KOMUNIKABIDEAK

BERRIAk 65.000 irakurle ditu Hegoaldean, Ciesen arabera

29.000 dira Gipuzkoan, 24.000 Bizkaian, 9.000 Nafarroan eta 3.000 Araban, enpresak aurten egindako lehen neurketak erakusten duenez

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Komunikabideen audientziak neurtzen dituen Espainiako Cies enpresak kaleratu berri ditu aurtengo urtearen lehen zatiari dagozkion datuak Ciesek urtean bi neurketa egiten ditu. Datu horien arabera, Berriak 65.000 irakurle ditu guztira Hego Euskal Herrian. Ciesen esanetan, honela banatzen dira Berriaren irakurleak probintziaka: Gipuzkoan, 29.000 irakurle; Bizkaian, 24.000; Nafarroan, 9.000; eta Araban, 3.000.

Gainerako egunkariekin alderatuz gero, Berria zortzigarrena da Hegoaldean gehien irakurtzen diren egunkarien zerrendan. Herrialdeka aztertuz gero, eta kirol egunkariak aintzat hartu gabe, irakurle aldetik Berria hirugarren egunkaria da Gipuzkoan, bosgarrena Bizkaian eta seigarrena Nafarroan eta Araban.Cies enpresak aurten egindako neurketak iazko urtearen bigarren zatikoekin alderatuta, %10 handitu da Berriaren Hego Euskal Herriko irakurleen kopurua. Berriari irakurleak gehitu zaizkio probintzia guztietan, Gipuzkoan izan ezik: Berriak 9.000 irakurle gehiago ditu orain Bizkaian, eta iazko bigarren zatian baino %60 gehiago dira dagoeneko; Nafarroan iaz zituen 9.000 irakurleak eta Arabako 3.000 irakurleak mantentzea lortu du; Gipuzkoan, aldiz, 2.000 irakurle galdu ditu Berriak iazko datuekin konparatuta (-%6ko jaitsiera izan du).

Ciesek egindako neurketaren zehaztasunek berretsi egin dute Aztiker Soziologia Ikerguneak Berriaren erosle eta harpidedunen artean egindako azterketako zenbait datu. Hala ere, aintzat hartu behar da Aztikerrek egindako neurketa askoz ere zehatzagoa zela Ciesek egindakoa baino.Cies enpresaren neurketako datuen arabera, 25 eta 45 urte artekoak dira Berriaren irakurle gehienak. Horrez gain, agerian geratu da gehienek unibertsitate ikasketak dituztela. Euskarari dagokionez, irakurleek ez dute aparteko arazorik euskara ulertzeko edo euskaraz hitz egin eta idazteko.

Berria egunkariko sailei buruz ere galdetu die Ciesek irakurleei. Aztikerren azterketan ageri zen moduan, Euskal Herria saila da irakurle gehienek aipatu dutena. Berria irakurtzen pasatzen duten denborari dagokionez, irakurle gehienek ordu erdi inguru ematen dutela adierazi dute. Logikoa denez, gehienek etxean irakurtzen dute berripapera.

Webguneak 46.000 bisitari izan ditu

Egunkarien, irratien eta telebisten irakurle, ikusle eta entzule kopurua neurtzeaz gain, komunikabideen webguneen bisitari kopurua ere neurtzen du Ciesek. Haren neurketaren arabera, Berria egunkariaren webgunea (www.berria.info) inoiz bisitatu dute 46.000 lagunek: 38.000 lagunek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta 8.000k Nafarroan. Gainerako egunkarien webguneekin alderatuz gero (kirol egunkarienak barne), bisitarien kopuruan bederatzigarrena da Berriarena.

Lau mila elkarrizketa Hego Euskal Herrian

Inkesta osatzeko, Cies enpresak lau mila elkarrizketa egin zituen Hego Euskal Herrian aurtengo martxoaren 17tik apirilaren 6ra: hiru mila Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta mila Nafarroan. Inkestaren egileak etxez etxe ibili ziren irakurleen erantzunak jasotzen. Cieseko langileek Hego Euskal Herriko 104 herri eta hiri bisitatu dituzte: 30 Nafarroan, 29 Gipuzkoan, 19 Bizkaian eta 16 Araban.

Ciesen esanetan, bere datuen errakuntza tartea %1,8koa da datu orokorretarako eta %3,2 ingurukoa probintzietakoetarako. Ciesek egindako neurketaren arabera, egunkariak irakurtzen dituzten ia 1,2 milioi lagun daude Hegoaldean. Irrati entzuleak, berriz, 1,3 milioi baino gehiago dira. Gehienak, ordea, telebista ikus-entzuleak dira: ia bi milioi lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.