Bi aste pasatxo barru, ekainaren 2an, egingo dute Euskal Eskola Publikoaren Jaia, Ordizian (Gipuzkoa). Festaren harira, elkarlana indartu dute BERRIAk eta EHIGEk, hitzarmen bat sinatu baitute horretarako. Ainara Lasa BERRIAko marketin arduradunak azaldu duenez, «zenbait alderdi» sakondu dituzte. Garrantzitsua iruditzen zaio BERRIA hezkuntza esparruan egotea: «BERRIAk ezinbestekotzat jotzen du euskara biziberritzearen auzian arreta jartzeko esparru ezberdinetako eragileekin lankidetzan aritzea eta, ondorioz, euskarazko komunikabideen eskaintza hezkuntzaren esparruko topaguneetan ere egotea, euskaraz bizitzeko ekosistema elikatuz».
BERRIAk EHIGEri egingo dion eskaintzari dagokionez, euskarazko egunkari nazionalak Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren publizitatea egingo du. Gainera, jairako nahiz aurreko egunetarako edukiak ere emango dizkio: «Ez da irudi truke soila izango: eskola publikoaren jaia edukiz beteko du BERRIAk». Adibidez, maiatzaren 4an, Ordiziako Urdaneta eskolaren 50. urteurrenaren jaian Mantangorri eskulan tailerra eskaini zuen, eta, ekainaren 2an, Miren Mujika ipuin kontalariaren saioa izango da, BERRIAk antolatuta. Gainera, photocall bat eta zozketak ere egongo dira, eta BERRIAk antolatzaileen esku utzi ditu jairako behar diren beste hainbat material ere: seinaleztatzeko zintak, arkua...
Elkarlana aldebikoa izango da. EHIGEk Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren laguntzailetzat hartuko du BERRIA, eta, ondorioz, bere logoa ageriko da gainontzeko hedabide laguntzaileekin. Gainera, Ordiziako eskoletako familiei eta langileei BERRIAlagun egiteko eskaintza egingo diete, besteak beste.