BERRIAren bi lan Rikardo Arregi sarien finalistak dira: 'Feminizketak' eta 'Ezer ez eta festa'

'Feminizketak' elkarrizketa seriea Kazetaritza saria jasotzeko hautagaia da; 'Ezer ez eta festa' podcastak, berriz, Komunikazio saria irabaz dezake. Azaroaren 27an izango da sari banaketa, Andoainen.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien sari banaketa, iaz. JON URBE / FOKU
Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien sari banaketa, iaz. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko azaroaren 6a
10:49
Entzun

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariek badituzte finalistak. Epaimahaiak zortzi lan aukeratu ditu, tartean, BERRIAren bi: Feminizketak elkarrizketa seriea eta Ezer ez eta festa podcasta. Kazetaritza saria jasotzeko hautagaia da lehenengoa; bigarrena, berriz, Komunikazio saria irabaztekoa. Azaroaren 27an izango da sari banaketa, Andoainen (Gipuzkoa), eta bertan jakinaraziko dute zer lan diren garaileak.

Launa hautagai daude Kazetaritza sarirako eta Komunikazio sarirako. Hauek dira Kazetaritza saria jaso dezaketenak: June Fernandezek Argia-rako egindako Nerabeak eta sexu heziketa: pornoa ote da arazoa? erreportajea; Jon Artanok idatzitako Juana liburua; BERRIAn argitaratutako Feminizketak elkarrizketa seriea, Maite Asensio, Amaia Igartua, Isabel Jaurena eta Olatz Silva kazetariek egina; eta Bada gazteen hedabidea.

Komunikazio sarian, berriz, beste hauek dira finalistak: Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektua; BERRIAren Ezer ez eta festa podcasta; EITBko Ez hain ondo bideopodcasta; eta Flop Kultura podcasta, Euskalerria Irratiarena.

Epaimahaikideek zenbait argudio eman dituzte lan horiek aukeratzeko. BERRIAkoen kasuan, batetik, nabarmendu dute Feminizketak serieak aukera eman duela «puntako pentsalarien gogoeta mamitsuak» irakurtzeko. Ziurtatu dute kazetariek «galdera egokiei forma eman eta horiek arduratsu bideratu» dituztela; elkarrizketatuek, berriz, egungo garaietan «adimenez ekiteko erantzun mamitsuak» eskaini dituzte, epaimahaiaren irudiko. Alegia: «Euskal kazetagintzan, oraindik ere sarri salbuespen eta luxu izan arren, bada eta badugu emazteon ahotsak plaza eta zentralitatea har dezan landutako maila goreneko kazetaritza».

Bestetik, Ezer ez eta festa podcastari buruz, adierazi dute «azalpen linguistikoetatik harago» doan lan bat dela: «Hizkuntzaz ikasiko dugu, gramatikaz, hiztegiaz, esaerez... baina politikaz eta arlo sozialaz ere ematen ditu irakasgaiak hizkuntzak». Halaber, epaimahaikideek nabarmendu dute «sakontasuna eta arintasuna» ezkontzen dituela, entzuteko «atsegina eta aberasgarria» dela. Gainera: «Saioa apropos hautatutako kantuekin eta literatura testu zatien irakurraldiekin aberasten dute».

Ana Galarragari, Ohorezko Mugarria

Kazetaritza sariak banatzearekin batera, Ana Galarraga zientzia dibulgatzaileari Ohorezko Mugarria ere entregatuko diote; horrela, arlo horretan egindako lana aintzatetsiko diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.