. Berriztagarriak egiteko Jaurlaritzak aukeratutako 149 kokalekuetatik 135 Araban daude; zehazki, parke fotovoltaikoak egiteko aukeratutako eremuen %96 daude lurralde horretan, eta eolikoak egiteko %39.

Arazoak eta proposamenak

Pascualek garbi utzi du analisiaren helburu handienetako bat, kritika egiteaz gain, egingarria den zerbait proposatzea ere dela. Naiara Moreno ere izan dute aurkezpenean, Jungitu (Gasteiz, Araba) kontzejuko kidea. Esan du LPSa ez dela «benetako plan bat», eta ez dela antolamendurako tresna, berriztagarriak egiteko tresna bideratzailea baizik. Iritzi bera du Pascualek, eta LPSaren tramitazioa «behin-behinean bertan behera» uzteko eskatu du, berme gehiagoko prozesu parte hartzaileago bat egiteko, biztanleen babes handiagoa izango duena. Gogora ekarri ditu onartzear den LPSari aurkeztu zaizkion 4.000 helegiteak.

Aditu horiek uste dute lurraldea sektore pribatuaren eskuetan geratuko dela egungo lurraldearen planifikazioaren ondorioz, eta, horri aurre egiteko, Pascualek nabarmendu du «ezinbestekoa» dela esku hartze publikoa. Bestalde, esan du modu teknikoago eta gardenago batean hautatu behar direla kokalekuak, egun lurraldeen artean dauden desorekak saihesteko, eta neurriak behar direla prozesuetan tokiko administrazioek eskumen gehiago izateko.

LPSaren inguruko eztabaida politiko eta publikorik egin ez izana deitoratu dute. Arartekoak eta 2024ko trantsizio energetikoaren legeak zer dioten gogora ekarriz, Pascualek eskatu du gizartearen parte-hartze prozesuak hobetu eta errazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.