Berriozabal, Ansola eta Hualde izendatu dituzte ABB, BBB eta NBBko buru

Ezusterik gabe egin dituzte Araban, Bizkaian eta Nafarroan EAJren Herrialde Batzarrak, eta hautagai ofizialak bihurtu dira zuzendaritzetako buru. Orain, Euzkadi Buru Batzarra berritzeko prozesua abiatuko dute.

Iñigo Ansolak hartu du Itxaso Atutxaren erreleboa BBBko buru gisa. EAJ
Iñigo Ansolak hartu du Itxaso Atutxaren erreleboa BBBko buru gisa. EAJ
xabier martin
2024ko azaroaren 23a
15:15
Entzun

Lehen hautespen aldiak ezuste batzuk utzi zituen EAJk lurraldeetako zuzendaritzak berritzeko egindako barne prozesuan, eta bigarren hautespen aldian berretsi zen bihurguneak bazirela hautagai ofizialek alderdiaren lema hartzeko lasterketa horretan. Baina azkenean izendatu dituzte Araba Buru Batzarrak eta Bizkai Buru Batzarrak aukeratutako erreleboak: Jone Berriozabal ABBko buru gisa eta Iñigo Ansola BBBko buru gisa.

Gaur egin dituzte Herrialde Batzarrak, Gasteizen eta Bilbon, eta Berriozabalek Jose Antonio Susoren erreleboa hartu du, Gorka Urtaran kritikoen hautagaiari gailenduta; Ansolak, berriz, Itxaso Atutxaren lekukoa hartu du, batzokietan David Salinas-Armendarizi nagusitasun handiz gailendu ondoren. Iruñean ere egin dute Herrialde Batzarra, baina han Unai Hualde izan da barne prozesuko hautagai bakarra, 2015etik NBBko presidente dena, eta kargua berritu du datozen lau urteetarako. Gipuzkoan, ostegunean izendatu zuten Maria Eugenia Arrizabalaga GBBko buru, eta atzo, berriz, Pantxoa Binboirek hartu zuen Peio Etxelekuren lekukoa Ipar Buru Batzarreko lidergoan.

Batzar horietan guztietan, beste 100 kide izendatu dituzte, EBBko presidentea eta beste burukideak aukeratzeko, martxoaren 29an eta 30ean Donostian egingo duten Batzar Nagusian. Aberri Batzarra osatuko dute horiek, eta EAJren buruzagia hautatzeko ahalmena izango dute, urtarrilaren 20ean abiaraziko duten prozesuaren bukaeran. 100 kide horietatik 38 Bizkaian izendatu dituzte; 19 Gipuzkoan; 18 Araban; 15 Nafarroan; 5 Ipar Euskal Herrian; eta beste 5 Euskal Herritik kanpoko erakunde jeltzaletan: Madrilen, Argentinan, Txilen, Mexikon eta Venezuelan.

Bizkaia

BBBko presidente berri Ansolak 162 ahaldunen babesa jaso du gaurko bilkuran, eta 189 ahaldun ditu Bizkaiko Herrialde Batzarrak. Beste hautagaiak, David Salinas-Armendarizek, 15 babes jaso ditu. Ansolak agintaldi berrian bidelagun izango dituen hamabi burukide aukeratu dituzte, halaber. Orain arteko erantzukizunekin jarraituko dute Maitane Ipiñazar, Itziar Landaburu, Jesus Lekerikabeaskoa eta Jane Eyre Urkietak, eta burukide berriak izango dira Aritz Abaroa, Alfonso Aliende, Unai Andraka, Mikel Hidalgo, Ekaitz Mentxaka, Ane Tamara Ordorika, Leire Urtasun eta Xabier Zubiaur. Beraz, parekidetasuna urrun geratu da egitura horretan, bost emakumek eta hamar gizonek osatuko baitute BBB.

Ansola «ilusioz beteta eta indartsu» azaldu da «alderdi gisa eta gizarte gisa aurrean dauden erronkei heltzeko». Buruzagi berriak adierazi du bere lantalde berriarekin BBBk behar besteko indarra izango duela «herritarrak entzuteko, arazoei konponbideak emateko, gazteentzat aukerak sortzeko eta balio demokratikoak finkatzeko». Gogoratu du EAJ duela ia 130 urte jaio zela, «herri honen zerbitzura jartzeko tresna gisa». Helarazi du «pertsona askeak» nahi dituela EAJk «nazio aske batean». Hitzaldi laburrari bukaera emateko, erantsi du «Bizkaian erabakimen osoz heldu» nahi diotela «herrigintzari eta alderdia indartzeko lanari».

Araba

ABBko buru berria Jone Berriozabal da; lehen emakumea da EAJko buruzagitzan, Araban. Botoa emateko eskubidea duten 65 ahaldunetatik Berriozabalen alde egin dute 41ek, eta Gorka Urtaran beste hautagaiaren alde 24k. Era berean, Arabako presidentea agintaldi honetan lagunduko duten hamalau burukideak izendatu ditu batzarrak. Hauek osatuko dute ABB: Ander Añibarro, Alazne Arana, Garikoitz Bengoa, Txus Bilbao, Ainhoa Campo, Joseba Fernandez, Anartz Gorrotxategi, Iñaki Lauzurika, Igone Martinez de Luna, Rakel Molina, Jonatan Moreno, Jon Perez, Izaskun Perez de Heredia eta Zuriñe Rodriguez.

Hala, datozen lau urteetan Berriozabalekin batera arituko den lantaldeak osaera parekidea izango du: zazpi emakume eta zazpi gizon, «sektore eta lanbide desberdinetatik etorritakoak». Arabako eskualde guztiek izango dute ordezkaritza talde berrituan, eta, Berriozabalen hitzetan, «2027ko udal eta foru hauteskundeetara indartsu» iritsiko da Arabako EAJ, lantalde horren ekarpenari esker. «Etorkizuneko proiektu bat» lantzeko konpromisoa hartu du buruzagi berriak: «Alderdi batua, gaztea eta Arabaren etorkizunerako proposamenak dituena» diseinatuko du.

Sektore kritiko indartsua dago Araban, orain arte Egibarrek ordezkatu duen ildo subiranistatik gertukoa, eta erronka handia da Berriozabalentzat «alderdi batua» lortzea, barne prozesuak erakutsi dituen gorabeherak aintzat hartuta. Besteak beste, batzoki batzuen emaitzak inpugnatu egin ditu Urtaranen taldeak, eta salaketak egin ditu, lehia «garbiagoa» nahi baitzuen, «filtraziorik gabea».

«Ohorez eta umiltasunez hartuko dut lekukoa», esan du Berriozabalek Herrialde Batzarrean; «harro nago EAJko kide izateaz, eta harro nire aurretik gure lurraldea eta gure herria Europako abangoardian jarri dituen proiektu politiko bat diseinatzen aritu direnen lanaz».

(ID_17323731846845) Unai Hualde EAJ NBB. Herrialde Batzarra.
NBBko Herrialde Batzarra, gaur, Iruñean. EAJ

Nafarroa

Iruñeko Herrialde Batzarraren ondoren, Altsasuko alkate ohi eta egungo Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde azaldu da NBBko buru gisa prentsaren aurrera. Harekin batera, herrialde batzorde exekutiboa osatuko duten hamar burukide aukeratu dituzte. Hauek dira NBB osatuko dutenak: Carlos Andres, Juanjo Ausan, Idoia de Carlos, Luis de Potestad, Ione Fagoaga, Amaiur Guindeo, Anika Lujan, Javier Ollo, Blanca Regulez eta Andoni Serrano. Bost emakumek eta sei gizonek osatuko dute Nafarroako zuzendaritza.

Hualdek gogorarazi du 2025ean 115 urte beteko dituela EAJk Nafarroan. «Iragana, oraina, baina, batez ere, etorkizuna» duen alderdia da EAJ, haren esanetan. «Jende gaztea duen alderdi bat gara, esperientzia profesional eta politikoa duena». Ziurtatu du «proiektua pertsonen gainetik» dagoela; «denok gara beharrezkoak, baina inor ez dela ezinbestekoa», nabarmendu du. NBBko presidenteak uste du «hazten jarraitzeko eta Nafarroari atxikitako indar politiko gisa sendotzeko aukera» dutela jeltzaleek. Lau helburu nagusi izango ditu alderdiak datozen lau urteetan: dinamizazio soziala, udalgintza, autogobernuaren eta euskararen garapena, eta esparru abertzalea indartzea, «Nafarroako aniztasuna errespetatuz».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.