BERRIAren irakurleak, «beti gazte»

«Noiz arte gara gazte?» galderari erantzun dioten gehienek «Beti gazte» aukera bozkatu dute, eta gutxiago dira gaztetasuna adin jakin batekin mugatuta ikusten dutenak.

Gazte talde bat, Donostiako Aste Nagusiko Piraten abordatzean. FOKU
Gazte talde bat, Donostiako Aste Nagusiko Piraten abordatzean. FOKU
jon ordonez garmendia
2024ko azaroaren 15a
12:15
Entzun

Ez dago zalantzarik. Ez 18 urtetik beherakoak, ezta 25etik edo 36tik beherakoak ere. Gazte sentitzen dena da gazte. Hori da BERRIAk aste honetan sare sozialetan egin duen inkestaren emaitza. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek 36 urte arteko «gazteei» lagundu nahi diete etxeak alokatu ahal izan ditzaten, eta hortik abiatuta galdera egin zuen BERRIAk: «Noiz arte gara gazte?». Instagram, Telegram eta X sare sozialetan erantzun bat nagusitu da nabarmen: «Beti gazte». Orain botoa eman dutenen adina jakitea litzateke hurrengo inkesta.

Boto gehien lortu dituen aukeraz gain, beste hiru aukera zeuden. Gazteak 18 urtera artekoak direla zen lehen aukera. Izan ere, herrialde gehienetan adin horretatik aurrera eskubide guztien jabe da pertsona oro. Bigarren aukeran, gazteak 24 urtera artekoak direla bozkatu zitekeen. BERRIAren Estilo Liburuak hala baitio: «BERRIAn, 12 urte artekoak haurrak edo umeak dira; 13 eta 18 urte bitartekoak, gaztetxoak edo nerabeak, neskak edo mutilak; hortik aurrerakoak, gizon-emakumeak. 18 eta 24 urte artekoei neska, mutil eta gazte ere deitzen zaie». Hirugarren aukeran, EAEko aldundien irizpidearekin bat egiteko aukera zegoen.

Adina gora eta behera, baina, botoa eman dutenen gehienek «Beti gazte» bozkatu dute. Instagramen jarritako istorioan botoa eman dutenen %48k egin du aukera horren alde; 199 boto izan dira guztira. Gazteak 36 urtera artekoak direla %29k esan dute (119 boto), eta 24 urtera artekoak direla, %18k (24 boto). Gazteak adingabeak direla esan dute 24 lagunek (%6).

 

Aipagarria da kopuru horiek nola aldatzen diren beste sare sozialetan. Telegramen bi heren dira «Beti gazte» bozkatu dutenak, eta %1 besterik ez, gazteak 18 urtez azpikoak direla diotenak. 24 eta 36 urtez azpikoen alde bozkatu dute, hurrenez hurren %16ak eta %18ak. Xn, azkenik, tarteko bi adin tarte horien aldekoek beste sareetan baino boto gehiago bildu dituzte: gazteak 36 urtera artekoak direla bozkatu du %31k eta, 24 urtera artekoak, %25ak. Hala ere, «Beti gazte» aukera da lauetan nagusi, botoen %42 bildu baitu. Sare sozial horretan dira gutxien gazteak 18 urtera artekoak direla diotenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.