Billabesetako gidariek ere lanuzteei ekin diete berriro, iragan asteko elkarrizketek emaitzarik eman ez zutenez gero. Astearteetan eta ostegunetan goizean goiz, 06:00etatik 08:30era, lanuzteak egiten ari dira. Iruñerriko Mankomunitateak %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, eta hala ere, onartu du atzerapenak «orokortuak» direla.
Goizean goiz, 70.000 herritar inguruk erabiltzen dute Iruñerrian autobus zerbitzua, gehienbat lanera edo ikastetxera joateko. Egunero 81 autobus ateratzen dira Ezkabako aparkalekuetatik, eta, aurreko lanuzteetan bezala, Espainiako Polizia bertaratu da gutxieneko zerbitzuak betetzen direla ziurtatzeko. ELAren arabera, langileen %100ek jarraitu du lanuztea.
Atzerapenak egon dira goizean, Iruñerriko Mankomunitateak onartu duenez. Txio baten bidez jakinarazi du espero duela berriro ohiko martxa hartzea 09:00etatik 10:00etarako tartean.

Sindikatuen arabera, lan gatazka korapilatuta dago. Asteazkenean, Iruñerriko Mankomunitatearekin bildu ziren, eta, ostiralean, berriz, TCC Moventis enpresarekin. Mankomunitateko arduradunek erantzun zieten ez zegokiola eskaera horiei erantzutea, eta enpresak, bestalde, atzera bota zituen langileen ordezkariek aurkeztutako proposamenak. Horren ondorioz, langileek erabaki zuten lanuzteekin segitzea.
Sindikatuek lan baldintza hobeak eskatzen dituzte. Kexu dira autobus askok matxurak dituztelako, eta lanean direnean komunera joateko aukerarik ere ez dutelako. Herritarrei barkamena eskatu diete sortutako arazoengatik, baina gogorarazi dute kalitatezko autobus zerbitzua ematea dutela helburu.