Berriztagarrien argi-itzalak

Eusko Jaurlaritzak lau parke eoliko eraiki nahi ditu Araban, baina desadostasunak eragin ditu energia berriztagarrien eredu horrek. Nafarroan, «eztabaida irekia» eskatu dute halako proiektuen inguruan

Haize errotak, Elgeako parke eolikoan. ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak energia berriztagarrien aldeko apustua berretsi zuen atzo, Espainiako Kongresuan Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua onartu, eta Subilla Gasteizko (Araba) Armentia-II putzuan gasa ustiatzeari uko egin ostean. Jaurlaritzak Arabako mendietan gauzatu nahi dituen lau proiektu aurkeztu ditu aurten, eta, atzo bertan, BOEn argitaratu zenhaize neurtzaile bat ezarri nahi dutela Arbalanen ere (Araba), parke eoliko bat egiteko aukera aztertzeko. Energia berriztagarrien eredu horrek eztabaida piztu du. Herritar batzuen ustez, kalteak eragingo ditu ingurumenean, eta tokian tokiko beharrei erantzungo dien energia eredu demokratikoa eta soziala eskatu dute.

Jaurlaritzaren menpeko EEE Energiaren Euskal Erakundeak Aixeindar sozietatea sortu zuen Iberdrolarekin batera, proiektuei bide emateko. Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak BERRIAri esan dio Arkamoko, Iturrietako eta Labrazako proiektuak dagoeneko BOEn argitaratuta daudela, eta, beraz, alegazioak aurkezteko aukera dago. Azazetako proiektua oraindik ez da publikatu, baina espero du «epe laburrean» argitaratzea. Izan ere, eskaeren izaera ez da berbera. «50 megawattetik gorako proiektuak edo erkidego batean baino gehiagotan gauzatzen direnak [Espainiako] ministerioaren eskuetan daude, eta besteak erkidegoko gobernuaren eskuduntzak dira». Ansolak erantsi du Gipuzkoan eta Bizkaian dauden aukerak ere aztertzen dabiltzala.

Nafarroan ere hedatu da parke eolikoen inguruko eztabaida. Mikel Saralegi Sustrai Erakuntza Fundazioko kidea da, eta jakinarazi du 52 parke daudela martxan, baina beste 39 proiektu ere aurkeztu dituztela. «Enpresa handien aldetik bada bulkada bat, eta hilabeteak daramatzatelurrak begiratzen eta erosten, eta proiektuak aurkezten; Nafarroako Gobernuarena da horiek onartzeko ardura». Hala ere, aitortu du instituzioak «ezikusiarena» egiten ari direla. Haren arabera, parke batzuen tamaina «izugarria» da, eta baimenak Espainiako Gobernuari ez eskatzeko, zatitu egiten dituzte. «Era horretan, ez dute 50 megawatteko muga gainditzen».

Ipar Euskal Herrian, oraingoz, ez dago proiektu sendorik.

Kalteetan erreparatuz

Rebeka Gonzalez de Alaiza eta Itsaso Balsa de Vallejo Arabako Mendiak Aske plataformako kideak dira, eta uste dute proiektu horiek «kalteak» besterik ez dutela eragingo. «Iturrieta eta Arkamo, esaterako, ingurune babestuak dira, eta kontserbazio berezikoak, baina baita korridore ekologikoak ere». Erantsi dute nekrofagoak ere badaudela gune horietan, hegazti batzuen elikadurarako garrantzitsuak, eta, horiek suntsituz gero, animalia batzuk hilko liratekeela. Haize erroten hegalen eragina ere aipatu dute: «Korronteak sortzen dituzte, eta hilgarriak dira; hegaztiak korronteetan ibiltzen dira, eta erroten hegalak ikustean, zulotik igarotzen saiatzen dira». Datuen arabera, haize errota batzuk berrehun metro izango dituzte, eta horietako bakoitzaren oinarriak 25 metroko diametroa izango du.

Mendien «industrializazioa» ere aztergai dute eragileek. «Parke hitzak zerbait goxoa, xamurra eta polita iradokitzen du, baina, proiektu hauen tamaina ikusita, guk poligono erabiltzen dugu», adierazi du Saralegik. Eta gauza bera uste du Gonzalez de Alaizak: «Barregarria da parkeak direla esatea; industrializazioa dakarte, eta lurraren desjabetzea».

EEEko zuzendariak, ordea, argi du zein den asmoa: «Daukagun mix energetikoa geroz eta garbiagoa izatea da gure helburua, eta, horretarako, energia berriztagarriek gero eta parte hartze handiagoa izan behar dute, eta hidrokarburoek, berriz, txikiagoa». Haren arabera, produkzio zenbat eta «garbiagoa» izan, halakoa izango da kontsumoa ere, eta airerako isurketak murriztu egingo lirateke. Hala ere, esan du edozein proiektuk eragin dezakeela ingurumenean, eta gakoa horien inpaktua neurtzean eta neurri egokiak hartzean dagoela: «Hondamendiak sortzeko arriskua balego, ez da proiekturik egingo, eta kito».

Instituzioen parte hartzea

Saralegiren arabera, Nafarroako Gobernua enpresa handien «zain» egoten da, eta «oso rol subsidiarioa» du. Eusko Jaurlaritzak, ordea,lurralde antolamenduaren gidalerro bat du Gonzalez de Alaizak azaldu duenez, eta horrek markatzen du lurraren erabilera. «Proiektu hauek ez dituzte betetzen bertan jasotako helburuak; besteak beste, naturak eskaintzen dizkigun zerbitzuetako ondare naturala mantentzea eta babestea».

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere Arabako parke eolikoen proiektuak geldiarazteko eskatu zuten Eusko Legebiltzarrean, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu bitartean bederen, baina eskaerak ez zuen gehiengoa lortu.

Arabako Foru Aldundiak ere badu zeresana, Gonzalez de Alaizaren arabera: «Josean Galera Ingurumen diputatuak iazko otsailean esan zuen ez zuela babestuko halako proiekturik, eta, beraz, hari eskatzen ari gara gure ondarea eta espazio naturalak babesteko». Arabako Mugarri Plana ere gogoan izan dute plataformako kideek. Haien arabera, plan horretan jasotzen da lurraldeko mendiak babestu egin behar direla, eta, beraz, uste dute diputazioak bere politiken aurka egingo lukeela proiektua bultzatuz gero.

Eztabaida zabaldu denean, hainbat herrik ezetz esan diete parkeei; Erroetak eta Gereñuk, adibidez. EH Bilduk alegazioak egiteko eskatu die udal gobernuei, eta Arabako Mendiak Aske plataformak 3.000 sinadura inguru bildu ditu dagoeneko.

Mugimenduetako kideek salatu dute instituzioek isilik eduki nahi dituztela herritarrak. Saralegik aldarria gogoratu du: «Moratoria nahi dugu, proiektuen eztabaida ireki ahal izateko, eta trantsizio energetikoari heltzeko; horren emaitza izango litzateke plangintza demokratiko bat adostea». Arabako Mendiak Aske-koek, berriz, adierazi dute egoera ikusgarri egitea komeni dela, gizarte osoarengan duelako eragina. Tokiko errealitatera egokituko den energia eredu bat nahi dute, «jasangarriagoa».

Jaurlaritzak, berriz, azaldu du herritarren eskaerak entzun dituela, eta energia berriztagarriak bultzatzeko proiektu «bat bera ere» ez dagoela sobran. Are, eskaria handia dela dio, eta tokian tokiko proiektuekin soilik «ezinezkoa» dela guztiak asetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.