Gas usainaren ondorioz, hainbat bizilagunek berriro alde egin dute etxetik Noainen

Arratsaldean bizilagun batek gas usaina aditu du berriro, baina bertaratutako zerbitzuek ez dute gas aztarnarik atzeman. Sebastian Marco alkatearen arabera, «normala da bizilagunen asaldura».

Asteazkeneko irudi bat, familia batzuk etxera itzultzen hasi zirenekoa. VILLAR LOPEZ / EFE
Asteazkeneko irudi bat, familia batzuk etxera itzultzen hasi zirenekoa. VILLAR LOPEZ / EFE
inaut matauko rada
2025eko urtarrilaren 17a
19:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Noaingo (Nafarroa) Zabalegiko Kontzejua kaleko eta Lostra hiribideko hainbat eraikin berriro hutsik geratu dira arratsaldean. Bizilagun batek gas usaina aditu duela ohartarazi die larrialdi zerbitzuei, 17:34an. Berriro ere gas isuria izan zitekeela-eta, beldurrez, bertan bizi diren bizilagunetako batzuek etxetik alde egin dute euren borondatez.

Astelehen arratsaldean gas leherketa bat izan zen bertan, eta oraindik familia batzuk etxera itzuli ezinik daude. Bederatzi zauritu izan ziren leherketa hori zela eta. 120 etxebizitza hustu zituzten orduan, eta asteazkenean 120 horietatik 80k etxera itzultzeko baimena jaso zuten.

Gaur berriro atera izan behar dute, gas usaina aditu dutelako. Nahiago izan dute etxea utzi, adituek arriskurik ez dagoela egiaztatu arte. Larrialdi zerbitzuak eta gas konpainietako langileak bertara joan dira zehazteko antzeman duten usain hori benetan gasa den edo ez, eta, hala balitz, zergatik gertatu den. Adituek probak egin dituzte, eta guztiek negatibo eman dute. Beraz, egiaztatu ahal izan dute ez zegoela arriskurik.

Sebastian Marco Noaingo alkateak baieztatu du ez dagoela gas isuririk. Haren ustez, asteleheneko eztandaren ostean, «erabat normala eta ulergarria da» bizilagunen asaldura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.