Berrikuntza integrala

Bi urteko prozesu luzearen emaitza izan dira BERRIAren webgunearen eta papereko diseinuaren aldaketak, baina ez horiek bakarrik, baita lan funtzionamenduan eta tresnetan egindakoak ere. Helburu bakarra da irakurlearentzako zerbitzua hobetzea.

(ID_17006478158555) BERRIAko erredakzioa
BERRIAko Andoaingo erredakzioa. MENDI URRUZUNO
mikel p ansa
2024ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

Bizirik irauteko borroka bizian ari dira egunkari guztiak, eta zer esanik ez euskara bezala gutxitutako hizkuntzetako egunkariak. Irakurleak paperetik sarera alde egiten ari dira, eta haiekin batera doaz egunkarientzat oso garrantzitsuak izan diren diru sarrera batzuk, kalitatezko kazetaritza egiten jarraitu ahal izateko beharrezko diru sarrerak ez baitatoz Internetetik. Ez dakigu baliabide nahiko izango ditugun etorkizunean BERRIA egiten jarraitu ahal izateko, baina horretarako lanean ari gara: etorkizunean euskarazko egunkaria bideragarri izan dadin borrokan.

Horiek hala, BERRIAk arlo digitaleko eskaintza hobetu eta zabaldu beharra zuen, tresna berriak edukitzeko irakurle eta babesle berriengana iritsi ahal izateko. Hogeigarren urteurrena eta erredakzioko zuzendaritza aldaketa izan dira aldaketa horri ekiteko palanka, eta ia bi urte iraun duen barne prozesu batean zehaztu da etorkizuneko egunkari horrek nolakoa izan behar duen, zer baliabide behar dituen, eta nola antolatu behar duen.

Irakurleak sumatuko zuen, ekainean, BERRIAk zuzendari berria duela, eta azaroan, webgunearen eta papereko edizioaren diseinua berritu dituela, baina 2023an BERRIAk egin duen aldaketa askoz sakonagoa izan da: laneko funtzionamendua eta tresnak ere goitik behera aldatu baititu, eta horrela, irakurleari ematen diogun zerbitzua hobetu nahi izan du. Berrikuntza integrala izan da, beraz; goitik beherakoa.

Erredakzioa goizago hasten da lanean orain, euskarri digitalean sortzen ditu eduki guztiak, Interneterako doituta, eta ondoren prestatzen du papererako edizioa.

Erredakzioa goizago hasten da lanean orain, euskarri digitalean sortzen ditu eduki guztiak, Interneterako doituta, eta ondoren prestatzen du papereko edizioa. Aktualitateari hobeto erantzuten ahalegintzeko, funtzionamendua aldatu da, beraz. Horrekin batera, sarean lan egiteko tresnak (CMS edo kudeaketa gunea, azpiegitura informatiko osoa, oinarri teknologikoa...) berritu eta modernizatu ditu. Irakurleak ez ditu lehen kolpean nabarituko aldaketa horiek, baina bai zeharka, informazioaren eta testuen kalitatea hobetu delako, eta baita horiek aurkezteko eta antolatzeko modua ere.

Webgunearen eta papereko edizioaren diseinu berriak forma eman dio aldaketa horri, eta azalberrituta agertu da BERRIA hogeigarren urteurrenean. Ia urtebete iraun du diseinua berritzeko prozesu horrek, eta webgune bat goitik behera muntatu, eta papereko edizioaren maketa guztiak berritik sortu behar izan dira.

Aldaketa tekniko handia izan da, eta edukien migrazioan akatsak badira oraindik: webguneko atal batzuk konpondu behar dira, eduki zahar batzuk falta dira, aplikazioa eguneratu behar da, konponketa tekniko txiki asko egin... Pazientzia eta denbora pixka batekin finduko ditu horiek guztiak BERRIAk, baina oinarri tekniko sendoa jarri du etorkizunerako, aukera berriak emango dizkiotenak egunkariari, eta beraz, irakurleari.

Diseinu berriak ekarri du webgune garbiago eta argiago bat, hobeto antolatua, malguagoa, nabigatzeko errazagoa eta irakurtzeko atseginagoa. Eta paperean, erritmo gehiago duen eta irakurtzeko errazagoa den edizio bat. Sareko zein papereko irakurleen esperientzia hobetu nahi izan du BERRIAk aldaketen bidez.

Webgunean, presentzia handiagoa dute feminismoak, ingurumenak eta mendiko gaiek, eta lurraldeetako informazioa integratu da. Lehendik BERRIA Ikasgelarekin hezkuntza arloan, Mendia kanalarekin, Kinka podcastarekin eta buletinarekin eta Mantangorri-ren webgunearekin egindako eskaintza berezien ildoan doaz apustu horiek, BERRIAren irakurleentzat inportanteak diren gaiei jarraipen hobea egin nahi dielako egunkariak.

Webgunean presentzia handiagoa dute feminismoak, ingurumenak eta mendiko gaiek, eta lurraldeetako informazioa integratu da.

Webguneko nabigazioa errazteko eta edukiak errazago topatzeko, menua ere berritu da, eta webgunearen egitura eguneratu. Bilatzailearen motorea ere berritu da, egunkariko edukiak errazago aurkitzeko.

Atal edo zerbitzu berriak ere sortu dira webgune berrian: Azken berriak atalean eguneko albiste guztiak zerrendatzen dira, sortu ahala, aktualitatea beste era batean jarraitzeko aukera emanez; Entzun Berria atalak aukera ematen du BERRIAren podcast guztiak aditzeko, eta baita artikulu zein iritzi batzuk ahots sintetikoen bidez entzuteko ere; Nire Berria atalak, berriz, irakurle bakoitzak gustuko dituen gaiak zuzenean jarraitzeko aukera ematen du. BERRIA beste modu batzuetan jarraitu eta entzuteko bide berriak dira horiek, inguruko egunkarietan oraingoz existitzen ez diren zerbitzuak, BERRIAk berak asmatuak.

Gainera, podcast berri bat ere jarri du martxan: Berriketan saioan, gai esanguratsuen gakoak lantzen dituzte astean hiru egunez. Podcasten bide hori eta Entzun Berriaren atala garatzen jarraitzeko asmoa du BERRIAk datozen urteetan.

BERRIAlagunei eta harpidedunei begira, berriz, zerbitzu berriak sortu ditu. Orain, BERRIAren babesleek aukera dute papereko egunkaria PDFan irakurtzeko, bezperako gauetik. Artikuluak gorde, eta gai edo egile jakin bat jarraitzeko aukera ere badute. Lehen bezala, zozketetan eta BERRIAk antolatutako esperientzietan parte hartzeko aukera izango dute, eta abantaila eta deskontu batzuk dituzte eskura, baina, gainera, BERRIA babesten duen komunitatearekin harremanak sendotzeko eta parte hartzeko aukera berriak lantzeko borondatea du egunkariak, eta berrikuntza hauek guztiek bidea emango dute horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.