Berriz atxilotu eta gero, kanporatze arriskuan daude Bilbon aske utzitako laurak

Iragan asteko bortxaketarekin lotuta atzeman zituzten. Papergabeak direla eta, kanporatze txostena prestatu du Espainiako Poliziak

2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Kanporatze arriskuan daude joan den asteko talde bortxaketarekin lotuta atxilotutako gizonetatik lau. Bilbon gertatu zen erasoan parte hartzea egotzita, sei gizon atzeman zituzten, eta horietako lau aske utzi zituen epaileak, baina, atzo, lau horiek berriro atxilotu zituen Espainiako Poliziak, atzerritartasun legea aplikatuta—Aljeriakoak direla adierazi dute hedabide batzuek—. Ordu batzuetara libre utzi zituzten berriz, baina jaioterrira itzularazteko prozedura abiatuta. Izan ere, Polizia iturriek BERRIAri azaldu diotenez, lau gizonak egoera administratibo irregularrean daudela egiaztatu zuten, eta haiek kanporatzeko txostena aurkeztu zuten.

Bortxaketa abuztuaren 1ean izan zen, Bilboko Etxebarria parkean: 18 urteko neska batek salatu zuen hainbat gizonek eraso egin ziotela. Hurrengo egunean atxilotu zituzten sei gizonak, 18 eta 36 urte artekoak; abuztuaren 4an, epaileak atxilotuetako bi espetxeratu zituen, eta beste laurak libre utzi. Lau horiek baldintzapean askatu zituzten, eta egunero epaitegira joatera behartuta zeuden. Atzo, Abandoko tren geltokian atzeman zituzten poliziek.

Azken egunotan zeresan handia eman du lau gizonak aske utzi izanak; Clara Campoamor talde feministak, esaterako, berriz atxilotzea galdegin du. Lauren jatorriaren harira ere, iruzkin xenofoboak izan dira. Bilbo Feminista Saretzen taldeak, hala ere, azaldu du mugimendu feminista «antirrazista» dela, eta «nagusi den maskulinitate ereduan» jarri beharko litzatekeela arreta: «Emakumeok bortxatu eta erailtzen gaituztenak gizonak dira, edozein dela haien jatorria, adina, maila soziala edo biktimarekiko harremana». Gaineratu du neurri polizialek edo zigortzaileek ez dutela «ezertarako balio ez badoaz neurri hezigarrien eskutik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.