Euskal Presoak

Berriz ukatu diote baldintzapeko askatasuna Jakes Esnali

Bake Bideak erabaki «kriminala» salatu du. Bihar mobilizazioa eginen dute, 19:00etan, Donibane Lohizunen. Frederic Haranburu 'Xistor' baldintzapean askatzearen kontra egin du fiskaltzak, eta urriaren 27an emanen dute erabakia.

Esnal, Parot, eta Haranbururen argazkiak, bakegileen Baionako protestan. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko irailaren 24a
16:57
Entzun

Gidoia errepikatu egin da berriz ere. Lehen instantzian epaileak baiezkoa eman bazuen ere, Dei Auzitegiak ukatu egin du Jakes Esnal euskal presoaren baldintzapeko askatasun eskaera. Esperantza sor zezakeen lehen epaiak, Euskal Herrian gatazkaren konponbidean emandako urratsak kontuan hartzen zituelako, baina terrorismoaren kontrako fiskaltzaren bidea segitu du azkenean Dei Auzitegiak. 69 urte ditu Donibane Lohitzuneko (Lapurdi) presoak, eta 30 urte egin ditu presondegian.

Erabakia «kriminala» dela salatu du Bake Bideak ohar batean, eta «onartezina» deritzo botere politikoak egoera hau ontzat jotzeari. «Bake prozesuari eta Euskal Herriko gizartearen nahiari egokitua den politika penal bat behar dugu», aldarrikatu du. Larunbatean bakegileek antolatutako ekintzan errandakoak oroitarazi dituzte, mobilizazio fase berri baten beharra nabarmenduta: «suprefeturaren aitzinean burutu genuen ekintza sinbolikoan, blokeoaren murrua eraiki genuen, eroraraziko dugun murrua, kosta ala kosta!».

Haranbururen erabakia urrian

Esnalen eskaeraz gain, gaur iragan da Frederic Haranburu Xistor euskal presoaren baldintzapeko askatasun eskaera Dei Auzitegian. Fiskaltzak eskaeraren kontra egin du. Urriaren 27an emanen dute erabakia.

Haranburu, Esnal eta Paroten egoerak salatzeko mobilizazioa deitu du bihar arratsalderako Bake Bideak, 19:00etan, Donibane Lohizunen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.