BERRIAn egindako lanengatik, saria Karlos Zurutuzari eta Miren Garateri

Rikardo Arregi saria jaso dute 'Sautrela' eta 'Beranduegi' telebista saioek, eta Mattin Larzabal kazetariak ere

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako irabazleak, atzo. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Andoain
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
BERRIA egunkariko eta Argia aldizkariko kolaboratzaile Karlos Zurutuzak jaso du aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sari Nagusia. «Urteak daramatza gerran dauden herrialdeetan ahotsik ez dutenen testigantzak biltzen, oso modu propioan eta kalitatezko kontakizunak eginez», azaldu du epaimahaiak. Erabiltzen duen «prosa aberatsa» eta ofizialak ez diren iturrietatik informazioa lortzeko egiten duen ahalegina saritu dituzte. «Hitz soilen bidez, gai da irakurlea hunkitu, sumindu eta nahigabetzeko». Zurutuza «oso eskertuta» agertu zen sariagatik, eta gogoan izan zituen Rikardo Arregi bera, eta duela gutxi hil zitzaion lagun bat: MikelPeribañez, Donostiako Zurriola Ikastolako irakaslea: «Bidaietatik itzultzen nintzenean makina bat galdera egiten zizkidan», gogoratu zuen.

Atzo banatu zituzten Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak Andoaingo Bastero kulturunean (Gipuzkoa). Lankideei eta etxekoei eskaini zienBERRIAko Ekonomia Saileko erredaktore Miren Garatek Kazetari Berria ataleko saria. «Urte hauetan irakatsitakoagatik, testuak zuzentzeagatik eta beti laguntzen aritzeagatik». BERRIAko Egituraekonomia gehigarrian idatzitako bost artikulurengatik saritu dute. Alderdi ekonomikoa eta soziala uztarri berean jartzen asmatu duela nabarmendu du epaimahaiak. «Gehienei lehorra gertatzen zaien gai bat samur, zehatz eta modu ulerterrazean azaltzen du. Estilo bizia eta idazkera erakargarria baliatzearen poderioz, gaia bera ere erakargarri bihurtzen du».

Epaimahaiaren Sari Berezia, berriz, Beranduegi telebista saioarentzat izan da. Argia-k aldizkarian eta webgunean zabaltzen dituen edukien aukeraketa bat eskaintzen du Beranduegi-k. Epaimahaiaren argudioak: «Aitzindaria eta bide erakuslea da, kazetaritza molde berritzailea egiten baitu». Proiektuaren «ausardia» ere nabarmendu du. «Hedabide tradizionalek nozitzen duten momentu kritikoan, umorea erdigunean jartzeko ausardia nahitaezkoa da».Umore horrekin, sarituek kritika egin zieten hedabideentzako diru laguntza politikei, eta Argia-k halako proiektu bat martxan jartzen utzi izana eskertu zuten.

Bi aipamen berezi izan zituen sarien 24. aldiak. Apirilean emititzeari utzi zion ETBko Sautrela literatur saioak eta Gure Irratietako kazetari Mattin Larzabalek jaso zuten aitorpena. Sautrela-k izandako ibilbide oparoa ekarri zuten gogora, 12 urtean 351 saio eman baitira. «Euskal literatura ikusarazten, gizarteratzen eta prestigiatzen lagundu du, eta, bide batez, euskara bera sustatu du». Sarietako arduradunek bezala, saioko zuzendari Hasiera Etxeberriak nahi bat agertu zuen: «Aitortza eskertzekoa da. Baina euskal literaturak beste Sautrela bat behar du». Hori sustatzeko eskatu zion ekitaldian zen Blanca Urgell Kultura sailburuari.

Larzabalek kantuz eskertu zuen saria, eta kazetaritzan bizitzen ari den «iraultza teknologikoa» ekarri zuen gogora. Kazetari berriei horretara moldatzea galdegin zien.

Sariak baliatuz, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omendu nahi izan zuen Andoaingo Udalak. Ekitaldian haren omenezko bideo bat erakutsi zuten. Ondoren, Jone Forcada alargunak hartu zuen hitza. Omenaldia eskertu, eta idazlearen bizitzako «bi ardatzak» ekarri zituen gogora: Euskal Herri euskalduna eta herritarren arteko elkarlana.

Sarien banaketaren bideoa hemen ikusgai.

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.