EUSKAL HERRIA

BERRIAk Olinpiar Jokoetan egindako lanari eman diote Rikardo Arregi kazetaritza sari nagusia

Euskalerria Irratiari eta BERRIAri ohorezko aipamena egin diete; Ainara Argoitiak jaso du sari berezia; Alex Gurrutxagak, kazetari berriarentzako saria; eta Lander Arbelaitzek, aipamen berezia. Sarien 25. edizioa izan da aurtengoa.   [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1829/[/berriatb]

2013ko ekainaren 29a
17:41
Entzun

Andoaingo Bastero kulturgunean Rikardo Arregi kazetaritza sariak banatu dituzte. 25. edizioa izan da aurtengoa, eta euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi kazetaritza sarien helburua.

BERRIAko Kirola saileko kazetariei eta Interneteko edizioko arduradunei eman diete Rikardo Arregi kazetaritza sari nagusia, Londresko Olinpiar Jokoetan eginiko lana aitortzeko.

BERRIAri eta Euskalerria Irratiari eman dizkiete Rikardo Arregi sarien ohorezko aipamenak; hamar urte bete ditu aurten BERRIAk, eta 25 Euskalerria Irratiak. Euskararen normalizazioan egiten duten lana goraipatu du epaimahaiak.

Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendariaren hitzetan, segurtasun juridikoarekin jarduteko zain jarraitzen dute hasi eta 25 urtera. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak, berriz, eskerrak eman dizkie euskarazko kazeta sortzen lagundu eta handik aurrera proiektuari eutsi dioten langile, herritar eta erakundeei.

"Informatzeko eginkizunarekin konpromisoa" azaldu duela-eta, Lander Arbelaitz Argia aldizkariko kazetariari aipamen berezia egin diote. Donostiako Aske Gunean eginiko lanagatik saritu dute. "Imaginazioz eta profesionaltasunez" jarduteko deia egin du, eta teknologia berrien garrantzia nabarmendu.

2012ko urritik 2013ko apirilera bitartean BERRIAn argitaratutako literatur kritikengatik saritu dute Alex Gurrutxaga BERRIAko kolaboratzailea, Kazetari Berria atalean.

Ainara Argoitiari eman diote Rikardo Arregi sari berezia, Barren aldizkarian eginiko lanarengatik.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Ana Karrere Andoaingo alkatea, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.