Epea amaitzear dela —uztailaren 24an itxiko da horretarako aukera—, dozenaka alegazio aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzaren Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) hasierako onarpenaren aurka. Bereziki eragile ekologistak —Euskal Herria Bizirik, Arabako Mendiak Aske, Naturkon...— eta udalak mobilizatu dira zentral eoliko eta fotovoltaiko handien ezarpena jasotzen duen dokumentu horren aurka. Dozenaka udalek aurkeztu dizkiote zuzenketak berriztagarrien LPSaren hasierako onarpenari. Horietako asko lurralde plangintza eta ingurumen gaien aholkularitza juridikoan aritzen den Araudi enpresako abokatu taldeak batu ditu zuzenketa orokor batean.
Azpimarratu dute, esate baterako, basa faunan instalazioek —57 udalerritako mendiguneetan aurreikusten dira haize errotak— eragingo luketen kaltea. Esate baterako, deigarria da Elduaingo Udalak aurkeztekoa den alegazioan erantsi duen dokumentu bat, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindakoa, eta inguru horretako mendietan zentral eolikoek hegaztietan egin dezaketen kaltea aztertu duena: «Planteatutako proiektuek kalte konponezinak ekarriko lituzkete, esate baterako, hegazti harrapari eta sarraskijaleetan». Gipuzkoako ekialdean, Nafarroako mugan, zentral eolikoen bi lerrokada aurreikusi ditu LPSak, San Lorentzo-Larre-Ipuliño eta Ulizar-Erroizpe mendilerroetan. Txosten horren arabera, proiektuek sai arreei ez ezik, espezie mehatxatuei ere kalte egingo liekete: sai zuriari, miru gorriari eta arrano beltzari.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Basafaunaren eta Basafloraren Zerbitzuak egindako ikerketak, baina, ohartarazi du proiektu horiek eduki dezaketen ondorioaz: «Ematen den informazio guztiak erakusten du espezie horiek aldian-aldian erabiltzen dituztela proiektu eolikoetarako planteatzen diren eremuak, eta, haiek gauzatuz gero, arriskuan dauden espezieek habitaten kalitatea galtzeko eta talka egiteko arriskua izango dutela. Hori ez da behar bezala baloratu Ingurumen Azterketa Estrategikoan. Energia berriztagarrien LPSak hautatutako kokapenek ez dituzte errespetatzen Europako Batasunaren intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko EAEko Plan Bateratuak eremu kritikoetan parke eolikoak egiteko ezarritako urruntze distantziak».
Elgea Urkillako parkean 2000tik 2020ra izandako hegaztien hilkortasunaren datuak eman dituzte txostenean, arazoaren erakusgarri: 132 sai arre, hiru miru gorri eta arrano arrantzale bat hil dira, besteak beste, bi hamarkadetan. Guztira, 45 espezietako animaliak zendu dira epe horretan Araba eta Gipuzkoa arteko zentral eoliko horretan.
Euskal Herria Bizirik-ek aurkeztu du alegaziorik osoenetako bat, eta horrekin batera, 4.000 herri alegazio, herritarrek, elkarteek eta udalek sinatutakoak. Dokumentu horiek denak Gasteizen aurkeztu zituzten atzo, eta haien artean, 55 orriko alegazio agiri bat. Besteak beste, korridore ekologikoetan, basa faunan, basafloran, landa eremuetan eta, oro har, bioaniztasunean egitasmo horiek egingo dituzten kalteak azpimarratu dituzte. Ohartarazi dute, adibidez, Gipuzkoako 2050erako Energia Iraunkortasunerako planaren «kontrako norabidean» doala LPSa. Izan ere, gogorarazi dute, LPSak ez bezala, Gipuzkoako plan horrek autokontsumorako eredu deszentralizatuaren aldeko apustua egin duela.
«Makroinstalazio» eolikoen eta fotovoltaikoen aldeko apustua egin izana salatu du Euskal Herria Bizirik-ek, eta, horrekin batera, eredu deszentralizatuari eta autokontsumoari «bizkar» eman izana. «LPSak berak dio Euskadiko energia fotovoltaikoaren aprobetxamenduaren %57 eraikinen estalkietako instalazioei dagokiela. Planak, baina, ez du daturik ematen autokontsumorako edo deszentralizatutako sistemen bidez ezar daitekeen potentziari buruz». Euren ustez, ekoizpen industrialeko makro-proiektuak edo eskala handiko eraikuntzak «lehenesten» ditu planak, «Espainian ezarritako eredu berari» jarraikiz.
Halaber, salatu dute EAEko 2030eko Energia Estrategiaren potentzia helburuak gaindituko liratekeela LPSan aurreikusitako instalazio guztiak ezarriko balira: «11.599 GWh ekoizpena izango litzateke, 3E2030 Estrategia dokumentuak aurreikusitakoak (3.454 GWh) halako hiru».
Era berean, salatu dute ekoizpen handitze hori, gainera, balio handiko naturaguneei kalte eginez egin nahi dutela. Arabako Foru Aldundiak aldez aurreko kontsultetan adierazitakoa ekarri dute gogora: «Lurralde hau EAE osoko biodibertsitatearen eta kalitatezko lurzoruen erreserba gisa kaltetzea ekar dezakete proiektu eoliko eta fotovoltaikoek, intentsitate, magnitude eta eragin espazial handikoak izanik».
Bereziki zenbait mendigunetan izan daitekeen ondorioa nabarmendu zuen agiri horretan diputazioak: Arlaban-Elgean, Iturrieta mendebaldean, Cantoblanco mendialdean... Agiriak daukan garrantzia aipatuta, plataformak salatu du informazio publikoaren tramitazioan «ezkutatu» egin dutela.
Baliogabetzeko eskaera
Dozena inguru udal eta erakunderen alegazio bateratu bat aurkeztu du Araudi aholkularitza juridikoak. Raul Sirvent abokatua aritu da horretan, eta ziurtatu du LPSak «legedia urratzen» duela zenbait arlotan. Hori dela eta, prozesua baliogabetzeko eta behar diren bermeekin berrabiarazteko eskatu du, «beharrezko kontrolak eduki ditzan».
Besteak beste, Sirventek uste du parte hartze publikorako prozesua ez dela legezkoa izan, interes handienetakoa duten erakundeak —udalak— hauteskunde prozesu batean harrapatu dituelako. «Hori dela eta, ez da bete legeak informazioa jasotzeko eta alegazioak jartzeko ezarritako 45 eguneko epea». Informazioa jasotzeko herritarren eskubidea ere urratu du Jaurlaritzak, Araudiren zuzenketaren arabera. Izan ere, aipatu du planteatzen diren kokalekuak erakusten dituzten mapak ikusi ahal izateko sistema informatiko geografikoak behar zirela, eta horiek ez daudela edozein herritarren esku.
Parte hartze prozesuan administrazioak «arbitrariotasun handiz» jokatu izana salatu du, eta, halaber, lurraldea antolatzeko araudia urratzea. «Lurraldea Antolatzeko Gidalerroek hierarkia bat ezarri dute plangintza ezberdinen artean: goian lurralde plan partzialak (LPP) daude eta azpian lurralde plan sektorialak eta tokian tokiko hirigintza planak. Bada, gobernuak dio zenbait kasutan LPSak gain har diezaiokeela LPPari. Zergatik egiten du hori? LPPek naturagune asko babesten dituztelako, eta hori muga bat delako instalazio berriztagarrietarako».
Azpimarratu du, esate baterako, informazio prozesuan bete beharreko pauso batzuk ez dituela eman LPSak. Adibidez, Espainiako Gobernuaren Hegazkingintza Zibileko Zuzendaritza Nagusiak adierazi du ez diotela jakinarazi non kokatu nahi dituzten instalazio berriztagarriak, Sirventek dioenez. «Legez bete-beharreko tramitea da hori, hegazkinen aireratze eta lurreratze prozesuen segurtasunean eragina izan dezakeelako».
Araudiko abokatuak «lege urratze eta irregulartasun ugari» aipatu ditu, eta gaineratu du ingurumenaren babeserako berme nahikorik ez dela jarri. «Diotenez, proiektu bakoitzaren ingurumen eraginaren ebaluazioan neurtuko dute euren balizko kaltea, baina 2022tik prozesu hori ez da bete beharrekoa Espainiako estatuan, Ukrainako gerraren ondorioz ezarri zituzten salbuespenengatik. Beraz, ingurumen bermetzat jotzen duten prozedura, gaur egun, ez da legez derrigorrezkoa».