Irakurleen jakin-min, behar informatibo eta gustuak funtsezkoak dira hedabide batentzat. Eskaintza informatiboa beti kontrastatu behar da eskariarekin. Zeregin horretan, garrantzitsua da gehien zein artikulu irakurtzen diren jakitea eta aintzat hartzea. Irakurlearentzat ere interesgarria izan daiteke jakitea gainerako irakurleek zer duten gogoko eta zer ari diren gehien irakurtzen. Horregatik, beste hedabide askotan bezala, BERRIAn gehien irakurritako artikuluen zerrenda eskaintzen da albiste guztiekin batera, beste eduki batzuk deskubritzeko laguntza moduan.
Gaurtik aurrera, garrantzi handiagoa eman nahi dio BERRIAk irakurleen hautuari, hau da, gehien irakurtzen dituzten edukiei. Horretarako, BERRIAren webgunean irakurleek egun bakoitzean gehien irakurritako hogei artikuluekin orrialde berezi bat osatu da: Gehien irakurriak. Orrialde berezi honek irakurleen begiradari toki ikusgarri bat eman nahi dio, aldi berean, edukiak bistaratzeko beste aukera bat gehiago eskainiz, eta erabiltzailearen nabigazioa erraztuz.
Gehien irakurritako hogei artikuluekin osatutako orrialde honetan mota guztietako edukiak ageri dira: eduki informatiboak, iritzi artikuluak, elkarrizketak, erreportaje sakonak, artikulu arinak... BERRIAren webguneko hasierako orrialdean gehien irakurrien lagin bat dago ikusgai, lehen bost artikuluekin osatutako zerrenda, eta bertatik gainerako artikuluak biltzen dituen orrialdera sar daiteke. BERRIAren aplikazioan ere zerrenda hau aurki daiteke, hain zuzen, menu nagusiko Gehien irakurriak izeneko atalean.