Donostian auzo auzo jendetza bildu ondoren, gauez sartu zen Korrika Oiartzualdean (Gipuzkoa). Handik Hernanira eginda, goizaldeko ordubiak pasatuta iritsi zen Andoainera, Urnieta aldetik. Martin Ugalde kultur parkean, bertako langileek hartu zuten lekukoa; tartean, BERRIAkoek.
21. Korrikaren jarraipen zabala egin du BERRIAk, webgune berezi batean. Bihar, Gasteizeko amaiera ekitaldiaren berri emateko zuzeneko telebista saio bateratua ikusi ahalko da, eta irrati saio bateratua entzun ere bai. BERRIAren webgunean, Kanalduden, Infosareko tokiko telebista kateetan, Goienan, Hamaikan eta ETB2n ikusi ahalko da telebista programa, 11:30etik aurrera.
Iritsi da #Korrika Andoainera. Martin Ugaldeko eta @berria-ko langileak bidean. pic.twitter.com/djG1AVaDFd
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) 2019(e)ko apirilaren 13(a)
Bederatzigarren eguna zuen atzo Korrikak. Mutrikutik barrena sartu zen Gipuzkoan, eta Azpeiti aldera jo zuen. Jende asko bildu zuen herriz herri, eta ez eskola umeak bakarrik. Zarauzko sarreran ere agertu zen belaunaldi katea: ume ugari errepide bazterrean lasterketara sartzeko zain, eta lekukoa eramaten, gurpil aulkian, zahar egoitzako adineko batzuk. Harro jaso zuten ikurrindun testigua zentroaren aurretik pasatzean, adineko eta zaintzaile multzo bat txaloka zutela.
Azken-aurreko egunean. Gipuzkoan igaroko du goiza Korrikak; besteak beste, Goierrin eta Debagoienean. Eibartik barrena irtengo da Bizkai aldera, bazkalondoan. Durangaldean izango da arratsaldean, eta gauean, Arratian. Debagoienera itzuli, eta Gasteiz aldera joko du goizaldean.