Berriz ere kaleak hartzera

Bihar egingo dute alardea Irunen, berrikuntza eta guzti: lehenengoz, gizon bat aterako da kantinera. Alarde parekideak salatu du alkateak entzungor egiten diela eskaerei.

Irungo alarde parekideko kantineren aurkezpena, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun

Gainean da San Martzial eguna: bihar ospatuko dute egun handia Irunen (Gipuzkoa). Eta alardea. Aurten, berriz ere, desfile baztertzailekoek ukatu egingo diete emakumeei soldadu ateratzea. Alarde parekidean izango dute horretarako aukera. Alabaina, hari entzungor egiten jarraitzen du Jose Antonio Santano alkateak (PSE-EE): behin baino gehiagotan eskatu dioten arren, aurten ere Irungo Udalak ez du bere gain hartu desfilea antolatzea. «Ez dugu erantzunik jaso. Ezta batere». Kexu mintzo da Maite Bergara, Irungo alarde parekideko jenerala. Harago joan da: «Harentzat ez gara existitzen; enbarazu egiten dugun zerbait gara, hor dagoena. Baina ez digu erantzunik ematen».

Ez erantzunik, ez keinurik. Jeneralak ez du espero Santanok jarrera aldatuko duenik biharko alardean. Uste du oraingoan ere ez diela harrera egingo: «Harrera egin behar liguke, alarde pribatukoei egiten dien bezala. Baina ez dugu espero». Iaz bazuen esperantza, pandemia igaro berria zelako eta botoa berritzearen inguruan «gauzaren bat» mugitu zelako: «Uste nuen ez zela ausartuko berriz irteera lekuan jartzera». Halaxe egin zuen, ordea.

Eta aurten, gainera, giroa gaiztotu da alardearen atarian. Bergararen hitzetan, gertakari «oso kezkagarri bat» izan da. Azaldu duenez, hilaren 22an, entseguak amaituta, ohiturari jarraituz, gazte talde bat instrumentuak jotzen ari zen udaletxe aurreko San Juan plazan, modu informalean. Bi edo hiru neska batu zitzaizkien txilibituekin. Eta: «Denak hasi ziren oihuka: 'Alde hemendik, alde hemendik, alde hemendik'». Bergarak argi utzi du mezua ez dela gazteona soilik: «Beren alardeko helduak isilka eskatzen ari zaizkiena oihukatzen dute haiek: emakumeak festatik kanpo egon gaitezela».

Halaber, nabarmendu du erakunde publikoek ez diotela erantzun erasoari. Haren esanetan, talde feministek egin dituzte adierazpenak, baita EH Bilduk ere, baina erakunde publikoetako deirik ez dute jaso, ezta udalarena berarena ere: «Berriz ere isiltasuna. Isilik geratzea ere erantzun bat da, eta erantzun oso oldarkorra da. Oso larria da gertatu dena, oso larria: leku publiko batean emakumeei hitzez oldartu zaizkie, eta bota egin dituzte, emakume izateagatik. Eta erakundeetatik inork ez du ezer esan».

Gero eta gehiago

Erasoak eraso, handitzen jarraitzen du alarde parekideak. Bergarak ziurtatu du goranzko joeran daudela, gero eta parte hartzaile gehiago dituztela. Baikor dago: «Handitzen jarraituko dugu». Nahi duen oro «ongi etorria» dela dio Bergarak, baina, aldi berean, gogoratu du nahiz eta egoerak hobera egin duen oraindik «oso ausarta» dela desfile parekidean ateratzen den jendea, presioak direla medio ez delako «erabaki erraza».

Etengabe hazten ari direlako seinale da aurten beste konpainia bat izango dutela: San Miguel konpainia. Pozez hartu du albistea Bergarak, «oso-oso ona» iruditzen baitzaio: «Oso polita da konpainia nola jaio den, auzotik bertatik sortu baita». Gainera, nabarmendu du talde «handia eta gaztea» izango dela.

Baina etengabe handitzen bakarrik ez, eguneratzen ere ari da Irungo alarde parekidea. Aurten, esaterako, lehenengo aldiz gizon batek desfilatuko du kantinera gisa, Antxon Jauregik. Zerbait naturala izan dela dio Bergarak. Azaldu duenez, orain denbora bat Alarde Parekidearen Juntan planteatu zuten ea zer gertatuko zatekeen kantinera postura gizon bat aurkeztuz gero. Aurten, aurkeztu da, eta zozketaz egokitu zaio San Miguel konpainiako kantinera izatea. «Gure helburua da alardean denok edukitzea aukera bete dezakegun edozein postutan egoteko». Batzuk harrituta ikusi ditu, baina galdetu du: «Eta zergatik ez? Oso ondo egiten du, eta oso gustura dago».

Nola konpondu?

Aurten, 27 urte dira emakume talde bat lehen aldiz Irungo alardean sartzen saiatu zela, eta duela mende laurden egin zuten aurreneko aldiz alarde parekidea. Bergarak dio «ikaragarri gogorrak» izan zirela lehen urte horiek. Goraipatu du ordutik bidea «lan askorekin eta esfortzu handiarekin» urratu dutela, baita erakunde batzuen «ezinbesteko laguntzarekin» ere —Emakunde, EAEko Arartekoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia aipatu ditu—: «Bestela, hau ez zen posible izango». Alabaina, oraindik «paradoxa ikaragarri bat» dagoela uste du: «Egon behar duen lekuan egon behar lukeen erakundea udala da. Eta kontua ez da ez dagoela bakarrik: ez du erantzun ere egiten».

Uste du konponbiderako ezinbestekoa izango dela udalaren konpromisoa. Bergarak nabarmendu duenez, legez jasota dago alardea egiteko modu bakarra beraiek egiten duten modua dela; alegia, emakumeei nahiz gizonei «modu askean» parte hartzen uztea. Horretarako, beharrezkotzat jo du udalak ausardiaz jokatzea: «Udal ausart batek esan behar du: 'Alardea antolatuko dut parte hartu nahi duzuenekin, eta hitz egingo dut jada antolatzen dutenekin'». Eta, horiek horrela, uste du alarde baztertzaileko kide gehienak mugituko liratekeela «ulermen jarrera batera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.