BERRIAk babesa eman dio Mendebaldeko Saharari eta haren aldeko elkartasunari

Hitzarmena sinatu du Oporrak Bakean egitasmoarekin, hau da, Mendebaldeko Saharako haurrak Euskal Herrira ekartzen dituen ekinaldiarekin.

Mohammed Fadel eta Amagoia Mujika, hitzarmena sinatu eta gero. JON URBE / FOKU
Mohammed Fadel eta Amagoia Mujika, hitzarmena sinatu eta gero. JON URBE / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko otsailaren 21a
13:45
Entzun

Gogorra da bizimodua Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan, iraunkor bihurtutako behin-behineko bizilekuetan, eta udan are gogorragoa bihurtzen da. Izan ere, tenperatura 50 gradu ingurura iristen da Aljeria mendebaldeko basamortu eremu horretan. «Bizitzeko baldintzak jasanezinak dira», Mohammed Fadelen esanetan. Fronte Polisarioaren EAEko ordezkaria da Fadel. «Saiatu gara ahalik eta baldintza onenak sortzen, elkartasunari esker asko hobetu dira, baina, hala ere, udako lau hilabeteak oso gogorrak dira».

Horregatik, udan, saiatzen dira ahalik eta haur gehien handik ateratzen eta aste batzuetarako baldintza samurragoko tokietara eramaten. Hori egiten du Oporrak Bakean egitasmoak duela hamabost bat urtetik. Tindufen bizi diren Mendebaldeko Saharako haurrak Euskal Herrira ekartzen ditu. «Funtsezkoa da guretzat», nabarmendu du Fadelek. Bada Oporrak Bakean egitasmoak eta BERRIAk hitzarmena sinatu dute gaur: Fadelek eta Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariak, hain zuzen. Horrela, euskarazko egunkariak babesa eta oihartzuna emango dio egitasmoari.

«Eskerrik asko, eskerrik asko». Fadelek etengabe eman ditu eskerrak. Eskerrak BERRIAri, Mendebaldeko Sahararen egoeraren berri emateagatik; eskerrik asko Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzen duten familia, elkarte eta udalei, haien laguntzagatik; eta eskerrik asko Euskal Herriari, urteotan guztiotan erakutsitako elkartasunagatik, «zentzu guztietan».

«Mendebaldeko Saharako familiek eskertzen dute harrera hori, eta konfiantza osoa dute Euskal Herriko familietan»

MOHAMMED FADEL Fronte Polisarioaren EAEko ordezkaria

Iaz berrehun bat ume iritsi ziren guztira Araba, Bizkai eta Gipuzkoara. Helburua da hirurehun edo gehiago izatea. Badira Euskal Herrira etorri ezinik geratzen diren umeak, harrera familiak falta direlako. «Gainera», zehaztu du Maria Rodriguezek, «pandemia garaian umeak bidaiatu ezinda geratu ziren, eta oraindik atzeratuta goaz». Oporrak Bakean egitasmoaren ordezkaria da Rodriguez.

Normalean 8 urterekin hasten dira Euskal Herrira etortzen, eta bi hilabete pasatzen dituzte hemen. Kanpalekuetatik ateratzen diren lehen aldia izaten da haur askorentzat. Familiek hartzen dituzte haur gehienak, baina badira aterpetxeetan egoten direnak ere. Aurten aterpetxe bat antolatu nahi dute Zerainen (Gipuzkoa), hamabi haurrentzat. Bertako herritarren, udalen eta enpresen laguntza jaso nahi dute aterpetxeak behar bezala funtziona dezan.

Martxoaren 15era arteko epea dago izena eman eta etxean Mendebaldeko sahararrak hartzeko. Horretarako, Oporrak Bakean-en webgunera jo behar da. Han agertzen dira herrialde eta eskualde bakoitzeko kideekin harremanetan jartzeko telefonoak eta posta elektronikoak.

Konfiantzaren garrantzia

Konfiantza hitza aipatu dute bai Fadelek, bai Rodriguezek. Mendebaldeko Saharako familien konfiantza, ume koskor batzuei joaten utzi eta ezezagun batzuen eskuetan uzteko. «Mendebaldeko Saharako familiek eskertzen dute harrera hori, eta konfiantza osoa dute Euskal Herriko familietan», Fadelen arabera. Familietako batzuk errefuxiatuen kanpalekuetara ere joaten dira, haurren familiak eta kanpalekuetako bizimodua ezagutzera.

Hala ere, errefuxiatuen kanpalekuetatik iristen diren haurrak ez dira ume soilak, hasieran herabe direnak eta gero etxeko bihurtzen direnak. Mendebaldeko Sahararen zapalkuntzaren ordezkari ere badira. Errefuxiatuak eta errefuxiatuen bizimodu gordinaren «mezulariak» dira, Fadelen esanetan.

Rodriguezek uste du Mendebaldeko Saharako haurrak hartu nahi dituzten familiek haien testuingurua ulertu behar dutela: «Eusten ari den herri bat da, eta haurrek erresistentziaren mezua ekartzen dute. Haiek badakite errefuxiatuak direla, ondo baino hobeto dakite hango egoera zein den, eta helarazi egiten digute».

«Eusten ari den herri bat da, eta haurrek erresistentziaren mezua ekartzen dute»

MARIA RODRIGUEZOporrak Bakean egitasmoko ordezkaria

Kontrastea izugarria da: hegazkin bat hartu, eta harea artetik eremu urbanizatuetara etortzen dira; gabezia eta murrizketak atzean utzi, eta Mendebaldeko oparotasuna aurkitzen dute. Alde horretatik, udan basamortuan izaten diren muturreko baldintzetatik babesteaz gain, «kulturen arteko trukea» sustatzen da, Fadelek nabarmendu duenez.

Mendebaldeko Sahararen eta Euskal Herriaren arteko antzekotasunak gogoratu ditu Fronte Polisarioko ordezkariak: «Nortasun bera dugu, borroka bera. Gure nortasunaren alde ari gara borrokan. Mendebaldeko Saharan erakutsi dugu makurtu ezinezko borondatea dugula, 50 urtez bizi izanda baldintza horietan. Jada erakutsi dugu, eta horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere». 

BERRIAren babesa izango du Oporrak Bakean egitasmoak. Fadelek eskerrak eman ditu, euskarazko egunkariak ahotsa ematen dielako eta haien benetako egoera erakusten duelako: «Marokok eta haren aliatuek ahaleginak egiten dituzte informazioa blokeatu eta hala errealitatearen berri ez zabaltzeko, baina errealitatea ezin da ezkutatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.