Iritsi da Rikardo Arregi kazetaritza sariak ebazteko eguna. Hautagaien artean, BERRIAko bi lan daude: Feminizketak elkarrizketa seriea eta Ezer ez eta festa podcasta. Kazetaritza saria jasotzeko hautagaia da lehenengoa; Komunikazio saria irabaztekoa, berriz, bigarrengoa. Andoainen (Gipuzkoa) izango da sari banaketako gala, Bastero kulturgunean, 19:00etan.
Epaimahaiak nabarmendu du Ezer ez eta festa podcasta «azalpen linguistikoetatik harago» doan lan bat dela: «Hizkuntzaz ikasiko dugu, gramatikaz, hiztegiaz, esaerez... baina politikaz eta arlo sozialaz ere ematen ditu irakasgaiak hizkuntzak». Halaber, epaimahaikideek nabarmendu dute «sakontasuna eta arintasuna» ezkontzen dituela, entzuteko «atsegina eta aberasgarria» dela. Gainera: «Saioa apropos hautatutako kantuekin eta literatura testu zatien irakurraldiekin aberasten dute».
Feminizketak elkarrizketa serieari buruz, adierazi dute aukera eman duela «puntako pentsalarien gogoeta mamitsuak» irakurtzeko. Ziurtatu dute kazetariek «galdera egokiei forma eman eta horiek arduratsu bideratu» dituztela; elkarrizketatuek, berriz, egungo garaietan «adimenez ekiteko erantzun mamitsuak» eskaini dituzte, epaimahaiaren irudiko. Alegia: «Euskal kazetagintzan, oraindik ere sarri salbuespen eta luxu izan arren, bada eta badugu emazteon ahotsak plaza eta zentralitatea har dezan landutako maila goreneko kazetaritza».
Hiruna aurkari izango dituzte. Komunikazio atalean, Ezer ez eta festa-rekin batera, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak, EITBko Ez hain ondo bideopodcastak eta Euskalerria Irratiaren Flop Kultura podcastak egin dute finalerainoko bidea; Kazetaritza alorrean, berriz, hauetakoren batek ere jaso dezake saria: June Fernandezek, Argia-rako egindako Nerabeak eta sexu heziketa: pornoa ote da arazoa? erreportajeagatik; Jon Artanok, Juana liburua idazteagatik; eta Bada gazteen hedabideak. BERRIAn argitaratutako Feminizketak elkarrizketa saila Maite Asensio, Amaia Igartua, Isabel Jaurena eta Olatz Silva kazetariek egina da.
Ana Galarragari Ohorezko Mugarria
Rikardo Arregi kazetaritza sariek ohorezko mugarri edo aipamen bat emateko aukera izaten dute, euskal kazetaritzaren historian «ezinbesteko erreferentzia» izan diren erakunde, egitasmo eta pertsonen artean. Aurten, Ana Galarraga Aiestaran kazetariari emango diote.
Ana Galarraga Aiestaran (Zarautz, Gipuzkoa, 1970) Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzian eta Teknologian lizentziaduna da, eta zientzia komunikazioan aritzen da, Elhuyarren. Elhuyar zientzia dibulgazioko aldizkariaren zuzendarietako bat da —Egoitz Etxebeste Adurizekin batera—, bai eta zientzia eta teknologia ikuspuntu feministatik lantzen dituen Uhin ultramoreak podcastaren zuzendaria ere —Alaitz Otxoa de Eribe Agirrerekin batera—.
Galarraga Aiestaran erreferentzia da euskarazko zientzia dibulgazioan, eta zenbait komunikabidetan kolaboratzen du, BERRIAn besteak beste. Dibulgatzaile «jori eta eskuzabala» dela adierazi du epaimahaiak: euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu basean hark idatzitako 250 artikulu baino gehiago daude bilduta.