«Berritua», baina betikoa

Bizkaiko PPren presidentea aukeratuko dute gaur. Batasunerako deia egin du Alonsok

JAVIER ZORRILLA / EFE.
jokin sagarzazu
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
«Argi dago: ideologikoki alderik ez dago gure artean». Raquel Gonzalez PPk Getxon duen taldeko idazkari nagusi eta zinegotziarenak dira hitzok, eta, azken ordukorik ezean, Nerea Llanos getxotarrarekin lehiatuko da gaur arratsaldean Bizkaiko PPko presidentea aukeratzeko egingo duten kongresuan, Bilboko Euskalduna jauregian.

Sakonean, ñabardurarik ez dago bien artean; hala aitortu dute. Biak, gainera, bat datoz diagnostikoan, eta balizko irtenbidean: hamar urtean alderdiak galdu ditu Bizkaian zituen ordezkari instituzionalen erdiak, eta beste horrenbeste boto. Biek uste dute herritarrei «ireki eta hurbildu» behar dietela alderdia; «urruntzea eta bakartzea» izan direla egungo egoeraren arrazoi nagusiak. Eta, neurri baten, baita PPrekin loturiko ustelkeria kasuak ere, Bizkaian arrastoa utzi dutenak, baina bietako inork bere egiten ez dituztenak. Zerk banatzen ditu, hortaz? Bizkaiko PP «kudeatzeko modua»; funtsean, alderdi barruko kidetasun eta harreman pertsonalak, eta botere kuotak. Hori ere aitortu dute biek.

Oinarrian, bi hautagaiak dira EAEko PPren presidente Alfonso Alonsoren ildokoak. Biek azpimarratu dute lagunduko dutela PP eta EAJren arteko harremanak hobetzen. Llanosek erakutsi du hori Eusko Legebiltzarreko PPren bozeramaile gisa, eta Gonzalezek ere argi utzi du hori azken asteetan Getxoko Udalean, jeltzaleekin eginiko akordioen bidez.

Azken unera arte aritu da Alonso zerrenda bateratu bat osatzeko ahaleginetan. Berak esan ez, baina bi hautagaiek onartu dute Llanosi presidentetza eta Gonzalezi idazkaritza nagusia eskaini dietela. Llanosek atzo aitortu zuen bera prest dagoela hori onartzeko; ez, ordea, Gonzalez. «Jada ez da bulegoetan hitz egiteko ordua; afiliatuen txanda da». Azken orduko akordiorik ezean, lehen aldiz lehiatuko dira bi hautagai Bizkaiko PPn, 2008tik buruzagitzan egon den Anton Danborenea ordezkatzeko.

Kongresurako 805 militantek eman dute izena, eta haiek izango dute botoa emateko aukera. Bi hautagaiek jasotako abalei erreparatuz gero, estua izan daiteke lehia: hamahiru abalen aldea egon da, Llanosen alde, 875etik. Batak ala besteak irabazi, Alonsok argi utzi du hurrengo egunean zer egin behar duten: «Aurretik ez bada, bozketaren ondoren eta berehala egin beharko dute akordioa». Bi hautagaitzek babesten dute kongresurako egin den txostena.

Aulki jokoa

2015ean jarri zuen Mariano Rajoyk EAEko PPren zuzendaritzaren buruan Alonso, Arantza Quirogak dimisioa eman ostean. Eta aurten berretsi dute karguan, %95eko babesarekin. Martxoan eginiko kongresuan, Alonsok zehaztu zituen datozen urteetarako gidalerroak. Horrekin lotuta azpimarratu zuen Eusko Legebiltzarrean EAJrekin eta PSE-EErekin eginiko aurrekontu akordioa.

Alonsoren agindupean ari dira berritzen herrialdeetako zuzendaritzak. Aurreko larunbatean, Gipuzkoakoa: Borja Senper aurkeztu zen bakarrik, eta %90,5eko babesa eskuratu zuen. 2009tik da Senper herrialde horretako presidentea. Ekainaren 17an aukeratuko dute Arabakoa, eta egungo presidente Iñaki Oiarzabal baino ez da aurkeztu.

EAEko PPren barne boterea beti banatu da alderdiak Araban duen botere instituzionala eta Bizkaian lortzen duen boto kopuru handiagoa kontuan hartuta. Danborenea agintean egon den urteetan, baina, behera egin du nabarmen Bizkaian, Hego Euskal Herri osoan bezala. Baina Gonzalezek-eta diote hori gertatu dela Bizkaiko zuzendaritza ez delako berritu, «Arabakoa eta Gipuzkoakoa ez bezala».

«Gu ez gara inorekin kritikoak. Kontua da ez gaudela azken urteetako kudeaketarekin ados eta alderdia berritu nahi dugula», azaldu zuen Gonzalezek bere hautagaitzaren aurkezpenean. Danborenearen kudeaketaren «opakutasuna» azpimarratu zuen orduan, eta Arturo Aldekoa alderdiko kudeatzaile ohiaren auzia ere aipatu zuen, baina horren erantzukizuna inori leporatu gabe.

Gonzalez ez baita berria. Bizkaiko zuzendaritzako kide ere bada, eta EAEko PPren zuzendaritzakoa; 2015etik, Eskubide eta Askatasunen idazkari. Iaz, Espainiako Senaturako zerrendaburua izan zen Bizkaitik. Eta hura babestu dutenak ere PPren lehen lerroan egondakoak dira: Carlos Iturgaiz eurodiputatua, esaterako, 1996tik 2004ra EAEko PPren presidente izandakoa.

Baina bere gertukoen artean Bizkaian pisu handiena du Esther Martinezek. 2008an, Danborenea herrialdeko presidentetza eskuratu zuenean, idazkari nagusi kargutik kendu zuen eta Llanos jarri. Ordutik, talde bat bildu da Martinezen inguruan, gehienak Danboreneak ardura karguetatik kendutakoak: besteak beste, Gonzalo Matxin batzarkide ohia eta Cristina Ruiz Bilboko Udaleko bozeramaile ohia. Llanosek, aldiz, kargu publiko gehienen babesa du.

Danboreneak babestuta egin du bidea Llanosek. 2013an, Quirogak hautsi egin zuen idatzita ez dagoen akordioa eta kargu nagusietatik kendu zituen arabarrak: Llanosek eskuratu zuen EAEko idazkaritza nagusia, Iñaki Oiarzabalen ordez. Horrek haserrea eragin zuen arabarren artean. Eta hain justu, Gonzalezen hautagaitza babestu du Oiarzabalek orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.