Bi aste pasatxo falta dira Herri Urratserako; maiatzaren 12an egingo dute Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa, Senpereko lakuaren bueltan (Lapurdi). Eta, horri begira, BERRIAk eta Herri Urratsek hitzarmen bat sinatu dute. Ainara Lasa BERRIAko marketin arduradunak azaldu duenez, urteak daramatzate lankidetzan, baina, oraingoan, «sendotu» egin dute elkarlan hori. Garrantzitsua dela nabarmendu du: «Ikusten genuen ezinbestekoa zela Ipar Euskal Herriko ikastolen sareari babesa ematea, eta BERRIAk, euskarazko egunkari nazionala den aldetik, ikusgaitasuna eman diezaioke euskarak Iparraldean duen egoerari».
Egunean bertan izango du isla akordioak. Lasak azaldu duenez, lankidetza horren emaitzetako bat da guneen izendapena: «Araba gunea Araba BERRIA izango da; Nafarroa gunea, Nafarroa Badok; eta Lapurdi gunea Mantangorri Eszena izango da, haurrentzat prestatutako programazioarekin». Gainera, BERRIAk jaia antolatzeko beharrezkoak diren «euskarriak eta azpiegiturak» eskaini dizkio Herri Urratsi.
Beraz, elkarlana aldebikoa izango da, Herri Urratsek konpromisoa baitu Ipar Euskal Herriko ikastolen jaian BERRIA, euskal egunkari nazionala, ikusgai jartzeko. Hala nabarmendu du Lasak: «Jauzi bat egin dugu, elkarrekin eta elkar lagunduz. Iruditzen zaigu horrek erreferentzialtasunean eta prestigioan ere eragiten duela».
Alabaina, zehaztu dute lankidetza ez dela egun bakarrekoa izango. Esaterako, BERRIAk maketa lehiaketa babestu du: «Herri Urratsek antolatu duen maketa lehiaketa Badok-en markoan egin da. Hor argitaratu ditugu kantuak, epaimahai bat egon da hori ebazteko eta Badok-eko kideak ere izan dira hartan... Urte osoan BERRIAk eman zezakeen babesa edo laguntza eman dugu».