BERRIAn urteetako ibilbidean metatu den esperientzia jendaurrean erakusteko modukoa da». Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariaren hitzotan oinarrituta, euskarazko kazetak BERRIA Komunikazio Eskola antolatuko du aurten, bigarrenez, EHUren Udako Ikastaroetan. Ekainaren 18an eta 19an egingo dituzte, Donostian, Miramar Jauregian.
Iaz egin zuten lehen aldiz BERRIA Komunikazio Eskola, eta segida eman nahi diote aurrerantzean. Zabalondok nabarmendu du edonork parte hartzeko modukoa izango dela ikastaroa: «Komunikazio ikasleentzat eta kazetarigaientzat izan daiteke, eta beste hedabideetako langileentzat, nola ez, baina baita ere idazteko grina dutenentzat, euskara mailari astindu bat eman nahi diotenentzat, eta oso egokia izan daiteke bigarren hezkuntzako irakasleentzat ere. Idazkuntzak eta hizkuntzak edonori sortzen dizkiguten kezkak partekatuko ditugu egunero idazten diharduten profesionalekin». BERRIAlagunek ere ateak irekita dituztela erantsi du.
Kazetari jardunak pisu nabarmena hartuko du aurtengo ikastaroan. BERRIAko bi kazetari ariko dira euren eskarmentutik: Kristina Berasain, Mundua saileko lanaz, eta Arantxa Iraola, Gizartea sailekoaz. «Gaiei nola heltzen dieten, zer kezka izaten dituzten, nola dokumentatzen diren... azalduko digute. Lanketa horretan, presak, presioak, etikak eta beste hamaika kontuk ere eragiten dute. Egunero argitaratzen diren testuetan dagoen aberastasun hori guztia erakustea eta deskribatzea da helburua, eta irakurleekin partekatzea», esplikatu du Zabalondok.
Iritzia eskatzeaz eta emateaz ere mintzatuko dira. Iritzia sailaren irizpideez jardungo da Gurutze Izagirre, eta kazetan egin ohi dituzten kolaborazioez arituko dira Onintza Enbeita eta Xabi Paya. Zabalondok nabarmendu du sail horrek pisu handia izan duela BERRIAn eta Euskaldunon Egunkaria-n, eta iritzi emaileak askotarikoak izatea sustatu dela beti: «Iritzi publikoa sortzen eta eraikitzen laguntzen du sailak».
Euskararen jagole
Baina egunkari bat ez dute soilik kazetariek egiten: hainbat lan talde eta ezagutza behar dira, eta BERRIAn garrantzi berezia du euskara taldeak. «Egiten den guztiaren jagolea da». Sailaren lanaz mintzatuko dira Irene Arrarats eta Maialen Berasategi. «Inork ez luke pentsatu behar euren egitekoa amaituta dagoenik edo amaitu beharko litzatekeenik», dio Zabalondok. «Euskara taldeak ergatiboak eta ortotipografia akatsak zuzentzen ditu, baina hori baino eginkizun nobleagoez ere arduratzen da; eta beharrezkoak dira. Munduko kazeta onenek dute beren hizkuntzaz arduratzen den saila; hori baita kalitatezko produktu kohesionatu bat egiteko bidea. Hedabideen ardura da hizkuntza ondo erabiltzea».
BERRIAren ondarea, udako ikastaroetan
BERRIA Komunikazio Eskola antolatu dute aurten bigarrenez, gogoeta bultzatzeko kazetaritzaz eta euskarazko komunikazioaz .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu