Berriz zigortu dute Troitiño: sei urte kartzelan eta beste bi eta erdi kontrolpean

2012an Londresen atxilotu zutenetik preso egindako denbora kendu beharko liokete zigorretik. ETAn berriz sartzea egotzi diote. Parot doktrinagatik' egin zuen ihesi

jokin sagarzazu
Donostia
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Estrasburgok Parot doktrina indargabetu bazuen ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak bilatu du modua horrekin jarri nahi zioten zigorra ezartzeko Antton Troitiñori. Sei urteko espetxealdia bete beharko du. Eta ondoren, beste bi urte eta erdiz egon beharko du zaintzapean aske, kontrol neurri zorrotzekin. Horrez gain, hamar urteko inhabilitazio osoa izango du.

2012an Londresen atxilotu zutenetik, behin-behinean preso egin du denbora gehiena —hiru urte eta erdi inguru—, eta hori sei urteko zigorretik kendu beharko liokete, baina interpretazioetara zabalik dago hori Troitiñoren auzian.

Fiskaltzak eta AVT biktimen elkarteak zigor handiagoak eskatu zituzten —11 eta 12 urte, hurrenez hurren, eta bost urteko zaintzapeko askatasuna—, baina epaimahaiak erabaki du Zigor Kodearen 579 bis artikulua ezartzea, argudiatuta Troitiño «ETAren esanetara» egon arren «atzeragoardian» zegoela eta ez duela zigorgarria den ekintzarik egin.

ETAn «berriz sartzea» leporatuta zigortu du Zigor Salako lehenengo sekzioko epaimahaiak; Concepcion Espejelek, Jesus Eduardo Gutierrezek eta Nicolas Povedak osatutakoa. Frogatutzat eman dute ihes egiteko EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren «egitura» baliatu zuela, eta horren bitartez lortu zituela nortasun agiri faltsuak eta Iñaki Lerinen helbidea —ETAko kide izateagatik zigortuta zegoen Lerin, harekin bizi zen; iazko ekainean gelditu zen aske—. Hari atzemandako agiriak direla eta, lotu dute Troitiño ETArekin eta jopuntuan jarri dute, halaber, iheslarien kolektiboa; epaiak dio bere xedea dela ETAkoak «babestea eta harremanetan jartzea».

Eskaeratik akusaziora

Kartzelan 24 urte egin ondoren, 2011n geratu zen aske Troitiño, eta 2012an atxilotu zuten, Londresen. Han, egunkariak banatzen zituen. Nortasun agiri faltsuak zituen. Epaiketan, ukatu zuen libre geratzean ETAri laguntzarik eskatu ziola. Azaldu zuen espetxeratu behar zutela jakin zuenean, egin zuela ihes, zigorra «betea» zuelako.

Fiskaltzak haren atxilotzea eta estradizioa galdegin zuen argudiatuta hari Parot doktrina ezartzean «oker burokratiko bat» egin zutela eta behar baino lehenago kaleratu zutela —auzitegiaren kontaketa berriaren arabera, 2017ra arte behar zuen preso—. Hamabost hilabete geroago, Giza Eskubideen Auzitegiak indargabetu zuen doktrina, eta estradizio eskaera atzera bota zuen Westminsterreko Auzitegiak.

Ondoren, akusazioko argudioak aldatu eta ETAn berriro sartzea leporatu zion fiskaltzak. 2016ko abenduan atxilotu zuten berriz Erresuma Batuan, eta auzibide gorabeheratsu baten ostean, iazko maiatzean Espainiaratu zuten.

Sortuk ohar batean salatu du Troitiñori kartzela zigorra luzatu diotela «salbuespeneko legediak ad hoc eta modu arbitrarioan erabilita», eta «mendeku gosea» islatzen duela epaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.