Igandean, BERRIAk zabal landu zuen otsoaren auzia. Datu ofizialen arabera, ez da otso talde ugaltzailerik atzeman 2016. urtetik, Bizkaiko Foru Aldundiak azken uxaldi baimena eman zuenetik, baina Eusko Jaurlaritzaren otsoari buruzko azken diagnostikoak bi otso talde ugaltzaile kokatzen ditu mendebaldeko mugan. Bata, Kantabria (Espainia) eta Bizkaia artean, eta bestea, Burgos (Espainia) eta Araba artean. Hori dela eta, otsoaren kudeaketa arautzeko plana ondu du Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak.
Horiek horrela, bi jarrera nagusi sortu dira auziaren inguruan. Zenbaitek otsoari bere kabuz hedatzen uzteko babesa eskatzen diote gobernuari, biodibertsitatea leheneratzeko funtsezkoa dela argudiatuta. Beste batzuek, aldiz, abeltzaintza estentsiboa arriskuan jarriko duela uste dute.
BERRIAren irakurleen iritzia jasotzeko, inkesta bat zabaldu da astearte honetan, hiru sare sozialetan. Horietan, batez beste, %85ek bateragarritzat jo dituzte abeltzaintza estentsiboa eta otsoa. Whatsapp sarean, adibidez, %92 azaldu dira horren alde; Telegramen, %86; eta, X sarean, %76.
Sartu nahian ari da otsoa Euskal Herrian. BERRIAk zabal landu zuen gaia igandean. Bateragarriak iruditzen al zaizkizu haren presentzia eta abeltzaintza?
— Berria.eus (@berria) October 29, 2024
Informazio guztia, hemen: https://t.co/6YIXYz9iIW