BERRIAk eta Korrikak lankidetza hitzarmena izenpetu dute

Korrika berariaz jorratuko du egunkariak paperean, webgunean eta sare sozialetan.

(ID_13509668) Berria-Korrika hitzarmena
Amagoia Mujika eta Ane Elordi, gaur, lankidetza hitzarmena sinatu aurretik. GOTZON ARANBURU / FOKU
arantxa iraola
2024ko urtarrilaren 18a
15:50
Entzun

Martxoaren 14an abiatuko da 23. Korrika, Irundik (Gipuzkoa). Euskaltzaleen topagunea izango da, berriro ere, AEK-k antolatzen duen ekinbidea, euskararen aldeko hauspoa, eta ugaritzen ari dira egunotan babesa eta atxikimendua erakusteko keinuak eta ekintzak. Esaterako, aurrez ere sendoa den harremana berritzeko asmoz, gaur BERRIAk eta Korrikak lankidetza hitzarmena izenpetu dute.

BERRIAko erredakzioan sinatu dute gaur ituna, Andoainen. Egunkariko zuzendari Amagoia Mujika Tolaretxipik eta Korrikako koordinatzaile Ane Elordik izenpetu dute. Bertan, besteak beste, egunkariak konpromisoa hartu du Korrika berariaz jorratzeko paperean, webgunean eta sare sozialetan. Lantalde oso bat ariko da horretan propio.

«Helburuetan bat eginik» ari direla iritzita ariko dira lankidetzan bi erakundeak, aurrez ere egin izan duten eran. Izan ere, BERRIAk «euskaraz» Euskal Herriko eta munduko errealitate askotarikoak jasotzea du helburu, eta euskarari, euskalgintzari eta euskararen garapenari «lehentasuna» ematen die bere jardunean. Korrikak, funtsean, «euskararen aldeko kontzientzia suspertzea» du helbururik behinenetako bat. Sendo batuta daude, beraz, biak.

BERRIAk Korrikaren berri emateko duen erak beti ere kontakizunari «aparteko puntu bat» ematen diola  nabarmendu du Elordik, eta berebiziko garrantzia duela berentzat lankidetza harreman honek. «Alde biontzako oso positiboa da», esan du: «Euskaraz bizi garenon harro herri hori osatzen gabiltzan honetan beharrezkoa den elkarlana da».

Korrikaren eguneroko martxa tentuz jorratzeaz gain, «atzetik dagoen guztia ere» BERRIAk aparteko senez eta arduraz kontatzen duela nabarmendu du Elordik. Horregatik, «bidelagun» ezinbestekotzat dute. Korrikaren antolaketa lanak «onbidean» doazela aurreratu du, harrera bikaina antzematen ari direla batean eta bestean, lasterketa noiz helduko zain. Lehengo astean jakinarazi zuten ibilbidea, herriz herrikoa, eta orain martxan da kilometroak jendearen eskura jartzeko prozesua. «Eta, bai, jendea eskatzen ari da».

Gertatzen den «guztiaren» berri

Amagoia Mujika Tolaretxipik ere nabarmendu du BERRIArentzat Korrika «ezinbesteko» egitasmoa dela. Euskararen sustapenaren inguruan bat egiten duten heinean, BERRIArentzat ere jendea Euskal Herri osoan «euskararen inguruan batzea» guztiz goraipagarria dela gogoratu du. «Horregatik, saiatu behar dugu Korrikan gertatzen den guztiaren berri ematen, leku guztietara zabaltzen, eta irakurleari orduero, minutuero, han gertatzen dena kontatzen».

Urteroko eran, erredakzioak Korrikaren berri emateko aparteko ahalegina egingo duela nabarmendu du: «Idatzizkoan eta ikus-entzunezkoetan, sare sozialetan, ibilbide osoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.