Hamabost urte beteko dituen honetan, ikastaro bat egingo du BERRIA Taldeak lehen aldiz EHUko Udako Ikastaroetan: BERRIA Komunikazio Eskola. Datorren ostiralean egingo dute, hain zuzen ere, ekainaren 15ean, Donostiako Miramar jauregian.
BERRIA Taldeko lehendakari Beatriz Zabalondoren ustetan, «une garrantzitsu batean dago BERRIA», ez soilik 15. urteurrena bete behar duelako, «erabaki garrantzitsu batzuk hartzen diharduelako» baizik. «Bere kazetaritza eginkizunean heldutasun oso garrantzitsu batera iritsi da». Kazetaritza egiteko eta kontsumitzeko moduan aldaketa ugari izango dira epe laburrean, eta Zabalondori iruditzen zaio une egokia dela halako ikastaro bat egiteko. «BERRIA punta-puntako egunkari bat da, erreferente bat, eta ez soilik Euskal Herrian; beste egunkari askorekin parez pare neurtzeko modukoa da». Erreferentzialtasun horretan, interesgarria iruditzen zaio erakustea nolakoak diren egunkariaren barruko izaera eta kazetagintza. «Horregatik deitu diogu komunikazio eskola».
Ikastaroaren helburua da «BERRIAk urteetan metatu dituen jakintza eta balioak gizarteari erakustea», Zabalondok argitu duenez. Lau puntu nagusi bereizi daitezke programan; batetik, informazioari dagokiona. «Gaur egun informazioa nola kudeatzen den, nondik norako bidea egiten duen, horrek gizartean zer esan nahi duen... Hori da lehen zatian jorratuko dugun gaia». Bigarren partean, egunkariak instituzio gisa duen egitekoari erreparatuko diote. Kazetaren balioez hitz egingo dute, sortutako komunitateaz. Zabalondoren ustez, egunkariak euskararen komunitate bat sortu du, hainbat alorrekin lotuta: «Kulturgintza, hezkuntza eta kirola, adibidez».
Horiez gain, hedabidea erreferentzial egiten duten ezaugarri garrantzitsuenetako batek ere izango du tartea: estilo liburuak. «Euskaldunon Egunkaria-ren garaitik gure egiteko nagusietako bat izan da», azaldu du Zabalondok: «Ondo egindako lana da». Estilo liburua erreferente izan da kazetaritzan ez ezik euskalgintzaren beste hainbat sektoretan ere, hala nola irakasleentzat, euskara ikasleentzat, itzultzaileentzat eta idazleentzat.
Andreek erredakzioetan duten egoera izango da gogoetarako izango duten azken gaia. Horretarako, mahai inguru bat antolatu dute, eta Kattalin Miner idazle eta kazetaria izango da moderatzailea. «BERRIA da euskal kazetaritzan emakumeen begirada gehien eta ondoen erakusten duena», azaldu du Zabalondok, eta horregatik lehenetsi nahi dute gaia: «Emakumeei zor zaien begirada hori presente izan nahi dugu».
Ikastaroa ondu duten lehen urtea denez, «era xumean» antolatu dutela adierazi du Zabalondok. «Gure bokazioa izango da datozen urteetan ere jarraipena ematea eskola horren espirituari».
BERRIAren irakaspenak
Hamabost urtean egindako lana osatzeko, BERRIAk ikastaro bat emango du EHUko Udako Ikastaroetan. Orain arteko bideari buruz hausnartzeko espazio bat izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu