Indarkeria matxista. 'Soilik baietz da baietz' legea. Miren Ortubai. Zigor zuzenbidean aditua

«Berriz indarkeria aipatzeak onespena ez du auzitan jartzen»

Ortubairentzat, argi esan behar da 'soilik baietz da baietz' legeak zigorrak delitu bakanetan urritzen dituela; asmo txarrez hauspotutako gatazka bat dela. Behin legea aldatzen hasita, ordea, egokitzat du PSOEren hautua.

BERRIA.
arantxa iraola
2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Miren Ortubaik (Gasteiz, 1958), elkarrizketako galderak erantzuten hasi aurretik, esan du «testuingurua» eman nahi duela. Zigor zuzenbidean aditua da, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle izandakoa, eta lehendik ere usu argudiatu izan du soilik baietz da baietz legearen inguruan sortu diren kritiken atzean «gatazka faltsu bat» dagoela. Berritu egin nahi du mezua: «Iruzurrezko debate bat sortu da. Zigorrak ardatz hartuta diharduen eztabaida horretan jardutea nahi dutenek beren eztabaida eremura eraman gaituzte; demagogiaren eta populismoaren iruzurrean erori gara, eskuin muturrak eta eskuinak sustatuta». Uste du hori argi eta ozen esan behar dela: «Izan ere, Zigor Kodearen erreforma lege honen parte txiki bat da, bigarren mailakoa». Horiek horrela, soilik legearen alde horri erreparatuta puztu diren titulu eta adierazpenek desitxuratu egin dute legearen muina, eta tapatu egin dituzte dakartzan onura ugariak. Behin hori argi utzita erantzun ditu legearen erreformari buruzko galderak.

 

Legeak ekarritako zigorren urritzeak konpontze aldera, legearen erreforma bat proposatu du PSOEk. Onespenaren inguruan ardaztuta zegoen lehen; zigorrak handitze aldera, larderia eta bortxa aintzat hartu behar direla esan du. Zer iruditzen zaizu?

Ez da egia legearekin zigorrak apaldu direnik; bi kasu oso zehatzetan urritu dira. Baga: adingabeei egindako sexu erasoetan. Biga: sarketarik gabeko sexu erasoetan. Justu bi horiexetan apaldu dira zigorrak, pixka bat. Hain txikia bada zigorren apaltzea, zergatik urritu dira hainbeste zigor? Bada, horra: ez dira hainbeste zigor urritu ere. Estatistika serioenen arabera, berrikusi diren hiru zigorretik bat urritu da. Eta zergatik beheratu dira, zigorren apaltzea berez oso txikia bada? Horra: lege berriarekin, lehen bi figura juridiko zeuden tokian, orain bakarra dago. Lehen bortxarik gabeko erasoak ziren abusuak; erasoak, berriz, bortxa erabilita egindakoak. Orain figura bakar batean bildu dira, eta horrek erabaki ahalmena handitu die epaileei: zigor abaniko handiagoa dute. Ez nuen uste horretaz baliatuko zirenik zigorrak apaltzeko...

Eta hori gertatu da?

Egon dira epaileak, ez dakit matxista deitu behar ditudan, edo ideologikoki lege honen kontra egin nahi izan duten, baina lege berriak ematen dien erabaki ahalmen handiago hori erabili dute esateko: 'Hara, legeak zigorrak apaltzeko era ematen didanez, apaldu egingo dut'.

Ez daude behartuta, lege berriaren irizpideak aintzat hartuta, zigorrak apaltzera?

Kasu oso gutxitan daude epaileak zigorrak apaltzera behartuta. Halakoak oso gutxi izan dira. Kasu askotan epaileen erabakia izan da. Esan dut: erabaki ahalmena handitu zaie, eta alde horretatik egin dute hautua. Zentzuz jokatzen dute beste hainbat epailek, berriz, ez dute horrelakorik egin. Demagun, esaterako, zortzi urteko zigor bat jarri zutela lehen; oraingo legearekin ere izango lukete zortzi urteko zigorra jartzeko era, eta legea lehengoan uztea erabaki dute. Zentzu urriagoz jokatu duten beste hainbat epailek, berriz, eta nire ustez, gainera, asmo txarrez, esan dute: 'Lehen, sei urteko zigorra jarri genion, baina, orain, lege honekin zigorra apaltzeko era dago, eta apaldu egingo diot'. Baina ez da ezinbestekoa. Zenbait epailek probetxu atera nahi izan diote legeak eman dien erabaki tarte handiagoari; baina legeak ez zien eman tarte hori legeak apaltzeko, baizik eta zigorrak kasu bakoitzaren larritasunaren arabera egokitzeko.

Epaileen jokatzeko era horri muga jartzea bilatu du PSOEk erreformarekin?

Orain zera esan da: eraso batean bortxa badago, ezin duzu zigorraren beheko mugaraino jaitsi; sarketa eta indarkeria badaude, gutxienean sei urteko zigorra jarri behar da. Epaileen erabaki tartea txikitu da.

Baina ez da atzerapausoa delitua egon den ebazteko onespenean ardaztutako eredu batetik orain bortxa edo larderia egon direla berriro frogatzen hasi behar izatea? Hori da Berdintasun Ministerioko ordezkariek behin eta berriz azaldu duten kezka...

Uste dut Podemosekoak gotortu egin direla mezu horretan: bortxa berriz aipatzeak onespena auzitan jartzen duela esaten ari dira. Ez da egia. Onespenari eman zaion garrantzia emateak eragin pedagogikoa izan du: oso ona. Jendeak orain badaki nahi ez badu ez dituela zertan pairatu zenbait gauza, eta salatu egin ditzakeela, gainera... Beste kontu bat da gero ausartuko zaren. Baina onespenaren ideia zabaldu izanak izan duen eragin pedagogikoa oso ona izan da. Bortxarekin eraso bat larriagoa dela berriz esateak, ordea, ez du onespena auzitan jartzen. Finean, mundu guztiak daki, edozein delitutan, bortxa badago, min handiagoa egiten dizutela. Baina nik uste dut horrek ez duela, inondik inora ere, onespena auzitan jartzen.

Ez da biktimen kalterako?

Podemosekoek eragotzi nahi zuten biktimak, behin auzibidean sartu eta gero, berriz biktimizatzea; halakoetan gertatu izan diren gurutze bide horietara eramatea. Atzean utzi nahi izan dituzte andreek pairatu behar dituzten galdeketak, beren jarrerari eta portaerari buruzko azterketak, biktima on bat edo andre txar bat erabakitzeko ahaleginak... Horren kontra egin nahi izan dute onespenaren gaiarekin; ahalegin bat izan da, baina horretarako ez da aski delituaren definizioa aldatzea. Garrantzitsuena da prozesu penala nola egiten den, galdeketak nola egiten diren, nola ikertzen den, hor andrea errespetatzen den, hor sinesten den berak esaten duena, edo dena auzitan jartzen den. Egia da justizian estereotipo matxista asko daudela, eta askotan sinesgarritasunik ez zaiela ematen andreei; hori da aldatu behar dena...

Begirada...

Hori da, begirada: ikuspuntua. Aurreiritzi matxistak bazterrean utzi behar dira, eta hori ez da Zigor Kodea aldatuta bakarrik lortzen.

Eta legearen erreforma egite aldera bide hori bakarrik zegoen? PSOEk hautatu duena? Ezin zen lehengoan utzi eta soilik gutxieneko zigorrak handitzera egin, beste deusetan sartu gabe?

Zigorrak bakarrik aldatu? Zertarako? Lehengora noa: ez dira-eta zigorrak urritu. Gezurra da hori: sinetsi egin dugu gezur hori. Arazoa da figura juridiko zabalegi bat sortu dela, marjin handiegia eman diela horrek epaileei, eta apaldu egin behar dela orain hori. Bestea zen zaparrada hau guztia aguantatzea, pedagogia egitea: legearen alde onak nabarmentzea, asko baitira. Baina hori egin ez denez, nik uste dut hautatu den formula hau ez dela hain txarra ere; niri ez zait hoberik bururatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.