Ia urtebete igaro da Gora Gasteiz taldeak hiria askotariko kolorez jantzi eta etorkizuneko Gasteiz irudikatu zuela. «Bizikidetzaren oinarriak» jarri zituzten orduko hartan, eta hiri «justu eta solidario» baten aldeko sareak ehundu. Herritarregandik sortu eta herritarrentzako mugimendua izan zen, askotariko jendea elkartu zuena. Hain zuzen, hori bera erakusten duen dokumentala aurkeztu berri dute: Gora Gasteiz: izan kolore. Beñat Fontaneda zinemagile gasteiztarrak zuzendu eta ekoitzi du filma. Iazko apirilaren 18ko ekitaldian grabatutako irudiek zein 23 lagunen testigantzek osatzen dute dokumentalaren mamia. Finean, Gora Gasteizen historia kontatzen du; hasieratik bukaerara. «Egia esan, ez dakit bukaerarik duen ere», nabarmendu du egileak.
Gora Gasteizek 2015eko apirilean eman zuen bere ibilbidea amaitutzat. «Gure helburuak beteta eman genion amaiera proiektuari. Alegia, ikusaraztea hiri pluralago, koloretsuago eta solidario baten alde egiten zuten herritarrak gehiengoa zirela hirian», azaldu du Ainhoa Garagalzak. Taldearen sortzaileetako bat da. «Erantzun bat emateko sortu zen Gora Gasteiz, eta hori egin genuen», gaineratu du. Bada, bost hilabeteko ibilbidea «laburra» izanagatik ere, bukatutzat ematea «beharrezkoa» zela nabarmendu du: «Ezinezkoa da hiria bost hilabetean aldatzea, eta ez zen hori gure asmoa. Guk etorkizunerako oinarri bat jarri dugu».
Alde horretatik, memoria lanaz gaindi, dokumentalak etorkizunean izan dezakeen balioa azpimarratu du Fontanedak. «Filmean aipatzen da oraindik lan asko geratzen dela egiteko. Hori da, hain zuzen, dokumentalarekin erakutsi nahi duguna: alegia, gai garela, etorkizunean berriz ere herritarrak elkartu eta guztion artean gauzak aldatzeko».
Hori horrela, Gora Gasteiz ekinbidea ez dela amaitutzat eman behar gogorarazi dute Garagalzak eta Fontanedak. Izan ere, taldea orain «lo» badago ere, «alarma prest da behar denerako». «Gora Gasteizen ehundutako sareak betirako dira, eta hor daude inoiz berriz behar badira. Lehen pausoa emanda dago jadanik, eta hori da garrantzitsuena».
Azken hilabeteetan «bakoitza bere aldetik» lanean ari dela aazaldu du Garagalzak. Hala ere, Gora Gasteizen ondoren izan da mugimendurik ere. Xede bereko elkarte bat sortu da hirian, esaterako: Gasteiz Irekia. Hori «positiboa» dela adierazi du: «Hala ere, mugimendua beti egon da hirian, eta Gora Gasteiz horren emaitza izan zen, hein handi baten. Orain, berriz, Gora Gasteizi esker sortu dira beste ekimen batzuk, eta hori oso garrantzitsua da. Indar handiko loturak sortu dira».
Hala ere, bestelako ondorio nabarmenagorik utzi du. «Helburu politikoetatik at» sortutako mugimendua izanik ere, arlo politikoan utzi du orbainik handiena: alkate aldaketa. Oposizioko alderdi guztiek Gorka Urtaranen alde egin izanaren «erantzule» sentitzen direla aitor dute Gora Gasteizeko kideek. «Gure lanak,noski, izan zuen zer esana erabaki politiko hartan. Baina uste dut erabakia alderdi politikoena izan zela, eta hori ere nabarmendu beharra dagoela», azaldu du Fontanedak. «Hala ere, egia da guk akordio hori erraztu genuela. Gora Gasteiz sortu izan ez balitz, beharbada, alderdi politikoek ez lukete erabaki hori justifikatuta ikusiko», erantsi du Garagalzak.
Edonola ere, argi dute egindako presioa «herritar guztien onerako» izan zela. «Diskurtso hark ezin zuen agintean jarraitu», azpimarratu du Fontanedak. Javier Maroto alkate ohiaren adierazpenez mintzo da. 2014ko udan gizarte laguntzen gainean esandakoek eragin baitzuten egoerak gainezka egitea.
Hirian izan zen bestelako gertakaririk, ordea: «Autobuseko edota igerilekuko gertakari xenofoboak, meskiten aurkako erasoak... Diskurtso hark halako gertaerak erraztu zituen, azken finean», azaldu du Garagalzak. «Marotok helburu politiko batzuekin egin zituen adierazpen haiek, eta horrek erakusten du hirian zegoen giroa nolakoa zen», gaineratu du Fontanedak. «Gizarte laguntzen inguruko eztabaidak nonahi ziren hirian, eta gogorrak eta itsusiak ziren sarri».
Horrek guztiak gizartea zatikatzeko arriskua «areagotu» egin zuela iritzi dio Garagalzak. «Mezu hori zabaltzea, beldurra hedatzea... Gora Gasteiz horren aurka altxatu bazen ere, kaltea eginda dago». Europako errefuxiatuen egoerarekin alderatu du Gasteizko kasua: «Erabiltzen ari den diskurtsoa berdina da. Alegia, batzuk kanpoan utzi behar ditugula beldurragatik, eta gure segurtasuna aitzakia hartuta».
Edonola ere, Gora Gasteizi esker diskurtsoari emandako erantzunaren garrantzia nabarmendu dute bi kideek. Halaber, «moduak» azpimarratu ditu filmaren egileak. «Zabaldutako mezu positiboarekin geratzen naiz ni. Benetan eraiki nahi den hiria irudikatzea zen garrantzitsuena, eta hori lortu zen. Filmean ere hori erakusten saiatu gara».
Askotariko herritarrak, koloreak, eta iritziak: guztiak biltzen ditu filmak, ekinbideak berak bezala. Hilabeteak behar izan dituzte dokumentala egiteko, baina «oso pozik» dira emaitzarekin. Gora Gasteizen «espiritua» mantentzen duela azaldu dute, eta une oro hori mantentzen saiatu direla. «Gora Gasteiz desberdina izan da bakoitzarentzat. Bakoitzak bere Gora Gasteiz propioa du. Hori islatzen saiatu gara».
Gora Gasteiz: izan kolore filma hil hasieran aurkeztu zuten hirian. Apirilean, berriz, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian emango dute, eta ondoren beste zenbait euskarrietara zabaltzea espero dute. «Taldea ez da ezaguna Gipuzkoa edota Bizkaia aldean. Askok zerbait entzuna izan arren, ez dakite zer ekarri zion Gasteizi. Filma hemendik kanpo erakusteak lagunduko du».
Hitzez hitz dena eraitsi, eta hitzez hitz dena eraiki; «baina beti irribarre batekin», erantsi du Fontanedak. Etorkizuneko Gasteiz baten lehen pausoak ahalbidetu zituen mugimenduak, baina egiteke dago oraindik. «Gora Gasteizek hazi bat landatu zuen, eta orain ereiten jarraitu behar da. Erantzukizuna guztiona da».
Beñat Fontaneda eta Ainhoa Garagalza. Gora Gasteiz
«Berriro elkartzeko gai garela erakusten du dokumentalak»
Ia urtebete da Gora Gasteiz taldeak bukatutzat eman zuela bere ibilbidea. Hura gogoratzeko dokumentala aurkeztu dute orain: 'Gora Gasteiz: izan kolore'. Testigantzekin eta artxibo irudiekin osatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu