Urtebete pasatxo igaro da BERRIAk paperezko eta sareetako euskarriak goitik behera aldatu zituenetik, 2023aren hondarrean, eta ziklo berri horri eusteko helburu bat ezarri zuen: bi urteren buruan, 2025a amaitzerako, 3.000 BERRIAlagun lortzea. Iazko abendura bitarte, gutxi gorabehera helburuaren erdibidera heldu zen BERRIA, eta, orain, egunkariak behar dituen kide kopurura heltzeko kanpaina bat abiatuko du: 'Eskutik eskura BERRIA'.
Hainbat eragilerekin lankidetzan egingo du; UEU Udako Euskal Unibertsitatearekin hasiko du BERRIAk kanpaina, eta beste hainbatekin sinatutako hitzarmenak etorriko dira laster. Eragile bakoitzaren komunitatera heltzea da kanpainaren xedea, norberaren beharren eta aukeren araberako ekintza sortak antolatuz. Horiek horrela, BERRIAren eta eragileen arteko «zubi lana» egingo dute, Ainara Lasa BERRIAko marketin arduradunak azaldu duenez.
Lasak gogoratu duenez, euskal herritarren ezaugarrietako bat da herri ekimenaren bidez proiektuak sostengatzea, eta, hain zuzen, BERRIAk «etengabe» behar du irakurleek babes ekonomikoa bermatzea, «bere garaian Egunkaria sortzeko, eta ondoren BERRIA sortzeko behar izan zen babes horixe bera». Eskutik eskura BERRIA kanpainaren bidez, irakurleek eta euskaltzaleek «kontzientzia hartzea» eragin nahi dute, egunkariak haren proiektuari euts diezaion, hala ekonomikoki nola editorialki. «Balio jakin batzuk» oinarri hartuta egiten den kazetaritzaren garrantzia azpimarratu du Lasak: euskara eta nazio ikuspegia.
Horiek dira, hain zuzen, BERRIAk eta kanpainarekin bat egin duten eragileak «batzen» dituzten ardatzak; halaxe esan du Idoia Torregarai UEUko komunikazio arduradunak BERRIAren Andoaingo erredakziora egindako bisitan: «Erakundeek elkar ulertzen dugu, hainbat oinarri sendo partekatzen ditugu eta». Aitor Bengoetxea UEUko zuzendaria eta Ane Sarasua UEUko idazkari nagusia ere bertan izan dira. Bengoetxeak «topagune» horiek goretsi ditu, eta Sarasuaren arabera, eragileen arteko ekimenak elkarren «komunitatea trinkotzen» lagunduko dute.
BERRIAlagunen komunitatea haziz joateko «bultzada» baten beharrak sorrarazi du kanpaina, eta xedea da hitzarmena sinatutako eragileen laguntzarekin urte amaierarako 3.000 BERRIAlagun berrien langa gainditzea. «Badirudi aski izango dela helburu hori beteta, baina BERRIAk iraunkorki behar ditu konprometitutako irakurle eta euskaltzaleak, aurrerantzean ere Euskal Herriko begiradatik kazetaritza euskaraz egin nahi bada», adierazi du Lasak.